AUG. 16 2025 - 00:00h Duela urtebete jaurti zuten Lur-1, Euskal Herrian egindako lehen satelitea Gaur urtebete, 20.56 zirenean, Kaliforniatik espazioratu zuten osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea. Elon Musken SpaceX enpresaren Falcon 9 suziri batean bota zuten eta hamasei ordu geroago konexioa egitea lortu zuten. Bost urtez Lur planetako kalitate handiko irudiak ateratzen ari da. Lur-1 satelitea, espazioratu baino lehenago. (Irekia) Amaia Ereñaga Elgoibarren sortu eta Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, egoitza duen AVS (Added Value Solutions) euskal konpainiak sortutako lehenengo satelitearen espazioratzea albiste bihurtu zen orain urtebete. Orduko lehendakari Iñigo Urkulluren esanean, satelite honekin Euskal Herria «munduko eta espazioko mapan» kokatu zen. Are gehiago, Urkulluk gaineratu zuenez, espazio industria izango omen da hurrengo urteetan gurean gehien haziko den sektorea. Halere, Donald Trumpen aduana-zergen politika berriaren berri ez genuen orain urtebete... beraz, auskalo. Lakuako Gobernuaren datuen arabera, sektoreak 800 milioi euro inguru sortzen ditu urtero Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, 5.000 profesional ingururi ematen die lana, eta EAEko BPGren % 5,7 da.Lur-1 satelitea 57 kiloko mikrosatelitea da, eta hainbat bandatako antenak (UHF, S eta X), beso zabalgarri bat eta eguzki-panelak ditu. Mila lanegun baino gehiago eta 8 milioi euro inbertitu dira hori diseinatu eta fabrikatzeko prozesuan, horien %40 funts publikoen bidez bildutakoak.Sateliteak segundoko 7 kilometroko abiaduran orbitatuko du Lurra, eta bost urtez funtzionatuko omen du. Ondoren, bere orbita espazialetik aterako da, atmosferan berriz sartzeko, eta bertan desegingo da. Teknologia hori guztia Lurraren bereizmen handiko irudiak hartzeko erabiliko dute, nahiz eta hasiera batean misioaren arreta Euskal Herriko geografian jarri, itsasertzaren bilakaera aztertzeko, izurriteen eta ibaien kontrolak aztertzeko eta laboreen banaketa kudeatzeko, besteak beste.LUR-1 sateliteak MICE gailua darama, Arabako konpainiak ESArentzat (Europako Espazio Agentzia) garatutakoa.Copernicus programaren satelite guztietan instalatu dute, desorbitazioa prestatzeko, funtzionatzeari uzten badiote edo balio-bizitzaren amaieran erabiltzeko. Teknologia horrek espazioko zaborra kentzeko aukera erakustea du helburu, espazio jasangarriagoa lortze aldera.