NOV. 08 2025 - 00:00h Gure patioa Maddi Aiestaran Bertsolaria Harrizko pista zabal batean zeuden futbol zelaia, kanasta batzuk, frontoi txiki bat. Eta gero, zabalera horren guztiaren inguruan, bazterrak. Eta bazterretan, baldosa batzuk, eskailerak eta pilota gainera etortzeko arriskua. Eta hala harrian nola baldosetan, eremu batean eta bestean, beti-beti jende berbera. Hori zen gure patioa. Euririk egiten ez zuen egunetan, han izaten genituen gimnasia klaseak. Irakasleak juntatzen gintuen korro batean haren ondoan, esplikatzen zizkigun dena delako jolas-jokoaren arauak, eta esaten zuen “egin itzazue bi ekipo zuen kasa”. Altxatzen ziren, orduan, betiko bi motibatuen ahotsak, eta kontatzen zieten gelakideei nola antolatuko ginen: bi kapitain aukeratzen ziren, bi tipo kirolari, guaienak; ilara batean jartzen ziren gainerakoak, ikustekoa izaten zen bakoitzaren gorputz-espresioa; harri-orri-ar, “Mikel hasten da”; eta hasten ziren izenak esaten, txandan-txandan, gelakideak seinalatzen, haien ekipo ahal bezain konpetitiboenak osatzen. Iker, Eneko, Igor, Haritz, Jon, Iñigo; gelako tipa kirolaria; beste mutilak; besteak: hori izaten zen, osaketa egiterakoan, aldiro errepikatzen zen hurrenkera. Horrelaxe areagotu eta larriagotu ziren gimnasiako klase bakoitzean, eskolako olinpiada-aldi bakoitzean, patio-ordu askotan eta askotan, gure gelako kideen arteko harremanetan bizi ziren askotariko biolentziak. Urteak dira harrizko pista zabal hartan gimnasia egiteari utzi geniola. Eta nago, oraindik ere, gure arteko hainbat eta hainbat harreman ez ezik, kirolaren eta lehiaren inguruan garatzen ditugun joerak ere ordukoak bezain biolentoak direla. •