DEC. 02 2025 - 05:00h Duela 25 urte zendu zen Luis Villasante frantziskotar Euskaltzainburua Gaur 85 urte bete dira Luis Villasante Kortabitarte (Gernika, 1920ko martxoaren 22an - Oñati, 2000ko abenduaren 2an) frantziskotar idazlea, Teologian doktorea, 18 urtez Euskaltzainburua izandakoa eta euskara batuaren bultzatzailea zendu zenetik. Aita Villasante, Euskaltzaindiaren bilera batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Euskaltzainburu 1970tik 1988ra, aurretik euskaltzain urgazle eta euskaltzain oso, Luis Villasante frantziskotarraren ibilbidea erlijioari eta euskarari estuki lotuta egon zen. Gaur 25 urte bete dira zendu zenetik eta haren izena bizirik dirau; esaterako, Euskaltzaindiaren Donostiako ikergunean –haren izena jarri zioten 2011ean– eta bere lanen digilatizazioari esker. Eliz ikasketak frantziskotarrekin egin zituen aita Villasantek Oñatiko Arantzazun eta Foruan. 36ko Gerra Zibilaren ondoren, Erriberrin eta Arantzazun jarraitu zituen ikasketak eta apaiztu eta Teologian doktoregoa bukatu ondoren, 1947an Arantzazuko Andra Maria Santutegiko teologia irakasle izendatu zuten. Hogeita hamar urtez aritu zen irakasle bertan, 1977an utzi zuen arte. Teologiaz gain, euskarazko eskolak ere ematen zizkien frantziskotar apaizgaiei. Erlijio katolikoa izan zen Luis Villasanteren bizitzako ardatz nagusia, irakur daiteke Euskaltzaindiak egin zion biografian. Haren ustez, Euskal Herriari eman zion gauzarik baliotsuena erlijioaz idatzitako liburuak izan ziren. 1950eko hamarkadan hasi zen harremanetan Euskaltzaindiarekin, Federiko Krutwigen bitartez. Sarrera hitzalditik landu zuen gaia literatura-euskara izan zen. Euskaltzaindiaren 1968ko biltzarrean, orobat, bi txosten irakurri zituen euskararen batasunaz. 1970ean euskaltzainburu izendatu zuten eta hemezortzi urtez jardun zuen Akademiaren buru izaten, 1988an Jean Haritxelhar aukeratua izan zen arte. Ondoren, Iker sailburu (1989-1992) eta Euskara Batuko batzordearen buru (1991-1992) izan zen. Bera euskaltzainburu zela, halaber, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Euskaltzaindia erakunde ofizial bilakatu zuen 1976ko errege dekretu bidez. Euskara batuaren alde jarrera sendoa izan zuen eta euskal literaturaren historia izan zuen aztergai. Era berean, klasikoen hainbat edizio argitaratu zituen. Sari, ohore eta omenaldi ugari jaso zituen bizirik zegoenean.