NOV. 19 2025 - 13:59h Anbulatorio berriaren irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri ditu abian Laudioko Udalak Neurri multzo bat jarri du martxan Laudioko Udalak Latiorro auzoan eraikitzen ari diren osasun zentroaren irisgarritasuna hobetzeko. Autobus geltoki berria jarri dute ondoan, igogailu berria tren geltokiaren ondoan eta parking berri bat zabaltzeko proiektua abiatu dute, besteak beste. Autobus geltoki berria, Latiorron. (LAUDIOKO UDALA) GAUR8 Latiorro auzoan eraikitzen ari den anbulatorioaren irisgarritasuna bermatzeko, parking berri bat, hirugarren igogailu publikoa eta autobus geltoki berri bat eraikiko du Udalak mugikortasuna hobetzeko neurri multzo baten barruan.Udal Gobernuko iturriek azaldu dute ohar batean datorren urtean Latiorro auzoan zabalduko den anbulatorio berria herritar guztientzat «ahal bezain irisgarria eta erabilgarria» izateko konpromisoa duela, eta helburu horrekin, hainbat urrats egingo dituela erabilera errazteko.«Kokapen berriaren ondorioz, aldaketak egongo dira eguneroko joan-etorrietan. Gainera, herrigunetik urrunago egongo denez, irisgarritasuna izan da gure kezka nagusietako bat», adierazi du Ainize Gastaka alkateak.Bide horretan, harremanetan jarri dira BizkaiBus konpainiarekin anbulatorioaren aurrean autobus geltoki berri bat jartzeko. «Geltoki berria Goikogane kalean kokatuko da, anbulatorioaren ondoan. Horrez gain, norabide bakarreko errepide bihurtuko da Goikogane kalea», zehaztu dute Udaletik.Bestetik, «anbulatorio berria Antzokitik oso gertu egongo denez, eta kontuan hartuta auzoak jada aparkatzeko arazoak dituela», aparkaleku bat egokituko dute San Martin futbol zelai ondoko lursail batean, «bisitari eta erabiltzaileen kopurua handitzearekin batera egoerak okerrera egin ez dezan».Alkatearen esanetan, «inguruko trafikoari arnasa ematea eta hango bizilagunen lasaitasuna bermatzea da asmoa». Zehaztutakoaren arabera, 80 plaza izango ditu aparkaleku berriak, «eta abenduaren 1erako deitua dagoen Latiorro Auzoko Batzarrean eztabaidatuko dira espazioaren erabilera baldintzak».Neurri multzoan, gainera, tren geltokitik anbulatoriorainoko bidearen irisgarritasuna hobetzeko igogailu publikoa eraikitzen ari da Udala Antzokiaren ondoan.Horrez gain, HerriBus proiektua bultzatzen ari da Udala, udalerriko auzo guztiak hobeto konektatu eta herritarrei garraio publiko hurbilagoa eskaintzeko. Egitasmo honen harira Gastakak adierazi du «aurrerapauso garrantzitsua» izan daitekeela «mugikortasun eredua hobetzeko eta garraio iraunkorragoa sustatzeko».