NOV. 22 2025 - 00:00h Elay Taldeak Mexikon 25 urte bete ditu, bere txikian irakaspen handiak utzita Industria mailan basamortua zen eremuan, familia-enpresa batek ekoizpen fabrika bat ezarri zuen duela 25 urte Mexikon, euskal diasporaren laguntzarekin, euskaldunek fundatutako Celaya hirian. Abertzale eta euskaldun jokatu zuten ekintzaileen proiektua izan zen, aitzindaria. Mende laurden igarota, Elayk lur hartu zuen Celayan puntako enpresen ekosistema loratu da (GAUR8) Mikel Zubimendi Elaia mendebaldean eta ainara ekialdean, Bergaran hegabera, den-denak enara hitzaren aldaerak. Afrikatik geuregana datorren hegaztia, urtaroen aldaketaren eta bizitzaren izaera ziklikoaren sinbolo. Bidaia luzea, dedikazioa, sena, etxera itzultzea... Elay (Elkoro-Ayastui abizenen lehen bi letretatik) familia proiektu bat da. Jose Luis Elkorok Mari Carmen Ayastui emaztearekin batera sortutakoa, azken horren guraso Claudio Ayastui eta Eusebi Agirreren bultzadarekin 1965ean hegal egiten hasi zena. Elaiarena bezala, Elay enpresarena ere bidaia luze baten historia da. Erroak Antzuolan, gogoa Euskal Herrian, ia sortze beretik mundura begiratu duen enpresa batena. Dedikazioa eta irauna, utopia eta ametsa, lehengai izan dituena. Duela ia 60 urte Antzuolan kokatu zen tailertxoa, ikaragarri koskortu eta ondo nazioartekotu da. Antzuolan bertan enpresaren instalazioak askoz handiagoak dira, eta mundura ere zabaldu du bere jarduna, Mexikora eta Txinara. Mundu osoan ditu bezeroak, bost kontinenteetako merkatuetan. Automobilgintzarako ebaketa zehatzean ekoiztutako piezak egiten ditu batik bat. Ikaragarri lehiakorra den sektorean, hainbat sistementzako piezak ekoitziz: segurtasuna, transmisioa, eserlekuak, balaztak, karrozeria… Pieza horiek bezero globalen esku daude, marka ezagun askoren esku. Ekintzaile eta aitzindari Baina gaurkoa ez da soilik enpresa baten historia. Ezta ekoizpen fabrika batek 25 urte bete izanaren ospakizun edo efemeride soila. Ekonomia sailean kokatu daitekeen berria den arren, beste gauza asko ere bada: diasporarekin lan egitean sortu daitezkeen aukeren erakusgarria; abertzale eta euskaldun direnek elkarrekin jardutean egin ditzaketen proiektuen kategoriaren adibidea. Bestalde, jende ekintzaile, utopiazale, aitzindariaren erretratua da, baita ezer ez zegoen tokian bidea zabaldu zuen jendearen bidaiaren kontakizuna ere. Mexikon kokatu zen ekoizpen fabrika bat hari bezala hartuko da orriotan, Guanajuato estatuko Celaya hirian kokatu zen Celay ekoizpen planta, eta enpresa mundutik harago doan historia josiko da. Euskal Herria ardatz, pertsona abiapuntu eta helburu, langileak lehenetsiz, herriarekiko konpromisoa euskaraz baieztatu duen egitasmo baten historia da, eta bere protagonistena. Sustraiak beti Antzuolan gorde ditu Elay enpresak, irabazi ekonomikoen ikuspuntutik interesgarriagoak izan zitezkeen eta deslokalizazioa ekarriko zuketen proposamenak albo batera utzita. Enpresa munduan ohikoa dena alboratuta, ez du beti gora eginez bidea egin. Krisiak ezagutu ditu, latzak ere batzuetan. Enpresa, izatez, definizioz, beti delako proiektu bukatu gabea eta inperfektua, irauteko etengabeko berrikuntzak eta moldaketak behar dituena. Inbertsioak eta berrinbertsioak ere bai. Eta, hartara, diru asko irabazi beharra ezinbestekoa bilakatzen da. Elay-Amerikak 25 urte bete dituen arren, Euskal Herritik kontinente hartara jauzi egiteko asmoa aurretik zetorren. Globalizazioaren aroan eremu geografiko berrietara zabaltzeko erabakia zen, nazioarteko bezero globalei erantzuteko apustua. Familia-enpresa txikia zenak, baliabide mugatuak zituenak, erabakia hartu behar zuen: arre edo so, zirt edo zart, bai ala bai. Vicente Fox, garaiko gobernadorea Guanajuato estatuan eta gero Mexikoko presidentea izango zena, eta Santi Zabaleta, Elay Taldeko zuzendaria. (GAUR8) Ausardia behar zen Mexikon ez zegoen teknologia batekin, ebaketa zehatzarena, bertan kokatzeko, krisi ekonomiko latzak eta ezegonkortasuna ia endemikoak ziren herrialdean. Are, egiari zor, etxe barruan, Antzuolan bertan, horrelako jauziek sorrarazten duten beldurren eta kontrakotasunen erakusle, kritikak ez zirenean falta. Horrek baliabideak desbideratuko zituela, bertatik lana kenduko zuela, edo hitz teknikoagoetan esanda, deskapitalizazioa, deslokalizazioa ekarriko zituela, horrelakoak ere entzun, entzun zirelako. Benetako asmoa, baina, oso bestelakoa zen. Elay Taldea indartzea, baita ekonomikoki ere. Eta horrela, Antzuola babestea. Bestetik, marka global bat indartzea zen, beste kontinenteetan hornitzaile fidagarria izango zena, horrek dakarren balio erantsi eta aberastasun guztiarekin. Behin zuzendaritzak jauzia egiteko erabakia hartuta, ondorengo arazoa fabrika non kokatu izan zen. Mexikon izan behar zuen, baina ezezagun zuten herrialdea, ezezagun zituzten bertako legeak eta kodeak. Eta hor, berriz ere, euskal mundua erdigunera etorri zen, bi abertzale handi, Euskal Herriaren aldeko bi astro lerratu zirelako: Jose Luis Elkoro Unamuno eta Yon de Luisa Saseta. Astroak lerratuta Txiripa batek juntatu zituen biak. Elkoro Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea zen, eta GALek Santi Brouard Bilboko kontsultan hil ondoren, honen zenbait ardura hartu zituen, besteak beste “enbaxadore” izatearen ardura. Munduan barna deportatutako errefuxiatu politikoak sostengatzeko, diplomazia politikoa egiteko eta euskal diaspora lantzeko, besteak beste. Eta hain zuzen, lan politikoa egiten zebilela, Mexiko Hiriko Euskal Etxean ezagutu zuen Elkorok Yon de Luisa, euskal diasporaren eragile handia. Jesus Luisa Esnaola errenteriarraren semea zen Yon. Aita Eusko Gudarosteko komandantea izan zen, koreografo eta dantzari aparta, Agirre lehendakariaren gobernuan Barne sailburuordea, Telesforo Monzonen eskuin eskua. Ama, berriz, Irune Saseta Etxeberria, Candido Saseta Eusko Gudarosteko komandante gorenaren arreba zen. Santander erori eta gero, Yon de Luisaren aita 1937an iritsi zen Lapurdiko Sarara eta Ipar Euskal Herrian ezkondu zen Irune Sasetarekin. Bi seme izan zituzten, Yon bera, Donibane Lohizunen 1937an sortua eta Unai, urte bat geroago Bidarten jaioa. Yon eta anaia haur zirela iritsi zen familia errefuxiatuta Mexikora. Beti, bihotzaren barru-barruan zituen bere bi herriak: Mexiko eta Euskal Herria. Euskaldun eta abertzale porrokatua, Euskal Herriaren alde elkartasun ekintzetarako beti prest azaldu zen. Laguntza politikoan edo humanitarioan, anai-arreba euskaldun bat beharrean bazen, hura babesteko beti pronto. Mexikoko prentsan argitaratu zenez, CISEN zerbitzu sekretuek Yon de Luisa 1980tik aurrera herrialdean zeuden euskal errefuxiatu politikoekin lotzen zuten, honek beti ukatu zuen arren. Yon eta anaia Unai Hondarribiko hilerrira etorri ziren 2008an, Asturiaseko Arecesen aurkitu zituzten Kandido Sasetaren gorpuzkiei bertan lur emateko ekitaldian parte hartzeko. Yonen errautsak ere Jaizkibelen zeruratu zituzten. Bada, Elay Ameriketan sustraitu bazen, amets hau gauzatu bazen, besteak beste Yon de Luisari esker izan zen, hura izan baitzen ezinbesteko pertsona. Berak proposatu zuen Celaya hiria, bere izena jarri zuen legeak mexikarrak bazkide izatea eskatzen zuelako, bere kontaktuak eta agenda eskaini zituen sasiak eta trabak bidetik kentzeko. Izatez, bera izan zen Mexikoko Celay ekoizpen fabrikaren lehen zuzendaria. Dudarik gabe, historia honetan letra larritan idatzi beharreko pertsonaia da. Celay fabrikaren irudia, ezer ez zegoen zelaian lekutu zen lehen euskal enpresa. (GAUR8) Baina ez da bakarra. Elkororekin batera aipamen berezia merezi du Santi Zabaletak, Elayren zuzendari izandakoak. Jakina, Ameriketako apustua ez zen irabaziko Antzuolatik lagundu izan ez balitz, urteetan esfortzu hori maila eta modu askotan sostengatu gabe, finantzaketa, laguntza teknikoa, hilabeteak eta urteak Mexikon lanean egon diren langileen ekarpena. Baina guztien artean, nabarmen, Santi Zabaleta ageri da, sortze beretik gidari eta akuilu, langile fin eta nekaezin. Inondik ere, bere eskukolpea ikaragarria izan da. Are, bere kide Jose Luis Elkoro kartzelan egon zen urteetan, beste mila ardura politikoetan, epaiketetan eta abarretan, Zabaletak ez zituen soilik zuzendari postuak eskatzen zizkion lanak bete, pertsona eta lagun bezala bere izaera eta balioa erakutsi zituen garai latzenetan ere. Elkoro errepresioaren jomugan egonik, hura babestea zein arriskutsua zen jakinda ere, sekula ez zuen zalantza izpirik izan. Babes osoa eskaini zion langileen aurrean, baita enpresak zituen gainontzeko interes taldeen aurrean ere. Antzuolan, Mexikon, nonahi eta zernahirako. Santirekin benetan, betiko, eskertua egoteko arrazoiak ugariak dira. Bi norabideko prozesua Bada, esan bezala, Yon de Luisak hala proposatuta eta bidea erakutsita, Elay Taldea Guanajuato estatuko Celaya hirira heldu zen. Celaya, jakina, euskarazko “zelai” hitzetik eratorritako toponimoa da; lur laua, belazea, larrea... zelaia! Euskal abeltzainek XVI. mendean sortutako hiria da, indigenen erasoetatik babesteko eta ebanjelizazioa bultzatzeko asmoz. Bajio lautada zabalean kokatua, Laja eta Apaseo ibaiek zeharkatua, itsas mailatik 1.700 metroko altueran kokatua, zereala ekoizteko lurralde emankorra da. Arrazoiz deitzen diote «granero de la República», hau da, Errepublikaren aletegia. Duela 25 urte, baina, industriaren ikuspuntutik, Celaya basamortua zen, hutsak zeuden terrenoak besterik ez zeuden bertan. Orduko argazkiei begiratuz, duela bost mende euskal abeltzainek ganaduaren larrerako erabiltzen zituen lur haietan Elay enpresaren Mexikoko ekoizpen fabrika ezarriko zela erabakitzea, ausart, oso ausart jokatzea zen. Senez jokatzea, apustua irabaztekoa zela ez baitzegoen batere argi, ezta inon idatzita ere. Urteekin milaka eta milaka metro koadroko industria hiri bilakatu den lekuan, belardiak eta ganadua baino ez zeuden. Celay ekoizten 2000. urtean hasi bazen ere, sozietatearen sorrera eta fabrikaren eraikuntza urte bat lehenago abiatu ziren. Fabrika eraiki eta martxan jartzeko, Euskal Herritik joan-etorriak etengabeak izan ziren, Elayko langileek egonaldi luzeak egin zituzten Celayan. Urte guztiotan, Antzuolako plantako langile askok lan egin dute Celayan, hainbat urtetako egonaldiak eginez batzuek. Baina bi norabideko prozesua izan zen. Mexikoko fabrikan ardurak hartzeko eta ekoizpen tekniketan gaitzeko hainbat langile formatu ziren Antzuolan. Urtebetez ia hogei mexikar Antzuolan bizitzen egon ziren, lanerako ahalmenez gain, gure herriaren kultura eta egiteko moduak ere barneratzeko. Bada, badenez, ezkondu eta oraindik Antzuolan bizi den mexikarrik. Elay Amerika edo Celay 44 langilerekin hasi zen, egun 300 dira. 10 milioi euroko inbertsio batekin hasi zen, egun 40 milioi dira inbertitu direnak. Bistan da Mexikoko Celay ekoizpen planta Elay Talde osoaren oinarri oso inportantea dela, besteak beste bezeroek Elay mundu osoko hornitzaile global bezala aitortzen lagundu duelako. Eta bidea lan baldintza duinak bermatuz jorratu da, Mexikoko izaera eta kultura errespetatuz eta bultzatuz, Mexikon aberastasuna sortuz eta banatuz. Elay Taldearen sortze bereko printzipioak dira, ibilbide luzean behin eta berriz baieztatuak. Bestalde, aipatu behar da proiektuak beti izan duela euskal diaspora ondoan, beti lagun, beti bultzatzen, beti adoretzen. Horren erakusgarri dira, duela 25 urte euskaldun jatorria edo kontzientzia zuten bertako zenbait negozioren jabeek prentsan argitaratutako iragarkien bidez Celayri, Santi Zabaletari eta Yon de Luisari egindako ongietorria. Hori sortze beretik, baina bidaia honetan guztian lagun izan ditu De Luisa Saseta familia, beti ondoan eta prest, eta baita oso bereziki Celayako Arrano elkartea ere. Euskal enpresen ekosistema Azaroak 10ean 25 urte bete zituen Mexikon aurrenekoz ebaketa zehatzaren teknologia ezarri zuen Celay ekoizpen fabrikak. Ez ziren ospakizunak eta ekitaldiak faltatu. Ez baita gutxiagorako. Industria mailan basamortu zen lurraldean, ameslari edo utopiko haien grinak, emaitza ikusgarriak ekarri dituelako. Gaur egun, herrialde aztekako automobilgintza industria nagusien egoitza da Celaya. Mexikon dauden automobil fabrikatzaile handientzako osagai mekanizatuen hornitzaile nagusiak bertan daude. Eta hantxe bertan daude ere, Celayren ondoan, Euskal Herriko enpresa garrantzitsu asko ere. Gutxi batzuk aipatzearren, Bergaran erroak dituen Metagra Group, hotzeko estanpazioan espezializatua, automobilgintza sektorerako piezen hornitzailea; Tolosako Panelfisa sozietate kooperatiboa, estanpazio bidezko elementuen hornitzaile globala, bereziki automobilgintzarako; Bilbon egoitza duen CIE Automotive enpresa-taldea, automoziorako piezak fabrikatzen dituena; Gamesa bera… Jose Luis Elkoro, Celay proiektuaren aitzindari eta bultzatzaile fina. (Jon URBE / FOKU) Broma gutxi. Egun, Celaya da euskal enpresentzat Mexikoko lehentasunezko helmuga, hamasei ekoizpen fabrika bertan kokatu baitira dagoeneko. Eta, oro har, Guanajuato estatuan hemeretzi euskal enpresa kokatu dira, gehienak automobilgintza sektorekoak, guztira hiru mila langile baino gehiago dituztenak. Duela 25 urte basamortu industriala zen eremuan Elay bidea urratzen hasi zenetik, panorama asko aldatu da. Euskal enpresentzat Celaya ekosistema erakargarri bihurtzeraino. Bestalde, oso kontuan hartu behar da, Txinaren ondoren, Mexiko dela munduan euskal enpresa gehien dituen herrialdea; 210 baino gehiago daude ezarrita bertan jada. Eta Elay Taldeak asko aurreratu du Celayan, edonondik begiratuta ere. Fabrika indartuz, langileen garapena bultzatuz, baldintza egokiak eskainiz, Antzuolako laguntzailearekin beti. Bezeroen aitorpena irabazi du, eta, gaur egun, dudarik gabe, lehen mailako hornitzailea da Ford, General Motors, Volkswagen, Nissan, Mercedes Benz, Honda, BMW edo Tesla bezalako taldeentzako. Urtero milioika pieza fabrikatzen ditu Mexikoko Celay ekoizpen fabrikan marka horietako autoentzat. Elay Taldeak egoitza nagusia Antzuolan izaten jarraitzen du, bertan metatzen dira esperientzia eta memoria kondentsatua, bertan dago ekoizpen-planta ere bai. Makina bat bertigo eta beldur sortu zituen nazioartekotze prozesuaren barruan, taldearen atzerriko lehen fabrika izan zen Mexikokoa, eta 2013an beste bat zabaldu zuen Txinan. Egun, 60 bezero ezberdin ditu mundu osoan eta 30 herrialdetako merkatuetan dago. Bost kontinenteetako merkatuetan, Europan, Amerikan eta Asian estrategikoki kokatutako bere hiru ekoizpen fabrikei esker. Elaiaren hegaldia Afrikatik Euskal Herrira bezala, Elay enpresaren hegaldia ere urrutira heldu da, Euskal Herritik Ameriketara: enpresa garatua izateraino, puntako teknologiarekin, konpromisodun langileekin, lehen mailako bezeroekin. Eta prest daude haize bolada gogorrez eta mehatxuz lepo datorren etorkizunari aurre egiteko. Jarrera eta ausardia ez dute falta. Dena beharko dute. Bidaia on. DIASPORAREKIN LANDUTAKO AUKEREN ERAKUSGARRIA Herri Batasuneko mahaikide legez, lan politikoa egitera Mexikora joan zenean hiriburuko Euskal Etxean ezagutu zuen Jose Luis Elkorok Yon de Luisa. Elkororen familia-enpresan aspaldi zebilen gogoan Ameriketan hedatzeko beharra, eta ametsa gauzatzeko nahitaezkoa izan zen Yon de Luisa. Legeak bertako bazkide bat izatea eskatzen zuen, eta Yonek eskaini zuen bere burua. Are, bera izan zen Celay ekoizpen fabrikaren lehen zuzendaria. Bere ekarpena eta dedikazioa ezinbestekoak izan ziren proiektuaren garapenean. Beti Euskal Herria ardatz, beti euskal jendea lagunduz, beti abertzale eta euskaldun jokatuz. Lan politikoan ezagutu, harreman profesionala landu eta lagun min bihurtu ziren bi lagunen historia diaspora lantzeak sor ditzakeen aukeren erakusgarri ederra da. Ez bakarrik diasporako Euskal Etxeetan, baita euskal herentzia dutenekin eta euskaldunen lagun direnekin ere. Maila guztietan, diplomazian, enpresan, kulturan... Ildo horretan, Celay fabrika aitorpen bat da, aurrekoen lanarena, ireki daitezkeen aukerena. Ez delako bakarrik politika edo enpresa, joan-etorria, trafikoa laguntzea da, jendearena, ideiena, kulturarena. Estrategikoa da Euskal Herriarentzat. Horra bere txikian duen esanahi handia.