SEP. 12 2025 - 06:00h Anje Duhaldek 75 urte bete ditu gaur 75 urte bete ditu gaur Anje Duhalde musikari lapurtarrak. Arrangoitzen jaio zen 1950eko irailaren 12an eta taldean zein bakarka jo du, 1970eko hamarkadatik. Gainera, musikari izateaz gain, irratiko esatari bezala ere lan egin du, Baionako Gure Irratian eta Bilbo Hiria Irratian. Anje Duhalde, artxiboko irudi batean. (Monika DEL VALLE | FOKU) GAUR8 Anje Duhalde musikariak 75 urte bete ditu gaur, 1950eko irailaren 12an jaio zen eta. Arrangoitzekoa da, Lapurdikoa, eta 1970eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea musikan. Ordutik, taldean -Errobi izenekoan batik bat- zein bakarka jo du Duhaldek. El Fuego deituriko musika-talde batekin hasi zen musikaren munduan, bateria jotzen. Hala ere, jendaurrean abestu zuen lehenengo aldia Maite Idirinekin batera izan zen, Baionako antzokian 1973an. Horrela, bere lehendabiziko bi abestiak hurrengo urtean grabatu zituen, ‘Beste batekilan’ eta ‘Goizero’. Biak Daniel Landart idazlearen hitzekin sortutakoak ziren. Geroago, rock progresibora eta beste genero batzuetara hurbilduz, Errobi taldea sortu zuen Mixel Ducau lagunarekin batera, kasu honetan abeslari eta gitarra-jotzaile lanetan aritzeko. Taldea desegin zutenean bakarka jarraitu zuen musikan. 1980. urtean ‘Errobiaren hegitik’ lana kaleratu zuen, aurretik eginda zituen kantu batzuen bilduma. Akelarre taldearekin ere ibili zen, lau urtez, eta taldearen bi diskotan parte hartu zuen, ‘Gau pasa’ eta ‘Ari gara’ izenekoetan, hain zuzen. Geroago, Xabier Amurizarekin elkarlanean disko bat kaleratu zuen Duhaldek, Amurizaren bertsoekin egindakoa.