GAUR8

Ürrats kolektiboak


Pasa den abuztuaren 10ean Ürrats Kolektikoak pastorala ikusteko plazera izan nuen. Pastorala herri antzerkia da, bertsoz kantatua eta Zuberoako euskaraz. Herriz herri pasatzen dute antolatzeko testigua. Guztietan antzeztu, eta batzuetan herritarren artean banatzen dituzte idazteko lanak ere. Tramari dagokionean, dualista da. Alde batean onak, kiristiak, bestean gaiztoak, türkak. Eta haien arteko gatazkaren bidez, pertsonaia historiko baten bizitzaren kontakizuna egiten du, ohikoan, pastoralak. Aurtengoa, Barkoxen pasa da; aldiz, izan ditu hainbat elementu berritzaile.

Lehena da süjetua, aurtengoan pastoralak ez baitu pertsonaia bat izan oinarri, komunitate bat baizik. Jelkaldien zerrendari erreparatuz gero, Enbata mugimendua, Seaska, Euskal kanta berria, 1975eko emazteen ibilaldia, AEK, Monbar, IK… eta garaikideagoak ere bai, Euskal Moneta, EHZ edo Bake Bidea izan dira pastoralaren protagonistak. Pertsonak beharrean, ürrats kolektiboak. Bigarrena, hurbiltasuna. Ez da lehen aldia, noski, bertako pertsonaiak lantzen direna pastoralean. René Cassin (Sohüta, 2013), Telesforo Monzon (Larraine, 2011), Etxahun-Iruri (Iruri, 2001)… Aldiz, aurtengo edizioan hurbiltasun hori nabarmendu dute egileek bilduman: «Badira pastoralak denboran edo geografian süjet hürrunak aipatzen dütüenak, aurtengoak herria aipatzen dü, herriak kontatürik».

Biak batera, noski, eztabaidarako parada. Bistan da Euskal Herriko historia hurbileko gaiak pastoralaren formatu dualistan lantzeak (alde batean onak, bestean txarrak) badituela bere arriskuak.

Izan zitekeen konplexuagoa hurbilpena. Beñat Axiari eta Itxaro Borda saiatu ziren, “Gerezien denborak” pastoralean, onak/gaiztoak dikotomia lausotzen, nahiz eta pastoral tradizionala (“purua” Axiariren hitzetan) izan aurkeztutako proposamena. Agian, Unai Break “Argia”-n zioen moduan, baliteke pastoralarentzat nahikoa izatea aldian berrikuntza bat.

Izan zitekeen ere ez hain politikoa. 4. Jelkaldian azkar askatzen dute dilema, 1967ko Baionako Apez eskolako pasarte baten eskutik. Vincent Apezküpüa: «Eskolan zidee/ teologia ikasteko/ ez lagün terroristekin/ politika egiteko». Pagola apeza: «Üztaila hamalauan/ frantses bandera altxatzen/ delarik katedralean /nork dü politika egiten?».

9. Jelkaldian oroitzen da 50 urte egiten direla aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela. Zarautzen oihal erraldoia zabaldu zuten haien omenez. Aldiz, Urkullu lehendakariak ekarri behar izan zuen gogora biak direla ofizialki errekonozituriko frankismoaren biktimak, oihalaren harira sorturiko eztabaidari erantzunez. Bakoitzak izango du bere kontakizuna herri honetan gertatu denaz, azken hamarkadetan. Pertsonalki, Beñat Axiarik Joseba Irazokirekin ateratako diskoa entzuten egin nuen Barkoxetik buelta etxera, eta Itxaro Bordaren “Susmaezinak” izan da erosi dudan azken liburua. Baina Jon O. Urainek berriki “Berria”-n zioen moduan: «Memoriaren eraikuntzak beharrezko ditu enpatia eta ikuspegi humanoa, baina nekez eraikiko da tabuen gainean». •