OCT. 11 2025 - 00:00h URUMEAKO IÑISTORKETA, GERTATU ZEN LEKUAN BERTAN «Iñistorketan. Iratzearen kultura Urumea bailaran: paisaia, ondarea eta memoria» liburua argitaratu du Aranzadi Elkarteak. Iñaki Sanz-Azkue, Josu Narbarte, Suberri Matelo eta Maite Errartek egindako ikerketaren emaitza da, eta guk ibilbide gidatu batean ezagutzeko aukera izan dugu. Akolan bildutako kazetari, kolaboratzaile eta lagun taldea, iratze artean lehen metroak egiten. (Jon URBE | FOKU) Asier Aiestaran Akola inguruan jarrita dago hitzordua. Ereñotzutik gertu, Hernanitik urruti ez. Zergatia, Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratu berri duen “Iñistorketan. Iratzearen kultura Urumea bailaran: paisaia, ondarea eta memoria” liburuaren lehen aurrerapentxo bat egitea gertuko kazetari, kolaboratzaile eta lagunentzat. Egileak lau diren arren -Iñaki Sanz-Azkue, Josu Narbarte, Suberri Matelo eta Maite Errarte-, Iñakik hartu du “ibilbide gidatu” honen ardura. Izan ere, ikerketaren helburua iñistorrak -garoa edo iratzea Urumeako txoko honetatik kanpo- Euskal Herriko hainbat lurralderen garapenean izan duen garrantzia ulertzea baldin bada, lur eremu horiek bertatik bertara ikusi eta zapaltzea bezalakorik ez dago. Garrantzi hori zer puntutarainokoa izan zen argi erakusten du liburua irekitzen duen Joxe Mari Artola baserritarraren esaldiak: «Iñistorra gauza sagradua zan». Alegia, Iñaki Sanz-Azkuek bere hitzetara ekarrita, iratzea ezinbestekoa zela biziraupenerako, lurra ongarritu eta uztak ziurtatzeko. Izan ere, beste erabilpen batzuk ere ezagutzen zaizkion arren -kultura desberdinek elikagai bezala, oheak egiteko edota eraikuntza lanetarako erabili izan dute-, Euskal Herrian garoa ganaduaren azpiak egiteko erabili izan da batez ere. Eta azpi horiek gero ongarri moduan zabaltzeko. Ongarririk gabe uztarik ez, eta gosea beti mehatxu. Iñakiren beste hitz batzuk berreskuratuz, «iñistorrarekin broma gutxi». iratzez jositako mendi ingurua Urumea bailaran. Jon URBE | FOKU Horregatik, eta historian biziraupenerako gakoak diren lehengai ia guztiekin gertatu den moduan, iratzea ere liskar iturri bilakatu zen une batean. Hernaniko udalerriari dagokionez, gatazka horien lehen aipamen idatziak 1779koak dira. Urte horretan, udalak lau herritarri eskatu zien herri-lurren banaketa bat egiteko, garo-gurdi bakoitzeko erreal bat kobratuz. Antza denez, emaitza ez zen nahi bezain zuzena izan, eta bi mendez luzatuko zen arautze prozesu bati hasiera eman zitzaion. Ibilbide horretan hainbat data esanguratsu aipa daitezke. Horietako bat, zalantzarik gabe, 1826a da. Urte horretan, Hernaniko udal-arduradunek lau puntu adostu zituzten, aurreko urteetan izandako liskarrekin amaitu nahian: herri-lurretan ezingo zela iratzerik moztu irailaren 12an goizeko 8.00etan mendian fusilarekin botako zen tiroa entzun arte; familia bereko hiru lagun baino gehiagok ezingo zutela aritu iratzea mozten; debekatuta zegoela babesleku edo txabolak egitea; eta ezingo zela eremu jakinik markatu. Liskar eta gatazkak ez ziren araudi horrekin amaitu, ezta gutxiago ere, baina esan liteke herri-lurretan iratzea mozteko eredu bat finkatu zuela, aldaera txiki batzuekin XX. mende amaieraraino iritsi zena eta Gipuzkoako hainbat herritan “Harrapazka” bezala ezagutu izan dena: eguna eta ordua jarri, seinalea eman, eta bakoitzak ahal duena moztu. Iñaki Sanz-Azkue azalpenak ematen, liburua eskuetan duela. Jon URBE | FOKU ZILEGIMENDIAK, URUMEAKO BITXIKERIA Lehen azalpen horiek Akolako aparkamendu txikiaren alboan eman dizkigu Aranzadiko kideak. Gaur egun gaztainondoz jositako eremu zuhaiztsua da; duela mende pare bat arte ere basoa izango zen; baina hainbat urtez iñistorrez betetako eta ia zuhaitzik gabeko lur eremu zabal bat irudikatzeko eskatu digu. “Ia” hori garrantzitsua da, ordea. Gaztainondoen artean platanondo batzuk eta lizar bat erakutsi dizkigulako, pista garrantzitsuak lur horietan garai batean aurki zitekeen paisaia antzemateko. Kosta egiten da, baina gaur egun zuhaiztia dena garai batean garoz betetako mendi magala izan zela irudikatu nahian eman ditugu lehen pausoak. Zortea izan dugu, eta eguraldi gozoarekin goaz metroak irabazten. Bide bazterretan iratze sail bakan batzuk ikusten ditugu, gehienak jada gorrituta -halaxe moztu behar izaten omen zen-, eta garai bateko eszenak irudikatzen jarrai dezakegu, baserritarrek nola moztuko zuten bertan iñistorra. Buru-ariketa horretan gabiltzala, beste azalpen garrantzitsu bati heldu dio Iñaki Sanz-Azkuek: Urumea bailarako espazioaren antolaketa berezia eta horrek izan zuen garrantzia bertako iñistorketaren garapenean. Asko laburtuz, herri-lurrak, saroiak eta zilegimendiak bereizi behar dira. Herri-lurrak baliabide komunal moduan ustiatu izan dira gehienbat, eta garaian garaiko udal-erakundeek ezarri izan dituzte horretarako baldintzak ordenantza-araudien bitartez. Saroiak herri-lurren barruan zedarritutako sail biribilak izaten ziren, aprobetxamendu pribatukoak, batez ere abeltzaintzari lotuak. Eta zilegimendiak Urumeako kasu oso berezi bat dira, 38 kilometro karratuko eremu bat, non jabetza Eskubidedun Komunitate batena zen, nahiz eta modu kolektiboan kudeatu. 1826ko arauak, adibidez, zilegimendietan ere aplikatu behar ziren. Urumea bailarako iñistorketaren ezaugarri nagusia izan zen loteen banaketak ere zilegimendietan izan zuen aurrekaria. Lehendik ere lurrak pribatizatzeko saiakeraren bat egina zen arren, arrakasta handirik gabe, behin betiko erabakia 1869an iritsi zen, urte bat lehenago Espainian “Iraultza Loriatsua” delakoak Isabel II.a kanporatu eta erregimen liberala ezarri ostean. Jabetza kolektiboak arriskuan egon zitezkeela iritzita, eskubidedun guztien zerrenda osatu eta Hernaniko zilegimendiak 294 lotetan banatzea adostu zen, 240 Kartola bailaran eta 54 Oindi magalean. Herri-lurrei dagokienez, urte batzuk igaroko ziren -tartean Bigarren Karlistaldia- loteen banaketara iristeko. 1880an izan zen, Epele erreka inguruko lurretan, eta kasu honetan lote bakoitza lau partzelatan banatu zen, interesa adierazten zuten herritarren artean zozketa bidez banatu eta errenta baten truke hamar urterako ustiapena ahalbidetzeko. Eredua azkar zabaldu zen Usoko eta Aparrain inguruetara, eta loteen bidezko kudeaketak iratzeari loturiko kultura eta ondare bereizgarri bat ekarri zuen berekin, memoria kolektiboan oso presente egon dena. Irudian, loteen mugak markatzeko erabiltzen ziren urkia eta mugarria. Jon URBE | FOKU «AALDIYA», «HARRAPAZKA», «LOTIA»... Sagastieta gain ederrean egindako geldialditxoan eman dizkigu memoria kolektibo horren printzatxo batzuk Joxe Etxabek. Aaldiya-z (araldia) hitz egin digu, esaterako, iratze mozketaren aurretik auzolanean derrigorrez egin beharreko mendi bideen txukunketaz, eta nola haurra zela berari egokitu zitzaion bertan parte hartzen zutenei ardoa eramatea. Loteen sistemak paisaian izan zuen eragina ere aipatu du Iñaki Sanz-Azkuek, lote horien mugak markatzeko landatzen ziren zuhaitzez -gogoratzen lehen aipatutako platanondoak eta lizarra?-, jartzen ziren mugarriez, eta Sagastietan bezala, biek bat nola egiten zuten erakutsiz. Ikerlariek banan-banan eta urtez-urte zenbatu dituzte zozketatutako lote eta partzela guztiak Hernaniko Udal Artxiboan, eta egindako grafikoan ikus daitekeenez, 1915-1922 urteen artean jo zuen goia eredu horrek, urteko ia 500 partzela banatuz. Hortik aurrera, eta pinudien landaketaren eraginez hein handi batean, kopurua apurka behera egiten hasi zen 1969an ofizialki desagertu arte, nahiz eta zenbait herritarrek 1980ko hamarkadara arte erabilpena luzatu zuten. Ordurako azpiak egiteko zerrautsa nagusitua zen. Herri-lurren erabilera mota horrek beste onura nabarmen bat ere ekarri zuen berarekin. Goizueta edo Arano inguruko herrietan ez bezala, lur horiek ez ziren inoiz pribatizatu, eta horri esker, gaur egun Aiako Harria Natura Parkea bertaraino hedatzen da, izendapen horrek suposatzen duen babes maila guztiarekin. Informazio hori dena oraindik ongi asimilatu ezinik jo dugu ekialderantz, Igorin aldera, urrunean Errenteria ikusten dugula. Bertan egin omen ziren azken Harrapazka egunak, loterik ez zuten baserritarrek ere izaten zutelako herri-lurretan antzinako erara iñistorra mozteko eskubidea. Eta ondare hori ez galtzeko, Aranzadik dibulgazio panel batzuk jarriak ditu bertan aldatutako pago baten aldamenean. Pozik luzatuko genukeen ibilaldia, baina urrian sartu berriak gara eta konturatzerako ilunduko du. Azken eguzki printzekin zuzendu gara autora, liburua osorik irakurtzeko gogotsu.