GAUR8

Mendi ibilaldi bat Aralarko Damaren eta Done Mikelen gerizpean

Done Mikel Aralarkoaren santutegia. (Andrea IBARRA)

Teodosio Goñikoaren pausuei jarraiki, baina gorputzean katerik gabe, plazera hartzeko igo daitezke Done Mikel Aralarkoaren santutegira daramatzaten patarrak. 1.237 metrotan dago, hain zuzen, nafarren zaindariaren gotorlekua, ondoan Aralarko damarena duela.

Hona Aralarren gaindiko ibilbide proposamen bat.

«Aralarko dama eroriko bada/ Nafar lurretan izango da», «Arakiletik dator herio/ behar baino lehenago»... Azkenaldian, euskal nortasunari estuki lotuak diren lur hauei sona handia eman diote Zetak taldearen kantek. Sakanaren bihotzean, Uharte Arakil abiapuntu ezagunena da Nafarroako mendi ibilbide esanguratsuenetako baterako: Done Mikel Aralarkoaren santutegirako igoera, Artxuetako gailurrean borobildu daitekeena.

Orotara, 12,76 kilometroko luzerarekin eta 886 metroko desnibel positiboarekin, zailtasun ertainekotzat har daitekeen ibilaldi hau bost oren baino gutiagoan burutu daiteke. Baina zenbakiez harago, ibilaldiak murgiltze sakona eskaintzen du Nafarroako historian, sinesmenetan eta nortasunean.

Ibilbidea Uharte Arakil herriaren sarreran, ibaiertzeko aparkalekuan abiatzen da. Handik, 0,6 kilometroko distantzian eta 472 metroko garaieran den Zamartzeko monasteriora daraman errepidea hartu behar da. Ondoren, langa bat gurutzatuta, goranzko joera mantenduz igotzen hasten den mendi-bidezidor bat. Berehala, “Harriko zuhaitza” delakorako sarbidea adierazten duen afixa ageri da: izenak berak iragartzen duen irudia ikus daiteke bertan. Gora egin heinean, paisaia aldatzen doa: hariztiak eta pagadiak, lehenik, ikuspegi zabalak eta kareharrizko gailurrak, ondotik. Bidea goiti doa, tarteka patar handietan barna. Inguruetan trikuharri anitz badira, eta ibilbide honen hirugarren kilometroan, Artzabaleko dolmenera arribatzen da ibiltaria, 837 metroko garaieran: eskualdeko dolmenik ederrenetakoa da. Igoerak jarraitzen du, Madelenaitzeraino, 1.079 metrora; han basoa irekitzen da eta Sakana ikusteko aukera paregabea eskaintzen du horrek. Zuhaitz batean iltzatutako seinale baten alboan, santutegia 200 metrora dagoela antzematen da.

DONE MIKEL ARALARKOAREN SANTUTEGIA

1.237 metroko garaieran dago Nafarroako gune espiritual zaharrenetako bat, Done Mikel Aralarkoaren santutegia. IX. mendeko tenplu karolingio baten gainean eraikitako eliza erromanikoak altxor baten gisara gordetzen du Aralarko Erretaula ospetsua: XII. mendeko Europako urregintzaren maisulanetako bat da, esmaltez eta arroka kristalez eginikoa. Pieza hori Eric “Belgikarra”-k lapurtu zuen 1979. urtean, baina nazioarteko erreskate-operazio baten bidez, 1991. urtean itzuli zen jatorrizko tokira, erabat zaharberriturik.

Santutegiko ate eraberrituak bertara eramateko erromesaldia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Balio artistikoaz harago, santutegiak bertako erlijio tradizioaren oihartzunak ditu. Done Mikel edo Mikel Goiangerua Nafarroako zaindari eta babesle bezala gurtua da hemen. Erdi Aroaz geroztik, bere irudia herriz herri eraman ohi da prozesioan, “goiangeruaren ibilbidea” egiteko. Tradizio hau bizirik da oraindik, bereziki Iruñean, non, gaur egun ere, Pazko garaian, “Aralarko Aingeruari” harrera egiten dioten hainbat herritarrek, aingeru hau nafarren batasun ikurtzat hartzen dutenek.

ARALARREN BIZI DIREN KONTAKIZUNAK

Done Mikel Aralarkoaren santutegirako igoera Teodosio Goñikoaren elezaharrari estuki lotua da. Deabruaren engainuak bultzaturik krimen tragiko bat egin ondotik, VIII. mendeko zaldun hura kateak soinean eramatera kondenatua izan zen, penitentzia gisa. Tradizioaren arabera, Aralarko mendilerroan agertu zitzaion goiangerua, eta dragoi bat garaitzen lagundu zion, baita askatasuna eman ere. Horren eskertzeko eraiki zuen Teodosiok, Aralarko gainetan, santutegia. Kate horiek barnean atxiki dituzte, eta bisitarien artean erritu anitz badira. Besteak beste, kateak biratzeak gorputzeko eta arimako gaitzak arintzen dituela uste da.

Santua baino lehenagoko beste kontakizun bat bizi da Aralarko lurretan. Hor inguruetan, mendiaren barrunbeetan bizi da Aralarko Dama, naturaz gaindiko izakia. Uste da Mari euskal mitologiako jainkosa nagusiaren agerpena dela. Mari, kristautasunaren aitzineko sinesmenetako naturako erregina, emankortasunaren eta justiziaren sinboloa da, bizileku nagusia Bizkaiko Anbotoko leizean duena, baina hainbat euskal menditan bizi dena. Dama gazte bat da, amak madarikatu zuena «deabruak eraman zaitzala!» erranez. Ordutik, su eta ekaitzen artean ibiltzen omen da, eta gau ekaiztsuetan haren mugimenduak entzun daitezke mendietan barna.

AZKEN TXANPA

Ibilbide proposamen hau Artxuetako tontorrean bururatzen da (1.340 m), mendilerroko gailur ezagunenetako batean: Iruñetik ikus daiteke, bertan dauden telekomunikazio-dorreak direla eta. Nahiz eta egitura horiek paisaia naturalarekin talka egin, bertatik ikuspegia ikusgarria da: Pirinioetatik hasi eta Andimendi, Errioxako Ezkaraiko mendiak eta Euskal Herriko lur zabalak ikusteko aukera ematen du. Behatoki pribilegiatua da, Nafarroako geografiari so.

Hala, ibilaldi hau mendi irteera bat baino anitzez gehiago da. Horren erakusle da, hain zuzen, ekainean Pasaiatik Aralarrera eginiko azken erromesaldia. Haren bidez, idi-gurdi batean, santutegirako ate berriak garraiatu zituzten. Izan ere, santutegiaren ateak 2024ko urriko ekintza bandaliko batean margotu eta erre zituzten, eta berriki, Pasai San Pedron, artisautza-lanaz berreraiki eta haien tokian berrezarri dituzte.

Aralar inguruko seinalea. (Andrea IBARRA)

Done Mikel Aralarkoa gurtzen duten tradizioek mendeetan iraun dute, garaien aldaketetara moldatuz. Euskal Herrian gaindi dabilen edonork ikus dezake baserrietan eskegiriko koadroetan, Agur Mikel Aingerua bezalako kanta herrikoietan, eta abesti ere badiren “Mikel gurea, zaindu Euskal Herria” bezalako inskripzioetan (anitzetan nafar etxeen atarian ezarriak).

Gaur egun ere gazte anitzek Aralarrera igotzen jarraitzen dute, gehiagotan nortasunari loturik fedeari baino, hau da, topaketa politikoen edota besta giroko ekimenen karietara. Santutegiari, hotz ala bero egin, bisitariak ez zaizkio falta; inguruetako parajeei ere ez. Hala Done Mikel nola Anbotoko dama bere ondarea zaintzen jakin duen herri baten memoria kolektiboan bizirik dira.