GAUR8

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

Iruzkin iraingarriak, jazarpen mezuak, mendeku mezuak, mehatxuak, eskatu gabeko argazkiak jasotzea edo material intimoa baimenik gabe zabaltzea. Mexikon 10 milioi dira indarkeria digitala noizbait sufritu dutenak, baina soilik kasuen %70 salatzen dira.

Mexikoko La Paz hirian, emakumeen aurkako indarkeria neurtzen duen neurgailua. (GETTY IMAGES)

Mexikon 10 milioi emakumek baino gehiagok indarkeria digitala pairatu dute, NBE Emakumeak erakundeak ohartarazi duenez. Emakumeen duintasunaren, intimitatearen edo pribatutasunaren aurka eta komunikazio edo informazio teknologien bitartez egindako ekintza oro hartzen da indarkeria digitaltzat. Ohikoena baimenik gabe argazki, audio edo bideoak partekatzea da.

Moni Pizani NBE Emakumeak erakundeko Mexikoko ordezkariak emandako datuen arabera, indarkeria digitala, ziberjazarpena nahiz material intimoa baimenik gabe zabaltzea barnebiltzen duena, azken urteotan gehien hazi den genero-indarkeria motetako bat da. Egoerari aurre egiteko, Mexikon “Es Real. #EsViolenciaDigita” (Benetakoa da. #IndarkeriaDigitalaDa) kanpaina abiatu du Nazio Batuen Erakundearen agentziak. Mexikoko Gobernuak eta AECIDek (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Agentzia Espainola) lagundutako egitasmoa bada ere, Ekuadorren eta Kolonbian ere abian dago.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, azaroak 25a dela eta jarri dute martxan. NBE Emakumeak agentziak azpimarratzen duenez, kanpainaren ardatza zera da: mundu birtualean gertatzen denak benetako ondorioak dituela emakumeen bizitzan eta indarkeria digitala genero-indarkeria ere badela.

Ideia hori transmititzeko, bideo bat zabaldu dute, non esperimentu sozial bat erakusten den. Sentsoreen bidez, eraso digitala egiteko hainbat modu eragiten dituzten estresari eta tentsioari lotutako gorpuz-erreakzioak erregistratzen dira, mundu birtualean gertatzen denak gorputzean ondorioak dituela frogatuz.

Kanpaina aurkeztu zuenean, Moni Pizanik honakoa nabarmendu zuen: «ahotsa altxatzen dugu berriz ere, izugarri azkar hazten ari den mehatxu baten aurrean, hots, indarkeria digitala, adinik eta botererik bereizten ez duena, sare sozialetan lehen profila irekitzen duen nerabe batetik hasi eta Indar Armatuen buru goreneraino (Claudia Sheinbaum presidentea)».

Aldi berean, horrelako erasoek ondorio «suntsitzaileak» dituzte jasaten dituztenen bizitzan, ohartarazi zuen Marion Reimersek, NBE Emakumeen borondate oneko enbaxadoreak eta indarkeria digitaletik bizirik atera zenak.

Reimersek biktimen osasun mentalean eta fisikoan eragindako kalteez ohartarazi zuen. «Ondorioak benetakoak dira, eta modu pertsonalean esan dezaket, bere inpaktuak sakonak dira, antsietatea, beldurra, isilunea, aukeren galera, lanen galera, nire kasuan bezala, kontuak ixteko erabakia», azaldu zuen.

Kanpaina sare sozialetan zabaldu du NBEk. NBEko Emakumeen Borondate Oneko enbaxadore Ximena Sariñanak, Marion Reimersek eta Karla Souzak parte hartu dute, baita Erendira Ibarrak, Mabel Cadenak, Diego Alfarok, Alfonso Dosalek eta Emmanuel Restrepok ere.

Zabaldutako edukietan argi geratu da emakumeen aurkako indarkeria digitala benetako arazoa dela. Horren erakusle, NBE Emakumeak agentziak sare sozialetan egindako argitalpenen iruzkinen artean, asko dira emakumeak iraintzen dituztenak. «Alfer hauen tontakeria gehiago», «beti biktima eta inoiz ez arduradun», «lagun, otzan nahi zaituzte, ez libre», «ze eraso? Eraso deitzen diozue adierazpen askatasunari?» eta «feminismoak desberdintasuna, diskriminazioa eta bereizketa baino ez ditu sortzen» bezalakoak, beste askoren artean.

10 MILIOI EMAKUME

NBEk ohartarazi duenez, Mexikon 10 milioi emakume izan dira indarkeria mota honen biktima. Mexikoko estatistika institutuak, INEGI delakoak, argitaratutako datuak dira. Erakunde horrek 2024an publiko egindako datuen arabera ere, herrialdeko hiru emakumetik batek eskatu ez zuen eduki sexuala jaso zuen. NBEren arabera hori da ziberjazarpen mota zabalduenetako bat.

Bestalde, Britainia Handiko The Economist Intelligence Group ikerkuntza taldeko datuak oinarri hartuta NBE Emakumeak erakundeak azaldu duenez, eremu globalean, emakumeen %40k indarkeria digitala bizi izan dute, eta linean dauden hamarretik bederatzik beste emakume batzuen aurkako erasoak ikusi dituzte.

Emakumeen Nazioarteko Egunean, Martxoaren 8an, feministek Queretaro hirian egindako manifestazioa, 2024. urtean. (Cesar GOMEZ / EUROPA PRESS)

Emakumeen eduki sexual intimoa baimenik gabe zabaltzea arazo larria da, baina beste aldaera bat izan dezake. Alegia, adimen artifiziala erabilita sortutako edo manipulatutako edukiak, deepfake izenarekin ezagunak direnak, zabaltzea. Nazio Batuen 2024ko datuen arabera, irudi edo bideo horien %95ek emakumeak irudikatzen dituzte. Horrek erakusten du teknologiak genero-indarkeriako modu espezifikoak sortzen dituela eta adimen artifizialaren gorakada azkarrak emakumeen eta nesken aurkako indarkerian ondorio garrantzitsuak dituela, NBEk dioenez.

ENPRESA TEKNOLOGIKOEN ARDURA

Olimpia Coral Melo, Mexikon indarkeria digitala zigortzeko Olimpia Legearen bultzatzailea da. Indarkeria digitala izendatzearen garrantzia azpimarratzen du, baina baita betikotzearen arduradunak seinalatzearen garrantzia ere: enpresa teknologikoak.

«Algoritmo patriarkal baten bidez indarkeria mota hori iraunarazten dute, eta haiek ere erantzukizun aktiboak izan behar dituzte», nabarmendu zuen indarkeria digitaletik bizirik atera zen emakume eta aktibistak.

Diana Wongek sareetan edukia sortzen du eta komediantea da. Bat dator Coral Melok nabarmendutako ideiarekin. Alegia, erraldoi teknologikoek eduki edo produktu jakin batzuen kontsumoa areagotzeko algoritmoak sortzen dituztela uste du berak ere. Horregatik, «jazarpen-ereduak garaiz detektatzen dituzten eta emakume askok sufritzen dituzten hainbeste egoera beldurgarri saihesten dituzten» tresnak txertatzeko premia aldarrikatu du.

Bestalde, Ximena Sariñana abeslari eta aktoreak bizitakoa partekatu du. Bere kasuan bezala, laguntza sare bat eta ondorioei aurre egiteko tresnak izatearen garrantzia nabarmendu du. «Egunero jasotzen ditugu iruzkinak, jazarpen mezuak, mendeku mezuak, mehatxuak, eskatu gabeko argazkiak, eta askotan gure iritziak eta ikuspegiak bertan behera uzten dira gizarte patriarkal eta matxista honetan emakumeengandik espero denarekin bat egiten ez duen moduan bizitzeagatik», salatu du.

Erendira Ibarra aktore eta aktibistaren esperientziaren arabera, «indarkeria digitala patriarkatuaren esku gogorra bihurtu da», eta, horregatik, «gorroto gune horietan bake sareak eraikitzeko» deia egin du, enpresa teknologikoek babesten duten «algoritmo patriarkal» horri aurre egiteko.

«MANOSFERA»

Indarkeria digitala hain hedatuta egoteko, enpresen babesaz gain, gizarteak ere paper garrantzitsua dauka. Horregatik, kanpainatarako gizonei zuzendutako edukiak ere sortu dira. Bereziki “manosfera” edo “machosfera” izenez ezagutzen diren maskulinitate oldarkorrak eta bortitzak sustatzen dituzten komunitate digitalei buruz ohartarazteko.

Mundu osoan eragina dauka indarkeria digitalak eta beste indarkeria mota batzuk bezala isila da: kasuen %70 baino gehiago ez dira salatzen Mexikon, 2025eko ikerketa baten arabera.