SEP. 20 2025 - 00:00h Biztanleriaren erdia aritzen da antzerkian, eta horrek herria batzen du Gauza xume bat, intentziorik gabekoa, suertatzen denean eta jendeak bere bihotza jarriz parte hartzen duenean, ikusten ez den zerbait gertatzen da. Ihabarko herri txikian, zentzua eman diote antzerkiari. Phileas Fogg jaun ingelesaren abenturak kontatzen dituen «Munduari bira 80 egunetan» eleberria antzerkira eraman dute Ihabarren. (Garbiñe ELIZALDE) Maider Iantzi Biztanleriaren erdiak hartzen du parte Ihabarko herri antzerkian, 120 lagunetik ia 60k. Besten aitzineko asteburuan egin ohi dute, urtez urte herritar gehiago batzen da, eta aurtengoa ere zeharo arrakastatsua izan da. Ion Barbarin eta Izaskun Mujika tailerreko zuzendariekin mintzatu da GAUR8, ekimen honen istorioa ezagutzeko asmoz. Hasiera bitxia du, hanka-sartze baten ondorioz sortu baitzen. 16 urte daramatzate Sakanako herri txiki honetan antzerkia egiten. 2020an eta 2021ean pandemia zela-eta ez zuten egin, baina gainontzeko urteetan bai. Lizarrakoa da Barbarin, Urnietakoa Mujika. Bikotea dira. 2003an etxea berritu, eta 2004an jarri ziren Ihabarren bizitzen. 2007 inguruan, jendea eta herriaren martxa ezagutzeko kontzejuan sartu zen Barbarin, eta presidente hautatu zuten. Nafarroako Gobernuak bazuen orduan programa bat, “Correpueblos”, 200 biztanle baino gutxiagoko herrientzat, antzerkia, musika eta zinema bultzatzeko. «Eskari bat egin behar zen Gobernuan, eta niri ahaztu. Ondorioz, dirulaguntzarik gabe gelditu ginen. Gaizki sentitu nintzen eta zerbait zuzentzeko eskaini nuen neure burua», oroitu du. Kontzejukoak animatu ziren, eta guztira 22 pertsona bildu ziren lehen urtean. “Lisistrata” komediaren bertsio bat egin zuten, “Maritxu”; jendea hagitz kontent gelditu zen, eta hurrengoan bertze bat egin zuten, hurrengoan bertze bat... gaur arte. Arte Dramatikoa ikasi zuen Barbarinek Nafarroako Antzerki eskolan, eta 1997tik honetaz bizi da. Herriari emandako zerbait izan da. LOTSARIK GABEKO HERRIA «Oso harrera ona izan dugu herrian», nabarmendu du. «Herri txikietan ez da erraza izaten askotan, funtzionamendu bat dagoelako. Baina beso zabalik hartu gaituztela nabaritu dugu. Oso erraza da hemen bizitzea. Gure alabak hemengoak dira. Oso jende irekia da. Haiek esaten dute lotsa banatu zuten egunean ez zirela Ihabarretik pasatu». Lotsarik gabe egiten dute antzerkia ere, Mujikaren eta Barbarinen zuzendaritzapean, eszenografia eta istorioak sortuz. «Guztiona da antzerkia. Horregatik du zentzua». Bada belaunaldi bat euskalduna, baina galdu egin zen, eta helduen artean gehienek ez dakite. Antzerkia espainolez egiten da, beraz. Mujikak gaineratu du hagitz herri dantzaria dela Ihabar. «Antzerkiarekin hori erakutsi digute, badaukatela giro ona, animatzen direnetakoak dira». Ez zaie bakarrik emaitza axola, prozesua da garrantzitsua Ihabarko antzerki tailerrean. Baina emaitza ere sinestezina da. (Garbiñe ELIZALDE) Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuen Mujikak ere, eta aktore eta ipuin kontalari aritzen da. «Ion eta biok lan asko egin dugu elkarrekin. Alabak jaio zirenetik gehiago murgildu naiz ipuinetan, bakar lanean, kontziliazioagatik, eta antzerkira itzuli naizenean bakoitza gure proiektuetan aritu gara. Ihabarko antzerkian aktore izan nintzen hasieran, alabak jaiotzerakoan aldendu egin nintzen apur bat, eta pandemiatik bueltan jende ezberdina aurkitu nuen, taldea asko handitu zitzaigun. Orduan zuzendari laguntzaile hasi nintzen, testuekin laguntzen eta errejidore lanak egiten. Cameo txiki bat ere egiten dut beti», kontatu du. «Saltsa handia» izaten dute oihalen atzean: 3 urtetik 78 urtera arteko aktoreak, nerabe ugari eta familia osoak. «Polita da. Aitona-amona eta bilobek elkarrekin egiten dute antzerkia. Belaunaldiak batzea ez da hain erraza. Herri honetan bai, oso parte dira. Sekulako eginahala egiten dute, beren uda da, eta gazteek lagunekin egoteari uzten diote entseatzeko». IHABAR PRODUCTIONS Ion Barbarinek azaldu du normalean hilabete ematen dutela entseatzen. «Aurretik, ekainean-edo, Izaskun eta biok zer egin pentsatzen hasten gara. Funtzioetan teknikari aritzen naiz, argiak jartzen, eta kanpotik ikustean esaten dut: ‘Ez da posible hau hilabetean egitea!’. Txundituta geratzen naiz, barruan nagoelako eta badakidalako nola sortu den». Uztailaren erdian hasi ziren prestatzen eta abuztuaren 22an estreinatu zuten obra. «Jendea pila bat inplikatzen da. Elefante bat egin dute zoragarria, bi pertsona gainean ibiltzeko, eta globoa, zazpi-zortzi metrotara igotzen dena; trena ere bai. Artista hutsak dira. Ihabar Productions deitzen diegu». Parte-hartzaileak, prestaketa lanetan. (Garbiñe ELIZALDE) Aurtengoa hamaseigarren urtea izan da. Lehenbiziko urtean, “Maritxu” egin zutenean, ez zuten taularik eta eszenografia etxe zahar bat zen. «Testuak nik esaten nizkien atzetik. Eskola bihurtu da konturatu gabe, izugarri ikasi dute. Arropak haien artean prestatzen dituzte; gure laguntza eta ikuspuntuarekin, baina autonomia handia hartu du taldeak. Atrezzoan hasten dira lanean, badira sormen eta gaitasun handiko pertsonak, ez gara gu pentsatzen dugun bakarrak, sorkuntzan gaude denok eta horrela asko aberasten da proiektua», adierazi du Izaskun Mujikak. Aurten lagun batzuek utzi diete haiek egindako obra, eta Barbarinek eta biek moldatu egin dute. Phileas Fogg Ihabarrera heltzen da. Elkarlanean globo bat egiten diote eta hala lortzen du Londresera iritsi eta apustua irabaztea. Iaz, berriz, musikala sortu zuten. Haiek asmatu zituzten istorioa eta koreografia. Zuzendaria, Ion Barbarin, Netflixera joaten zen eta bakarrik uzten zituen ihabartarrak. Haurrek zioten: «Bila dezagun zuzendari berri bat», eta gutun bat bidaltzen zuten, “Mary Poppins”-en bezala. Helduek bertze gutun bat igortzen zuten eta bi Mary Poppins azaltzen ziren, bata Sakanakoa eta bertzea pelikulakoa bezalakoa. KALITATE HANDIKO LANA Shakespeareren “Uda-gau bateko ametsa” eta “Don Quijote” egin izan dituzte. «Opor batzuetan zirku bat ikusi genuen Mediterraneoan, eta ‘zergatik ez dugu zirku istorio bat egiten?’ galdetu genion elkarri. Beti ateratzen da, baina batzuetan kostata. Zure urtea nolakoa izan den hartu behar da kontuan. Ekainean leher egina egon zaitezke, eta sorkuntza berri bat pentsatzen hasi behar duzu», agertu du Mujikak. Ez dakite noiz arte eginen duten Ihabarko antzerkia. «Betebehar bat bezala geratzen bada, agian ez du funtzionatuko. Taldeak eta jendeak gogoa duen bitartean zentzua izango du», diote. Herri ingurukoek beti galdetzen diete antzerkiaz, Sakana osoak ezagutzen du. Eskualdeko ohitura bilakatu da. Oihartzun handia du; ez dago halako bertzerik. Erabilera aunitzeko tresna da antzerkia. Erlazioak lantzeko eta norberak bere buruarekin bere lotsak eta gorabeherak aurrera ateratzeko balio dezake. (Garbiñe ELIZALDE) Antzerkiaren tamaina ez ezik, kalitatea ere gero eta handiagoa da. Aurrenekoz etortzen den jendea txundituta gelditzen da: «Izugarria, ez nuen espero!». Otsailetik maiatzera tailer bat egiten dute, jende gutxiagorekin, eta horrek ere laguntzen du. Interpretazioa, jantziak eta eszenografia lantzen dituzte. “Brianen bizitza” egin zuten urte batean. Film honek friki ugari ditu eta jende aunitz etorri zen ikustera, testua buruz zekien jendea. «Erronka bat izan zen, eta oso ondo gelditu zen. Badaude aktore batzuk profesionalak diruditenak, berezko gaitasuna dute eta landu dute. Badaude akatsak ere, herriko giro hori, naturaltasuna. Bukaerak badu halako kalitate bat, akatsek xarma dute, txikiak nahasten direnean ere bai», deskribatu du Mujikak. «Bukaera harrigarria da. Inpaktua du». Antzerki tailerrean elkartasuna sortzen da. «Herria lotu edo batu duzue», eskertzen diete. Bada jendea ez dena apenas ateratzen eta antzerkiarekin ateratzen dena. Belaunaldi ezberdinetako jendea elkartu eta giroa sortzen da. Antzerki gastronomiko soziala deitzen diote, egiten dituzten afariak hagitz inportanteak direlako. Sukaldari gisa egiten dute ekarpena batzuek. Badute meritua, ia 60 pertsonarentzat afaria prestatzea ez baita erraza. ANTZERKIA TRESNA GISA Antzerkia tresna bezala erabiltzen dute, erlazioak lantzeko eta norberak bere buruarekin bere lotsak eta gorabeherak aurrera ateratzeko. «Ez zaigu emaitza bakarrik axola, prozesuak axola digu. Gazte lotsatiagoak daude eta haiek ere antzerkian daude; haien artean hitz egiten ez duten pertsonek hartu-eman bat izan behar dute antzerkirako; egoak alde batera utzi eta talde lana sustatzen da», agertu du Mujikak. Berak aunitz pentsatzen du haur eta nerabeengan. «Helduok nola jokatzen duten ikusten dute: ‘Utziko dizut gona bat...’. Hezteko aukera bat da. Denek elkar laguntzen dugu, etxetik hasita, gure alabek ere parte hartzen dutelako. Eta gu buru-belarri gabiltzanean, badakite haiek prestatu beharko dutela afaria». Jendarte bezala badugu komunitate baten parte izateko premia, eta ez da erraza. Ihabarren, funtzio baten ondotik hala erran zien publikoko gizon batek: «Hunkitu nauzue, a ze herri puska!». Sortzen den energia eta komunitatea ederra da. Argi dute ez dela behartu daitekeen gauza bat. Ez dakite zein diren osagaiak. Bizitzan gertatzen den magia da.