DEC. 20 2025 - 00:00h Dena gaixotasuna denean: medikalizazioaren arrisku isila Osasunarekiko kezka neurrigabeak modu ez osasungarrian bizitzera garamatza. (GETTY IMAGES) Larraitz ARRIOLA LARRARTE Azken hamarkadetan, ia oharkabean, gure eguneroko bizitza zeharkatzen duen fenomeno berri bat nagusitzen joan da: existentziaren medikalizazioa. Historikoki gizakiaren esperientziaren parte izan diren ezinegon emozionalak, nekea, ziurgabetasuna edo bizitzako gorabeherak, gero eta maizago ulertzen dira arazo mediko gisa. Bizitzako arazoak patologizatzen ari gara. Bizitzan zehar pairatzen ditugun egoera asko medikalizatu egin ditugu, bizitzako etapa biologikoak “gaixotu” egin ditugu -hala nola, erditzea, nerabezaroa, zahartzaroa eta gizarteak inposatzen duen gorputz eredu normatiboaren barrenean kokatzen ez diren gorputz guztiak- , eta “sendatzeko” botika eta prozedura desberdinak asmatu ditugu. Orain arte arazo edo arrisku zirenak, gaixotasun izatera pasa dira eta, ondorioz, gero eta herritar gehiagoren bizitzak proba diagnostiko berriekin baldintzatuta geratu dira, haien sukalde edo mesanotxeetako tiraderak kolore, forma eta tamaina guztietako pilulez bete baitira. Medikalizazioa etengabe elikatzen eta hazten doan prozesua da, gizarteak bere kabuz arazoak gainditzeko gaitasunik izango ez balu bezala, bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren logikari jarrai, eta gizartean errotu dituen dinamika ekonomiko eta sozialei erantzunez. Horrela, osasun arloan ere, gure bizitzetan gizartearen esplotazio eta diziplinamendu eremu berri bat ezarri da. Osasunerako eskubidea kontsumo-objektu arriskutsu bihurtu dugu. Osasunarekiko kezka neurrigabeak modu ez osasungarrian bizitzera garamatza, eta geure burua zaintzeko gaitasuna eta sufrimenduarekiko eta ondoezarekiko tolerantzia galtzen goaz. Medikalizazio prozesu horretan arazoaren erroa partekatzen duten bi dinamika nagusi bereizi behar dira: batetik, gaixotasunen salerosketa -ingelesezko disease mongering gisa ezagutzen dena- eta, bestetik, ondoezaren medikalizazioa. GAIXOTASUNEN SALEROSKETA Gaixotasunen salerosketa kapitalismoaren merkantilizazio logikari erantzuten dion prozesua da. Farmazia industriak, irabazien printzipioak gidatuta, paziente potentzialen kopurua handitzeko osasunari eta gaixotasunari buruzko pertzepzio publikoak aldatzeko saio ikusezinak eta arautu gabeak diseinatzen eta ezartzen ditu, eta horretarako estrategia desberdinak garatzen ditu. Estrategia horietako bat arrisku faktoreak (osteoporosia, hipertentsioa, kolesterol altua eta abar) gaixotasun bihurtzean datza. Hartara, pertsona osasuntsuak artatzen hasten dira, gaixotzeko probabilitatea tratatuz eta mugagabe luzatuko diren tratamenduak ezarriz. Beste taktika bat bizitzaren eta gorputzaren garapen arruntak gaixotasun bihurtzea da; are, prozesu horientzat botikak sortzen dira espresuki. Esaterako, gizonezkoen burusoiltasuna tratatzeko Finasteride botika. Eta, azkenik, sintoma arinak dituzten prozesuak gaixotasun larrien kategorian sartzen dira, pazienteak botika bereziekin tratatzen hasteko. Horren adibide da heste lodi narriakorra tratatzeko arazo ugari eman zituen Alosetronen komertzializazioa. ONDOEZAREN MEDIKALIZAZIOA Medikalizazioaren bigarren dinamika sakonagoa eta estrukturalagoa da. Sistema kapitalistak berak sortutako alienazioarekin du zerikusia, pertsonak identitatez, autonomiaz eta kolektibotasunez husten dituen prozesuarekin, hain zuzen. Norberaren arrakasta balio bakartzat goresten duen eredu baten pean bizi gara, zoriona, produktibitatea edo erabateko ongizatea lortzen ez dituztenei errua egozten diena, existitzeko baldintza materialak prekarizatzen dituena (lana, soldatak, etxebizitza), komunitate -eta familia- loturak ahultzen dituena eta bakardade ez hautatua, beldurra, etengabeko segurtasun-eza eta akidura emozionala sortzen dituena, guzti-guztia eredu inposatu bati segika. Testuinguru horrek baldintzatutako egoera prekarioak derrigorrez sortzen duen sufrimendua norbanakoaren hutsegitetzat interpretatzen da, eta, alde horretatik, ondoez horren jatorri soziala eta politikoa onartu ordez, psikiatrizatu egiten da; nahasmendu edo diagnostiko bihurtu eta etiketak jartzen dizkiogu sufrimendu horri eta, nola ez, botikekin tratatu, antsiolitikoak, antidepresiboak, hipnotikoak eta enparauak erabiliz. Medikalizazioak, orduan, diziplina-mekanismo gisa jokatzen du, eta kritika neutralizatzen du, norbanakoari egotziz errua, sufritzen dituen baldintzei aurre egiteko gaitasuna kenduz, edozein erantzun kolektibo desartikulatuz eta kaltearen kausa estrukturalak ezkutatuz. ONDORIOAK: GORPUTZ KALTETUAK, SISTEMA TENTSIONATUAK ETA GIZARTE HAUSKORRAGOAK Medikalizazio prozesu bikoitz horren ondorioak sakonak dira eta hainbat mailatan eragiten dute. Norbanakoaren mailan beharrezkoak ez diren diagnostiko probak egiten dira -sarritan albo-ondorioekin- eta zalantzazko edo zuzenean asmatutako gaixotasunak tratatzeko botikak kontsumitzen dira. Herritar zaurgarrienek mediku edo osasun sistemarekiko duten mendekotasuna areagotu egiten da, osasunarekiko antsietatea eta hauskortasun pertzepzioa neurrigabe handituz. Osasun sistema publikoari dagokionez, medikalizazio masiboak sistemaren gainkarga eragiten du, batez ere Lehen Arretan, guztiz klinikoak ez diren arazoekin kontsultak gainkargatuz; osasun mentalaren sarea kolapsora gerturatzen da, eta ondoez soziala diagnostiko psikiatrikoetan islatzen da. Gastu publikoak gainezka egiten du eztabaidagarriak diren proba diagnostikoak eta tratamenduak finantzatuz eta beharrezkoak diren beste hainbat prozesu baliabiderik gabe utziz. Horrek guztiak osasun sistema publikoaren sinesgarritasuna, eraginkortasuna eta kalitatea murrizten ditu sistema pribatuaren onuretan. Gizarte mailan kolektiboki antolatzeko, bizi-baldintzak zalantzan jartzeko eta aldaketak exijitzeko gaitasuna galtzen da. Sufrimenduaren jatorri estrukturala ikusezin bihurtzen da, erantzukizuna indibidualizatu, eraldaketa politikorako gaitasuna murriztu eta desberdintasunak betikotu egiten dira. Ondorioz, medikalizazioak pertsonen autonomia murrizten du, osasun sistema publikoa ahuldu eta gizartearen sufrimenduaren benetako arrazoiak ezkutatu. DESMEDIKALIZAZIOA; ONDOEZA BERRESKURATU BIZITZA BERRESKURATZEKO Bizitzaren medikalizazioa kapitalismo heteropatriarkalaren ondorio sistemikoa izanik ere, errealitate hori betikotzen duten aktoreetako bakoitzaren aldetik badago aurre egiteko modurik. Hala ere, ukaezina da osasun sektoreak duen eragina prozesu horretan guztian, berak baitauka, izatez, osasunaren eta gaixotasunaren arteko lerroa izendatzeko eta taxutzeko ahalmena. Osasun arloan lan egiten dugun profesionalok ondoez emozionalaren eta gaixotasunaren arteko lerroa non dagoen ezartzen saiatzen gara eta ondoezak medikalizatzen ditugu. Ahaztu egin beharko genuke lerro hori marrazteko asmoa, marra hori existitzen denik ere zalantzan jarri beharko genuke, eta laguntza eta babesa eskaini sufrimenduaren aurrean, gauden tokitik eta ditugun baliabideekin pazienteari eskua luzatuz. Ez dugu ondoeza patologizatuko, ezta banalizatuko ere, baina arazo horiei zentzua ematen saiatzea ezinbestekoa da, onartuz kausen kausak norbanakoarengandik kanpo daudela eta osasungintzaren eremua gainditzen dutela. Irtenbideak lankidetzan izan behar luke oinarria, osasungintzarekin eta inplikatutako beste sektore guztiekin elkarlanean arituz. Osasun erakundeetatik osasun politikak birpentsatu behar ditugu eta osasun sistemaren begirada aldatu behar dugu eredu biopsikosoziala barneratuz. Interes komertzialak eta diskurtso patologizatzaileak arautu eta ondoezaren egiturazko kausen aurkako politika publikoak bultzatzea garrantzi handikoa da bizi dugun gizarte likido honetan. Aldi berean, baina, ondoeza seinale gisa berreskuratu behar dugu gizartea osatzen dugun herritar guztiok, bizi ditugun baldintzen adierazpen zilegi gisa, ezinbesteko urratsa baita gure ekintzarako, komunitaterako eta eraldaketa sozialerako gaitasuna berreskuratzeko. Yayo Herrero antropologo, ingeniari eta aktibistak dioen bezala, kolektiboki antolatzean datza gakoa, hori baita bakarka egin dezakegun aldaketarik handiena.