GAUR8

Artisau lantegien modernizaziorako eta hobekuntzarako laguntzak emango ditu Arabako Diputazioak

Artisau lantegien modernizazioa eta hobekuntza bultzatzeko laguntzak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak. Makinak, tresnak, eraberritze lanak eta prestakuntza edota merkataritza sustatzeko ekimenak finantzatuko dira.

Artisau lanen azoka, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ | FOKU)

Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 18.000 euro bideratuko ditu aurten artisauentzako zuzeneko laguntzetara.

Makinak eta ekipoak berritzeko,  lantegiak eraberritzeko eta azoketan parte hartzeko erakustokiak eta bestelako ekipamendua eskuratzeko izango dira laguntzak. 

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek azaldu duenez, lehiakortasuna areagotzea da helburua eta bi programaren bidez gauzatuko dira laguntza ekonomikoak. 

Lehenengo programak 18.000 euroko aurrekontua du, eta honako xede hauetara bideratuta dago: «artisau sektorea modernizatzen lagunduko duten inbertsio proiektuak finantzatzea; hau da, artisau jarduera garatzeko beharrezkoak diren makina eta tresna berriak eskuratuz, muntatuz eta instalatuz, eta karpak eta antzekoak erosiz, eta lantegietan eraberritze lan txikiak eginez artisau sektorea modernizatzen lagunduko duten inbertsio proiektuak finantzatzea».

Diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren %80 da laguntzaren zenbatekoa, eta, gehienez ere, 3.500 euro jaso ahal izango dira, ekipamenduetan, tresnetan eta azoketarako tresnetan egindako inbertsioen kasuan. Eraberritze lan txikien kasuan, aldiz, zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren %40 da, eta 5.000 euro jaso daitezke gehienez. 

Arabako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, herrialdeko 13 artisau finantzatuko ditu laguntza lerro honek. Artisau lantegi bihurtzeko lanak finantzatuko ditu eta lokaletan bestelako eraberritze lanak egiteko, bai eta ehungailuak, irazkigailuak eta ehungintzarako beste tresna batzuk, zeramika labeak eta azoketan artisau produktuak saltzeko erakustokiak eta karpak eskuratzeko, besteak beste. Tresneria informatikoa erostea ere finantzatzen du. 

Prestakuntzarako laguntzak

Foru Aldundiko iturriek aurreratu dute bigarren laguntza programa datozen asteetan ebatziko dela. 31.000 euro baino gehiagoko aurrekontua du, «eta haren helburua da arabar artisauei laguntza ematea prestakuntza jaso dezaten, merkataritza eta sustapen ekintzak gauza ditzaten eta kudeaketarako, marketinerako eta salmentetarako teknologia berriak erabiltzen has daitezen beren negozioetan».

Deialdi honetan lehentasuna dute enpresaren lehiakortasuna hobetzen duten hurrengo ekintzek: «produktua bereiztea, teknologia berriak kudeatu eta haien erabilera hobetzea, artisau jarduerari eusteko konpromisoa eta eragin maila. 

Zehaztu dutenez, laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitekeen inbertsioaren %70 da, eta onuradun bakoitzak 4.500 euro jaso ditzake gehienez ere.