GAUR8

Boluntarioak behar dituzte, lo egiteak hitz berriak eskuratzen errazten duen aztertzeko

18 eta 40 urte bitarteko lagunak behar ditu BCBL zentroak, lo egitea eta hiztegi berria eskuratzearen arteko lotura aztertzeko. Proba errazak eta ordainduak izango direla zehaztu dute, eta BCBL-k EHUko Campuseko Joxe Mari Korta Zentroan duen laborategian egingo dituzte.

Lo egiteak hitz berriak eskuratzeko prozesuan duen eragina aztertzen ari da BCBL zentroa. (BCBL)

Donostiako Basque Centre on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak 18 eta 40 urte bitarteko lagunak bilatzen ditu, euskara edo gaztelania ama hizkuntza dutenak, lo egiteak hiztegi berria eskuratzen laguntzen duen aztertzeko.

Probetan parte hartzen duten pertsona batzuek eskumuturreko elektroniko bat eramango dute lehen saioaren ondoren, loaren kalitatea, iraupena eta etapak neurtzeko.

Efthymia Kapnoula BCBLko linguaia mintzatuaren taldeko Ikerbasque ikertzaileak ohar batean adierazi duenez, parte-hartzaileek ordaindukotako proba errazak egingo dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Campuseko Joxe Mari Korta Zentroan dagoen zentro horretako laborategian. Bertan aztertuko dute hitz bat entzun edo ikusteaz gain, lo egiteko prozesuak hiztegi berria eskuratzeko paper garrantzitsua izan dezakeen.

Kapnoulak azaldu duenez, «hainbat ikerketek adierazten dute hipokanpoa erreaktibatu egiten dela egunez eskuratu dugun informazio berria –irudiak edo soinuak, adibidez– lo egiten dugun bitartean, eta gure memorian txertatzen laguntzen du».

Esperimentu sortak hitz berriak izango ditu boluntarioentzat. Helburua da informazioa biltzea haien lexiko mentalean zer neurritan integratzen diren jakiteko, bai eta haiek entzuten, ikusten edo haien esanahia jakiten gehiago laguntzen duten jakiteko ere.

Kasu batzuetan, BCBLko taldeak pultsera elektroniko batekin kontrolatuko ditu pertsonen loaren iraupena, kalitatea eta etapak hainbat jardunalditan, hizkuntza-ikaskuntza erraztuko duten iragarleak aurkitzeko.

«Balio handiko» emaitzak hezkuntzarako

Emaitzak, adituaren arabera, «hezkuntzarako balio handikoak izango dira eta irakaskuntza-estrategia eraginkorragoetarako oinarriak ezarriko dituzte». Izan ere, «hitz berriak ikasteko baldintza onuragarrienak zein diren zehazten lagunduko dute».

Gainera, «ikerketaren datuek loaren papera beste adin-tarte batzuetan edo afasia bezalako gabezia eta nahasmendu neurologikoak dituzten pertsonengan aztertzeko ikerketa berriak garatzen lagunduko dute», gaineratu du.

Lan esperimental hau gogameneko irudikapen lexikoen plastikotasunari buruzko proiektu zabalago baten parte da. Gobernu zentraleko Zientzia eta Unibertsitate Ministerioak finantzatzen du eta Estatu Batuetako Purdue Unibertsitatearen eta Alemaniako Saarland Unibertsitatearen laguntza du.