NOV. 03 2025 - 12:09h Talentua erakartzeko eta industrialdeetan berrikuntza sustatzeko urratsak Urola Kostan Urola Kostako udalerriak biltzen dituen Ukue elkarteak bi programa jarri ditu martxan, eskualdeko enpresetan talentua erakartzeko eta industrialdeetan berrikuntza sustatzeko. Hilaren 20an, egin duten diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte elkartearen egoitzan. Industriagunea Zumaian, irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Urola Kostako udalerriak biltzen dituen elkarteak, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), enpresetara talentua erakartzeko eta industrialdeetan berrikuntza sustatzeko programak jarri ditu abian.‘BertanIn’ da abian jarritako ekimenetako bat. «Talentuarentzat erakargarriagoak eta lehiakorragoak izaten» lagundu nahi die lantokiei.Programa horretan, «behaketa prozesu labur baten bidez, enpresa bakoitzarentzako hobekuntza plan pertsonalizatuak zehazten dira, enpresa horrek zuzenean identifika dezan zer alderditan izan dezakeen eragina balizko hautagaientzat erakargarriagoa izateko», adierazi du elkarteak.Hala, enpresak aukera izango du «langileengana proiektatzen dituen balioak aztertzeko; talentuarentzat erakargarriagoa egingo duen ekintza plan zehatz bat zehazteko; eta langileak erakartzeko eta fidelizatzeko tresnak eta jardunbide egokiak ezagutzeko».Gainera, Industriaguneak Bizirik ekimenak «industrialdeetan dinamismoa eta berrikuntza sustatu nahi ditu, enpresen arteko lankidetzarako gune bat sortuz eta Urola Kostako industrialdeetan komunitate sendo bat eraikiz».UKUEk eskualdeko industrialdeetan dauden enpresen diagnostikoa egingo du. Galdetegi labur bat betez, ekimenak ondoren garatuko dituen gaiak eta ekintzak diseinatu eta landuko dira, erantzunetatik abiatuta.Diagnostiko horren emaitzak aurkezteko eta Industriaguneak Bizirik ekimenaren berri emateko, lehen topaketa antolatu da azaroaren 20an Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian.