GAUR8

Venezuelari eraso egiteko eszenatokia prestatzen jarraitzen du Donald Trumpek

Narkotrafikoaren kontrako borroka aitzakiatzat hartuta, Venezuelako muga kontrolatu nahi duela dio Etxe Zuriak. Nicolas Madurok, bere aldetik, maniobra militarrak egiten dihardu etengabe, eta tentsioa hazten ari da.

This browser does not support the video element.


Pasa den astelehenean Los Soles izeneko talde venezolarra talde terroristatzat hartu zuen AEBk. Hori itxurakeria hutsa zela erantzun zion Nicolas Madurok. Alabaina, Trump bere errelatoa sendotu eta Venezuelan militarki operazioak justifikatu nahian dabil.

Nazio Batuen Erakundeak berak ukatu egin du Venezuela AEBtara droga sartzeko bide nagusien parte denik. Trumpek, ordea, berearekin jarraitzen du. Itsasoan 80 bat lagun hil ditu Washingtonek ustez droga zeramaten ontziak bonbardatuz. Orain, Trump Venezuelako mugetan ekintza zuzena egiteko aukeraz mintzo da.

Maduroren Gobernua isolatzeko asmoarekin dabil aspaldidanik Etxe Zuria, eta hegazkin konpainia guztiak ohartarazi ditu Venezuelako aire eremua gurutzatzea arriskutsua dela esanez.

Hegoamerikako herrian zuzenean eragin nahi du Trumpek, eta hala urteetan AEBtako armadak egindako maniobra handienak egin ditu. Onean hitz egiteko prest dagoela esan du Donald Trumpek, baina txarrera ere erantzungo duela. Venezuelak nahita AEBtara migratzaile eta trafikatzaileak bidali zituela esan du.

Aitzitik, Maduro ziur agertu da esanez AEBek ezingo dutela Venezuela garaitu.

Munduko petroleo erreserbarik handienetakoa du Venezuelak, eta horrek AEBren kapitalismo basati eta gose nahia erakarri du. Irakeko inbasioarekin paralelismoak egin daitezke; edozein justifikazio nahikoa da herrialdea hartu eta hango baliabideak bereganatzeko.