SEP. 25 2025 - 12:19h Villabona eta Amasa arteko oinezkoen pasabide berria egiteko kontratazioa iragarri du Aldundiak Villabonako hirigunea eta Amasa auzoa lotuko dituen oinezkoentzako bidea eraikitzeko kontratazioa iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errepide ondotik joango da pasabide berria, eta lanak urrian zehar hasi ahal izatea espero dutela adierazi dute. Irudian, pertsona bat paseatzen oinezko pasabide batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3751 errepidearen ondoan egingo den eta Villabona eta Amasa auzoa lotuko dituen oinezkoentzako pasabide berria eraikitzeko kontratazioa iragarri du. Ia milioi erdiko aurrekontua dute lanek, 413.560 euro zehazki, eta lau hilabeteko egikaritze epea du. Lanak urrian zehar hasi ahal izatea da aurreikuspena.Irune Berasaluze foru gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, proiektuaren arabera, bi metroko zabalerako espaloi bat eraikiko da eskuineko ertzean, GI-3751 eta N-I-441 errepideen arteko elkargunean. Horri esker, Villabonako hirigunea segurtasunez lotuko da Amasa auzora doan errepide zatiarekin. Bidegurutzea berrantolatu Horretarako, lehendik dagoen bidegurutzea berrantolatu eta lekuz aldatu beharko da. Era berean, segurtasun hesi bat jarriko da oinezkoak babesteko.Zati hori egiteaz gain, Berasaluzek iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari dela Amasako herrigunerako proiektuarekin jarraitzeko. «Bigarren proiektu horren idazketa oso aurreratuta dago, eta laster jarriko da jendaurrean», gaineratu du.Luzapen horrek jarraipena emango dio tarte berriari, errepidearen beste aldetik, eta GI-3751 errepidearen hasieran gurutzatzeko gune seguru bat izango da.