AUG. 23 2025 - 00:00h Lehenengo biktima, egia Koldo Sagasti Giza eskubideen aldeko ekintzailea Gazako genozidioa mugarri izango da gizateriaren historia hurbilean; izan ere, Israelgo erregimenaren azken oldarraldi odoltsua amaitutakoan, mundua ez da lehengoa izango. Azken ia bi urte hauek hankaz gora utzi dituzte mundu-ordenako oinarri hauskorrak. Behinola Bigarren Mundu Gerrako basakeriak errepika ez zitezen nazioarteko harremanetarako ezarri ziren joko-arauak ezerezean geratu dira. Eta bada gizarte ustez garatuetako zutabeetako bat bereziki kaltetuta aterako dena momentu historiko honetatik, prentsa askatasuna. Persiarren aurkako bataila baten zurrunbiloan esan omen zuen Esquilo idazle greziarrak gerra orotan lehenengo biktima egia dela. Eta halaxe izan da geroztik gatazka guztietan, gauza jakina baita kontakizuna kontrolatzen duenak aukera gehiago daukala gerran garaile ateratzeko. Palestinako genozidioa paradigmatikoa izan da errelatoaren kontrolari dagokionean. Israelen lehenengo neurrietako bat izan da komunikazioak etetea eta kazetarien jarduna debekatzea. Nolanahi ere, bertako informatzaileek bilatu dituzte hango berriak zabaltzeko kanal alternatiboak, eta horrela helarazi digute barrabaskeriaren tamaina. Horrexegatik da fronte mediatikoa, hain zuzen, Israelgo genozidioaren zutabeetako bat. Dagoeneko 238 kazetaritik gora erail dituzte Gazako zerrenda ñimiñoan 2023ko urritik hona; Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerretan, eta Vietnam, Irak eta Afganistangoetan hildako guztiak batuta baino gehiago; azkenak Anas al-Sharif Al Jazzerako kazetaria eta haren bost lankide, abuztuaren 10ean. Baina badago kazetariak garbitzea baino modu bihurriagorik kontakizuna kontrolatzeko. Batzuek, Alemaniako “Bild” egunkari kontserbadoreak kasu, hiltzaileen bertsioari sinesgarritasuna eman eta kazetaria «terrorista mozorrotua» zela ekarri zuten beren azaletara. Baina badira isiltzen dutenagatik genozidioa normalizatzen dutenak ere. Edo ikusi al duzue, akaso, EITBko albistegietan azken hilabetean Euskal Herri osoan izan diren Palestinarekiko elkartasun adierazpenen inguruko aipamenik? Erabaki politiko bat dago horren atzean. Salbuespenak salbuespen, Europako prentsak paper garrantzitsua izan du Israelen mesederako kontakizun bat eraikitzen; areago, Francesca Albanese NBEko kontalariak berak esan zuen bezala, ezinezkoa zatekeen genozidioa prentsako esku hartzerik gabe, eta hori ere noizbait ikertu beharko da. •