DEC. 18 2025 - 05:00h Gaur 20 urte, Andoni Egañak 4. aldiz irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia Hogei urte bete dira gaur Andoni Egañak laugarren aldiz txapela jantzi zuenetik. Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Aretoa lepo, 13.000 ikusle batu ziren finalerako, eta gozatu egin zuten bertsolarien lanarekin. Andoni Egaña, 2005ean, lanean. (Gari GARAIALDE | FOKU) GAUR8 Igandea zen 2005eko abenduaren 18a. Bizkaia Arena aretoa lepo zegoen eta, oholtzaren gainera Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Sustrai Kolina, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga igo ziren. «Bertsozale denen festa izan dadin txapelketa» esanez bota zuen hasierako agurra Unai Iturriagak. Eta zortzi finalistek euren bertsoak bota ostean, Unai Iturriaga bera eta Andoni Egaña izan ziren buruz buruko lehiara iritsi zirenak. Imanol Lazkanok jarri zion txapela Egañari. Lau aldiz Euskal Herriko txapelduna, ez da marka makala. Andoni Egaña Makatzagak (Zarautz, 1961eko urriaren 2a) lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta lauak jarraian: 1993, 1997, 2001 eta 2005; beste inork ez du halakorik lortu. GAUR8n makina bat aldiz elkarrizketatu dugu, eta 2017an Amagoia Mujikak egindako batean, hauxe aitortu zuen bertsolari ikoniko honek: «Orain sekulako bertigoa emango lidake txapelketaren erakusleiho horretan jartzeak». Garai bateko ikur izan baita Egaña; horren adierazle, 2021eko neguko ‘Bertsolari’ aldizkaria: ‘Egañaren belaunaldia’ deitu zion aleari. Hamar bertsolariren ahotsarekin osatu zuen kontaketa bertsolari belaunaldi baten pasadizo eta gogoetak oinarri hartuta, garai baten kronika jaso zuen.