NOV. 16 2025 - 00:00h Duela 170 urte iritsi zen David Livingston Victoria izena jarri zien ur-jauzietara 1855eko azaroaren 17an, David Livingstone esploratzaileak ur-jauzi ikusgarri batzuekin egin zuen topo Afrikako bihotzean. Mirari hura aurkitzen lehen europarra zenez, Victoria izena jarri zien, erregina britaniarren omenez, baina dagoeneko izena zuten: Mosi-oa-Tunya (‘Burrunba egiten duen kea’). Ur-jauzi zoragarri hauen irudia. (Diego DELSO | WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 David Livingstone (1813ko martxoaren 19a; Blantyre, Glasgow – 1873ko maiatzaren 1a; Chitambo, Ipar Rhodesia) eskoziar mediku, esploratzaile eta misiolaria izan zen, esplorazioaren historiako figura handienetako bat izateaz gain: behaketa astronomikoekin, kokapen zuzenak ezarri zituen eta, era berean, zoologia, botanika eta geologia txostenak egin zituen. Hori dela eta, Britainia Handi viktoriarrean heroi nazionaltzat hartu zuten. Victoria ur-jauzien aurkikuntzaz gain, eskoziar esploratzaile ospetsu hau ezaguna da esklabotzaren aurka egin zuen borrokagatik eta esaldi famatu bategatik; alegia, Henry Stanleyrekin topo egiten zuenean, honek agurtu baitzuen: «Livingstone doktorea, suposatzen dut». Zortzi urtez misiolari lanetan ibili ondoren, William Cotton Oswellekin batera, Kalahari basamortua zeharkatu zuen Livingstone kementsuak, Ngami lakua aurkitu zuen (1849) eta Zambeze ibaira iritsi zen (1851). 1852 eta 1856 artean Ozeano Atlantikotik Indiako Ozeanora arteko bidaia hasi zuen, eta 1855eko azaroaren 16an Zambezeko ur-jauziak aurkitu zituen. Ingurukoek Mosi-oa-Tunya (‘Burrunba egiten duen kea’) izenarekin ezagutzen zituzten ur-jauzia Victoria bataiatu zituen esploratzaileak Victoria erreginaren omenez. Zambia eta Zimbawe arteko mugan kokatuta, Zambezi ibaiko euri-jasa ikusgarri eta zaratatsua planetako ur-jauzi luzeena da: 100 metrotik gorako altuera eta bi kilometroko zabalera. Bi parke nazionaletan integratuta daude: Zimbabweko Victoria eta Zambiako Mosi-oa-Tunya.