SEP. 27 2025 - 00:00h Emakume idazleen liburuak galarazi dituzte talibanek Afganistanen Emakumeek idatzitako liburu guztiak debekatu dituzte talibanek Afganistango unibertsitateetan. Egile irandarrenak eta eskubideak, demokrazia eta Konstituzioa jorratzen dituztenak ere bai. Neurririk hartu ezean, gero eta neskato gehiago baztertuko dituzte eskolatik Afganistanen. (WANMAN-UTHMANIYYAH) Maider Iantzi Afganistango unibertsitate nagusietako irakasleek ahotsa altxatu dute: Goi hezkuntzako instituzioetan emakumeek idatzitako liburu guztiak galarazi dituzte, baita Irango egileenak eta eskubideak, demokrazia eta Konstituzioa lantzen dituztenak ere. Hala azaldu dio EFE agentziari Nangarhar Unibertsitateko irakasle batek, bere identitatea babestuz: «Agintariek hamabost kideko batzorde bat izendatu zuten materiala gainbegiratzeko. Kabulgo Unibertsitateko liburutegia aztertu zuten eta 850 titulu ingurutatik 600 bat erretiratu zituzten». Irakasleari harrigarria iruditzen zaio hamabost kideko talde batek egun gutxi batzuetan liburu guztiak begiratu eta xariaren edo kultur balioen kontrakotzat jo izana. Teknologiarekin eta teknikarekin erlazionatutako argitalpen batzuk ere baztertu zituzten. Informazio Geografikoko Sistemen ingurukoak, errate baterako. GARBIKETA SISTEMATIKO BAT Zahra Nader kazetaria “Zan Times” emakume afganiarren hedabideko zuzendaria da. Bere arabera, debeku honek talibanen estrategia zabalenari erantzuten dio. «Ikusten ari garena ez da neurri isolatu bat, purga edo garbiketa sistematiko baten parte baizik. Helburua argia da: emakumeen ahotsak, presentzia eta izenak unibertsitate afganiarretatik ezabatzea». Naderrek oroitu du, emakumezko egileen liburuak debekatu aitzinetik, agintariek neskatoak eskolatik kanpo utzi zituztela seigarren gradutik aurrera. Emakumeei goi ikasketak galarazi zizkieten eta emakume irakasleak lanpostutik kendu zituzten. Kazetariak agertu duenez, «ikasketa planak gainbegiratzen ari den batzordeak etengabe luzatzen du debekatutako liburuen zerrenda, bereziki talibanen ideologiari aurka egiten diotenak eta emakumeek idatzitakoak gehituz». 2021eko abuztuan boterea berreskuratu zutenetik, gero eta murrizketa gehiago jartzen ari zaizkie talibanak emakumezkoei. Bigarren mailako edo unibertsitateko ikasketak egitea, nazioarteko erakundeetan lan egitea eta gimnasio, parke eta bertze espazio publikoetan sartzea debekatu diete, bertzeak bertze. Hedabideetan eta eremu publikoan ere mugatu dute emakumeen presentzia. Irrati eta telebistako emanaldietan agertzea eta ekitaldietan ahotsa altxatzea galarazi diete. Gobernu talibanak lehendik abisatua zuen Hezkuntza eta Goi Hezkuntza ministerioek programa akademikoak aztertu eta ikasgaiak eta liburuak ezabatu zituztela, beren politiken aurka zihoazelako. «Ez dira bateragarriak printzipio islamiarrekin, kultur arauekin eta balio afganiarrekin», deskribatu zuten beraiek. Unicefek ohartarazi duenez, lau urte bete dira talibanek neskatoei bigarren hezkuntza debekatu zietenetik. 2025 amaierarako, 2,2 milioi neraberi ukatu izanen diete, neurri horrekin, ikasgeletan ikastea. INPAKTU HANDIA NERABEENGAN Catherine Russell Unicefen zuzendari exekutiboak ikasgeletatik baztertzeak neska nerabeengan duen inpaktua azpimarratu zuen: «Antsietatera, depresiora eta suizidiora ere eraman ditzake etxean egotera behartzeak». Neurririk hartu ezean, gero eta neskato gehiago baztertuko dituzte eskolatik Afganistanen. Honako irakurketa egin du Russellek: «Nazio batek ere ezin du aurrera egin bere biztanleriaren erdia atzean gelditzen bada. Herrialdearen garapen ekonomikoa eta erresilientzia emakume eta gizonen erabateko parte-hartzearekin etorriko dira». Debekua 2030era arte luzatuko balitz, BPG afganiarraren galera pilatua 1.500 milioi dolarrekoa izanen litzateke, Unicefen arabera. Emakume eta neska afganiarren eskubideak defendatzeko mobilizazio bat Alemanian. (NK NI) «Neska afganiarrak ez dira ikasgai akademikoak soilik galtzen ari; kontaktu soziala, hazkunde pertsonala, beren etorkizuna eraikitzeko aukera eta beren ahalmena garatzea ukatzen diete», adierazi du NBEko haurtzarorako agentziaren zuzendariak. Hortaz, debeku hori bertan behera uztea eta Afganistango neska oro etapa guztietan eskolara joatea baimentzea exijitu die talibanei. Gobernu talibanak, ordea, ez dirudi bide hori hartuko duenik, murrizketa horiek defendatu baititu berriki, lege islamiarrean edo xarian oinarritzen direla argudiatuz. «Neurri horiek kritikatzen dituztenek ez dute xariaren interpretazioa ongi ulertzen», azaldu du. AZKEN EMAKUME ORDEZKARIA Manizha Bakhtari da nazioarteko foroetan oraindik Afganistan ordezkatzen duen azken emakume enbaxadorea. Austriako eta Nazio Batuetako agintariek akreditatzen dute Vienan. Bertatik, talibanek «genero apartheida» ezarri dutela salatu du, emakumezko afganiarrak herrialdeko bizitza publikotik ezabatzeko. 2021eko abuztuan Kabul erori zenetik, Bakhtari ezohiko egoera batean dago: dagoeneko existitzen ez den gobernu bat duen estatu baten ordezkari da, agintari berriek ez baitute nazioarteko aitortzarik, Errusiarena ez bada. Hala ere, bere postuan darrai, azaldu duenez, erantzuteko agintaririk ez badu ere -ez die talibanei legitimitaterik onartzen-, afganiarrak ordezkatzen segitzen duelako. «Nire taldeak eta nik hemen jarraitzea erabaki genuen Afganistango herria ordezkatzeko», azaldu dio EFEri elkarrizketa batean. «Badakit ez dudala gobernurik eta agian ez dute egoera honen definizio legalik topatuko, baina hori da gertatzen ari dena eta jada lau urte pasatu dira kolapsotik». Bere posizio diplomatikoa baliatuz, populazio afganiarraren destinoaz ez ahazteko eskatu dio nazioarteko komunitateari, bereziki Asia erdialdeko herrialdeko 20 milioi emakumeez. Ez du talibanen erregimenaren azpian Afganistan bakean eta lasai bizi den diskurtsoa konpartitzen. «Bakea ez da gerra falta, justizia baizik», argitu du, eta hori falta da Afganistanen. «Ia hogei urtez nazioarteko gure aliatu guztiek terroristatzat jo zituzten talibanak. Beraz, akordio politiko bat aldatuz soilik ezinezkoa da beren izena aldatzea eta beren izaera ezkutatzea», nabarmendu du. «Bake elkarrizketekin» herrialde batzuek talibanak legitimatu dituztela gaitzetsi du azken emakume ordezkariak.