GAUR8

Emma Rooke, Hawaiiko erregina, gaurko egunez jaio zen

Duela 190 urte jaio zen Emma Kalanikaumakaʻamano Kaleleonālani Naʻea Rooke, Emma Hawaiikoa izenez ezagunagoa, 1856tik 1863ra artean Hawaiiko Erresumako erregina ezkontidea izan zena, Kamehameha IV.a erregearen emaztea baitzen.

Emma Hawaiikoa erregina ( University of Hawai'i-West O'ahu)

Emalani Rooke, Emma erregina, 1836ko urtarrilaren 2an jaio zen, Honolulun. Tradizio hawaiar bati jarraituta, amaren aldeko izeba batek, Grace Kamaʻikuʻi Young Rooke buruzagiak, eta haren senar Thomas C. B. Rooke medikuak adoptatu zuten. Haien etxean hazi zen, Rooke Housen (Honolulu). Estatubatuar misiolarien Royal Schoolen ikasi zuen.

1856ko ekainaren 19an Alexandro Liholihorekin ezkondu zen, Kamehameha IV.a erregearekin, alegia. 1860an, errege-erreginek Hawaiiko Eliza sortzeko laguntza eskatu zioten Ingalaterrako Elizari, eta 1862an 21ean biek bataioa eta ondoren sendotza hartu zituzten. Hori dela-eta, Estatu Batuetako Apezpiku Elizak kanonizatu egin zituen, baita erreginak ospitale bat eraikitzeko egin zuen ahaleginagatik ere. Izan ere, berak konbentzitu zuen bere senarra horretarako, bere aitaren mediku lanak iradokirik. Era berean, San Andres katedrala eraiki zuten, eta 1867an, nesken eskola kristaua.

1858an izan zuten semea, Alberto Eduardo Kamehameha printzea, 1862an hil zen, eta Emma Hawaiikoari Kaleleokalani izena eman zioten, ‘jainkotiarraren abiatzea’ oroitzeko titulua. Urtebete geroago, 1963an, erregea hil zenean, izen horrek plurala hartu zuen, hildako biak oroitzeko: Kaleleonālani.

1865ean eta 1886an Ingalaterrara eta Estatu Batuetara joan zen osasun arazoak zirela-eta. Herrialde haietan, Hawaiiko misio anglikanoa handitzen lagundu zuen. 

Senarra hil ondoren Emma Hawaiikoak tronurako hautagaia izan zen bi aldiz, baina lehenengoan Lunalilo eta bigarrenean Kalākaua hautatu zituzten. 1874an Lunalilo erregea hil ondoren, Kalākauaren aurkako lehia galdu zuenean, istilu larriak izan ziren. Herrialdeko jende xehea Emmaren aldekoa bazen ere, Batzar Legegileak Kalākauaren alde egin zuen. J. W. Lonoaea legebiltzarkidea hil eta beste hamabi legebiltzarkide zauritu ziren jendearen haserrearen ondorioz.

Emma Hawaiikoa 1885eko apirilaren 25ean hil zen, 49 urte zituela.