JAN. 17 2026 - 00:00h Segurtasuna, ez pribatutasuna Ilustrazioa: YERAY GASCON Gorka Julio Pasa den azaroan Marta G. Franco eta Leire Lisonekin egungo sare sozialen inguruan hausnartu genuen Torrekua Errenteriako espazio komunitarioan. “Zer geratzen da sozialetik sare sozialetan?” izena zuen hitzaldiak. Han izandako elkarrizketatik abiatuta, Marta G. Francok artikulu interesgarria idatzi zuen Redesnuestras.net proiektuan. Pribatutasunaren diskurtsoaren mugetatik harago joaten da. Segurtasun digitalari buruzko ikuspegi kolektibo, feministago eta eraginkorragoa proposatzen du. Elkarrizketa horietan oinarrituz eztabaida zabaltzeko helburua dauka artikuluak. PRIBATUTASUNAREN DISKURTSOAREN AGORTZEA «Hogei urte baino gehiago daramatzagu pribatutasunaren garrantziaz mintzatzen», dio Marta G. Francok. Mark Zuckerbergek 2010ean pribatutasuna arau sozial moduan galdutzat ematen zuen. Egia esan, arrazoia zuen hein batean. Gizarteko gero eta sektore gehiagori datu pertsonalak enpresa teknologikoek monitorizatzen dituztela jakiteak axola gutxi dio edo ezin duela ezer egin sentitzen du. Marta G. Francoren ustez, ez da gertatzen erabiltzaileek pribatutasunari garrantzirik ematen ez diotelako, baina diskurtso horrek ez dio aldaketarako gogorik pizten dagoeneko jende gehienari. Hitzaldi berean Leire Lisonen Gradu Amaierako Lanak argi erakutsi zuenez, Euskal Herriko gazteek badakite korporazio teknologiko handiek euren datuen ustiaketa egiten dutela. Kontzientzia dute, baina ez dute ezer egiten. Zergatik? Zaila egiten zaie sare sozial korporatiboetatik alde egitea, lagunekin harremantzeko balio dietela uste dutelako. Gainera, gazteek ez dute ekonomia digitalaren beste alternatibarik irudikatzen. Eredu bakarra ezagutzen dute. Marta G. Francoren proposamena da pribatutasunaren ikuspegi tradizionalak ez duela balio handirik gure egungo testuinguruan. Gure datu isolatuak ez dira interesgarriak. Milioika pertsonaren datuen metaketa da errentagarria, kontsumoko ereduak aurreikusteko edo adimen artifizialak entrenatzeko balio dutelako datuok. Beraz, galdera aldatu behar dugu. Enpresa batek edo besteak zure datuak izango dituela jakitun zaren galdetzetik, negozio eredu bidegabe eta toxikoei lagundu nahi diegun galdetzera pasa behar dugu. Kontsumitzaile etikoei dei egitea ere ez da aski. Guztiok parte hartzen dugu negozio eredu kaltegarrietan, ondorioak ezagutzen ditugunean ere. Orduan, zer da eraginkorra izan daitekeena? Marta G. Francoren ustez, segurtasunaren ikuspegi zehatz batean dago gakoa. Ez segurtasun digital indibidualista eta tekno-sofistikatu bat, non pertsona bakoitzak ehunka tutorial irakurri, elfikoa ikasi eta bere zerbitzaria administratu behar duen. Horren ordez, segurtasun ikuspegi kolektibo, feministago eta holistikoagoa proposatzen du. Segurtasuna, gure testuinguruan eta gure balio eta itxaropen pertsonaletan oinarrituta, arrisku, ahultasun eta ziurgabetasun kopuru jasangarri bat izatean datza. TEKNOFAXISMOAREN AURRERAPEN AZKARRA Une historiko kritiko batean gaude. Pertsonak arrazoi politikoengatik identifikatzea eta erreprimitzea izugarri erraza da. Datu pertsonal asko daude eskuragarri eta datuok prozesatzeko sistema masibo eta automatizatuak dituzte estatuek eta, lehen aldiz, baita mundu mailako zenbait korporazio handik ere. Urrun baino gertuago. Euskal Herria beti izan da espioitza eta arlo digital mailako kontrolerako laborategia. Azken urteetan beste leku batzuetan ere espioitza digitalerako softwarea zabaldu da. Katalunian 2017an erabili zen eta, inpunitate mailaren erakusgarri, Espainiako Gobernuaren presidentearen mugikorrera 2021ean iritsi zen. Italiako Meloniren Gobernuak kazetari eta aktibisten kontra erabiltzen du. AEBko Trumpen Gobernuak migratzaileak monitorizatzeko erabiliko duela dirudi. Joera globala da eta gogor joko gaitu Europar Batasunean ere. Chat Control onartu nahia edo Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren murrizketa horren adibide dira. Krimenak prebenitzeko edo “lehiakortasuna” bermatzeko aitzakiapean gure eskubide digitalen sistema makala desegiten ari dira. Gobernuak gero eta autoritarioagoak dira, baina ez dira arriskua sortzen duten eragile bakarrak. Segurtasun kognitiboa ere bada. Herritar gehienek kezka dute sarean gezurrak kontsumitzen dituztela. Algoritmoen manipulazioak ere sortzen du kezka, gure desirak eta obsesioak ustiatzen dituztelako, bereziki gazteen kasuan. Beste alderdi bat ekonomikoa da. “Prezio dinamikoen praktikak” bezala ezagutzen denak, prezio ezberdinak ezartzen ditu gure datu pertsonaletan oinarrituta. AEBko supermerkatu kateetako etiketa elektronikoak jartzen ari dira adibidetzat; produktu bakoitzaren prezioa denbora errealean aldatzen dute. Baita pertsona bakoitzarentzat pertsonalizatzeko ere. Europan gaur egun ez litzateke legala izango. Bihar, nor daki. Identitate-lapurreta errazteko aukera ematen dute zenbait teknika berrik: gure ahotsa imitatu dezaketen adimen artifizialak, gure oporretako bideoak baliatuz gure bideo faltsuak sortzeko aukera ematen duten tresnak eta beste. Hori guztia ere segurtasunik eza da. ERANTZUN KOLEKTIBOEK AHALDUNTZEN GAITUZTE Beldurra zabaltzea arriskutsua izan daiteke. Paralizatu edo jarrera teknofoboak sor ditzake. Teknologia enpresa handietatik kanpo Internet asko dagoela ahazteko arriskua ere badu; kanpo hori hazten lagundu beharrean, offline bizitzearekin amestu nahi izatea ere ekar lezake. Hori izugarri kaltegarria litzateke, konexio digitalen alde onak galduko genituzkeelako. Hala ere, sozialki edo instituzionalki plataforma toxikoak jasaten jarraitu beharko genuke, kanpotik bada ere. (GETTY) Marta G. Francoren ustetan, orain arte gehien sustatu diren konponbideak indibidualak izan dira, norberaren gaitasunean oinarritutakoak. Zure mezu elektronikoak zifratu, ikasi albiste faltsuak detektatzen, erabili anonimotasuna lortzeko programak. Ezagutza horiek sozializatzea beti da ona eta egin beharrekoa, baina arazoa da jende gehienak sentituko duela ez duela gaitasun nahikorik edo ez dela praktikoa. Hobeto egiteak esan nahi du erantzunak modu kolektiboan eraikitzea, Torrekua espazioko elkarrizketan nabarmendu zen bezala. Modu holistikoan, ziberfeminista batzuek azken urteetan kontzeptualizatu duten bezala. Segurtasun digitala ez da kontzeptu teknikoa. Teknologia hau edo hura erabilita lortzen dena, baizik eta gure eguneroko errutinen berrikusketa eskatzen digun diziplina bat. Zaintza erdian jarrita. Gure integritate psikologikoarekin, fisikoarekin eta inplikatutako pertsona guztien ongizatearekin konprometitzea, alegia. Segurtasun digitala modu feministan pentsatzea ikuspegi intersekzionala aplikatzea ere bada. Diskriminazio egituratuaren maila desberdinek, arriskuek, modu desberdinetan eragiten digutela konturatzeko. Plataforma ez-seguru hauetan egotea arriskutsuagoa da, adibidez, migrazioan dauden pertsonentzat. Baita gorrotoa pizten duten kanpainen xede diren talde sozialentzako ere. Labur esanda, gizon zuri, zishetero, pasaporte egokidun eta bizitza ekonomikoki konpondua duenetik urrun bazaude, okerragoa izango da. Hori gogoan harturik, arriskuen ebaluazio bat egin dezakegu konplexutasun hori guztia kontuan hartuta. Zein kasutan jasan dezakegun esposizioa, pribatutasunari uko egitea, eta zeinetan ez. Bi edo hiru enpresa erraldoik gure behar guztietarako konponbideak emango dizkigutelakoan bazaude, alboratu ideia hori. Ebaluatu estrategikoki nork jarri behar duen gorputza edo aurpegia eta nork ez, zein elkarrizketa, zein espaziotan, izan behar diren, zein datu babestu behar diren bereziki. Eta komunitatean egin, gure erabakiak praktikoak eta esanguratsuak izan daitezen ahalik eta jende gehienarentzat. GERIZPE DIGITALEN BILA Aurrean duguna erregimen teknopolitiko bat da. Kapital espekulatiboko mobilizazio izugarriz eta botere politiko antidemokratikoekin elkar elikatzen duten aliantzekin. Horregatik, software librearen tresna alternatiboen artean ez dago guztiz segurua denik. Ez gaituzte erabat babestuko. Baina bai hobekuntzak eta elkarrekin pentsatzeko gerizpe ederrak eskaini. Hori guztia pentsatzea lehen urratsa da politizatzeko. Politizatzea esan nahi du alor guztietatik ekitea, baita erakundeetatik ere. Gure inguruko jende gehiago lagunduko badugu, beharbada balio du segurtasun digitalaren kontzeptualizazioak zabaltzea. Guneok benetako gerizpe digital baliotsu bezala ikus daitezen, kontakizun irisgarriagoak ere sortu beharko ditugu. Torrekuan Marta G. Francok aipatu zuen garrantzitsua dela kontzientzia kritikoa jendartean zabaltzea. Horrek emango bailuke sare alternatiboen inguruko ikuspegia sozializatu ahal izatea. Ez gaitezen galdu pribatutasunaren hitzetan, baizik eta pentsatu kolektiboki zer egin dezakegun gure bizitzak eta komunitateak seguruagoak izateko mundu digital honetan. Alegia, proposamen garrantzitsuena ez da teknikoa, teknikoa ere baden arren. Politikoa eta kolektiboa da. Ez da proiektu indibiduala, kolektiboa baizik. Eta hori da, ziur aski, Torrekua espazioko elkarrizketaren ardatzaren jarraipena. Sare sozialetan, sozialetik zer geratzen den galdetzetik, elkarrekin soziala eta segurua den ingurune digital bat nola eraikitzen dugun pentsatzera pasa behar dugu.