SEP. 19 2025 - 11:08h Arabako kontzejuen historia eta bilakaerari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen Arabako kontzejuen historia, berezitasunak eta azken urteetan izan duten bilakaera hizpide izango dituzte Gasteizen, herri kudeaketa duten erakunde horien funtzionamendura gerturatzeko. Hilaren 23an abiatuko dira, Erdi Aroan kontzejuak nola gobernatzen ziren aztertzeko. Arabako kontzejuen iragana eta orianari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen. (Iñigo URIZ | FOKU) GAUR8 Arabako Foru Aldundiak eta Urrezko Zeledonen Erakundeak herrialdeko kontzejuei eta mendeetan izan duten bilakaerari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Arabako Kontzejuen Elkartearekin eta Gasteizko Kontzejuen Elkartearekin lankidetzan.Aurkezpenean azaldu dutenez, jardunaldien helburua da Gasteizko eta lurralde osoko herritarrei kontzejuen iragana eta oraina hurbiltzea. Arabako kontzejuak nortasun juridiko propioa eta beren interesak kudeatzeko erabateko autonomia duten toki erakundeak dira. Mendeetan zehar bizirik mantendu dituzte beren usadioak eta ohiturak, eta garai bakoitzera egokitu dira, esentzia galdu gabe. Gaur egun, Arabako kontzejuak partaidetzaren, elkarrizketaren eta auzo akordioaren eragile izaten jarraitzen dutela azaldu dute.Laura Perez Borinaga Arabako Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak esan duenez, «kontzejuak autogobernu hurbilaren eta parte hartzailearen adibiderik onena dira. Eredu bakarra da Estatuan, eta Arabako nortasunaren parte da».Era berean, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: «Urrezko Zeledonen Erakundearekin batera lan egiteak aukera ematen digu ondare historiko, politiko eta kultural horri ikusgarritasun handiagoa emateko eta herritarrei zuzenean helarazteko».Jardunaldiak irailaren 23an hasiko dira, Jose Ramon Diaz de Durana historialariak eta Elena Martinez de Madina filologoak eskainiko duten ‘Nola gobernatzen ziren Arabako herriak Erdi Aroan?’ hitzaldiarekin, Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxean.Irailaren 30ean, ‘Arabako kontzejuen bilakaera Aro Garaikidean’ gaiaz ariko dira Jose Maria Ortiz de Orruño historialaria eta Elena Martinez de Madina toki berean, eta egitaraua urriaren 11n bukatuko da, Elorriagan egingo den bisita gidatuarekin eta tailerrarekin.Perez Borinaga jarduerotan parte hartzeko deia egin die herritarrei: «Aukera paregabea da kontzejuen historia eta indarraldia gertutik ezagutzeko, Arabako tokiko demokraziaren iragana, oraina eta etorkizuna baitira».