GAUR8

Eskuararekin bat egin dute Arabako beste zazpi enpresak, euskararen erabilera sustatzeko

Arabako beste zazpi enpresa handi batu dira Eskuara proiektura, euskararen erabilera sustatzeko urrats berriak egiteko. Zazpien artean, euskararen kudeaketan ari diren Oreka IT eta RPK enpresak daude; bi ikastetxe –Zaraobe eta Eraiken– eta Amets SL, Mekatxabir eta Txakoli Artomañana.

Eskuara proiektuan parte hartzen duten eragileak, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraituko dutela berresteko.

Euskararen kudeaketan ari diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxeak diren Zaraobe eta Eraiken, Amets SL eta Mekatxabir industria enpresak eta Artomaña txakolina ekoizpeneko enpresa dira egitasmora gehitu direnak.

Gaur egun, 30 enpresak eta Lanbide Heziketako zentrok baino gehiagok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.

Lakuako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala dira ekimenaren sustatzaileak, eta ostegun honetan egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan. Erakunde publikoetako arduradunekin batera, batu diren enpresetako eta lehendik ere kide direnetako ordezkariak ere izan dira bertan.

Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzeko xedez. Proiektuan parte hartzen duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute, euskararen presentzia areagotzeko.

Beharretara egokituta

Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide eta horrela, ikasleek lan munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira.

Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta ekitaldian gogora ekarri dituzte 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak. Horrela, diagnostiko sinple baten bidez, enpresa bakoitzak bere aukerak eta beharrak identifikatu ditu. Ondoren, enpresa askok hizkuntza politika propioa definitu dute, eguneroko lanean txertatzeko.

Gainera, euskararen mapak egin eta Euskaraldian parte hartu dute, eta Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa abiatu da. Praktikaldiak eta langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira, eta webguneak, sare sozialak eta bezeroentzako materialak euskaratu dira.

Euskararen Eguna, Euskara Tratuak eta antzeko ekimenak zabaldu dira, eta barne komunikazioa, kartelak eta lan ingurunea euskalduntzen ari dira.

Hizkuntza paisaia, harremanak...

Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, «bakoitzak bere erritmoak dituelako», eta 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, komunitateko kideei bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiz.

Hizkuntza paisaia da bat, ingurune fisikoan (tailerrak, bulegoak, ekitaldiak) zein digitalean (webguneak, sare sozialak). Langileen eta enpresaren arteko harremanean ere sakonduko da, hau da, barne komunikazioa, harrera planak, bilerak eta eguneroko harremanak.

Hirugarrenik, ikasleen praktikaldia landuko da, pausoz pauso euskalduntzea, dokumentazioa, lankideekiko harremana eta instruktoreen rola indartuz.

Halaber, eEuskara erabili nahi dutenen ahalduntzea sustatuko da, segurtasuna eta erraztasunak emanez, eta, azkenik, bezeroarekiko arreta jorratuko da, euskarazko zerbitzua sendotzea, bereziki herrian bezeroak dituzten enpresetan.

Azkenik, martxoan abiatuko den 24. Korrika dela eta, Eskuara proiektuko aholkulariak gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.