JUN. 27 2026 - 00:00h Pradales ikono feminista Mijo Lizarzaburu EHUko ikerlaria eta militante transfeminista Imanol Pradales lehendakariak esan du erakundeek eta feministok «zorroztasunez» jokatu behar dugula indarkeria matxistaren salaketen aurrean, eta ezin dela «sistema paralelorik» onartu. Baina zein sistemaz ari da Pradales hori esatean? Zein babes-mekanismoz ari da salatutako bortxaketen %80 ez badira inoiz epaiketa fasera heltzen? Pradalesek defendatzen duen sistema ez da biolentzia patriarkalaren aurkaria, haren konplizea baizik. Gizonek ez dute ulertzen zure laguna, familiako kidea edo bikotekidea izan denari salaketa bat jartzeak zer inplikatzen duen, salatzen duenarengan eta haren lagun sarean (askotan erasotzailearekin partekatzen dena). Salaketa jartzea ez da botoi bat sakatzea. Ez da polizia-etxera joan, deklaratu eta justizia automatikoki jasotzea. Salaketa jartzea da berriro kontatzea, behin eta berriz. Zalantzan jarria izatea. Zure gorputza, zure oroimena, zure erreakzioak eta zure bizitza osoa aztergai publiko bihurtzea. Eta gero hori guztia artxiboan ahaztuta geratzea (10 kasutik 8rekin gertatzen den bezala), epai txikienaren zain urteetako itxaronaldian egotea (10 kasutik 1 kondenatzen dutenean) edo erasotzaileak zu salatzea (Errejon “aliatuak” Mouliaari egin dion bezala). Aipatu behar da horretan guztian Poliziak jokatzen duen papera; «biktimen babesaren berme» gisa aurkezten dute haien burua, baina datuek erakusten dute segurtasun indarren barruan arazo espezifiko bat dagoela indarkeria matxistarekin. 2023ko eta 2024ko udetan indarkeria matxistaren biktima hilgarrien %15 poliziek edo polizia ohiek hil zituzten, populazioaren %0,3 inguru besterik ez direnean. Beraz, barkatu, baina zein autoritaterekin esaten zaie erasoak jasan dituzten emakumeei bide bakarra sistema horretatik pasatzea dela? Normala da erasoak jasan dituztenek edo feministek sistema judizialarekiko mesfidantza izatea, eta, ondorioz, kasuen gehienak ez salatzea. Mesfidantza hori sortzeko arrazoi estrukturalak daude: erasoa jasan duena susmopean jartzen duten galdeketa eta dinamika polizialak, epaileen ikuspegi patriarkala, prozesuan jasaten den birbiktimizazioa eta herriak edo inguru sozialak erasoa salatu duenarekiko aplikatzen duen biolentzia (erasoa jasan duenaren hitza auzitan jarriz edo erasotzailearen mina zentroan jarriz: «bizitza hondoratu diote Aitor, Iban, Salba edo dena delako koitaduari»). Gainera, sistemak ez die erasoak jasan dituzten guztiei modu berean eragiten. Klaseak, arrazakeriak, egoera administratiboak, adinak, desgaitasunak edo sexu-genero disidentea izateak baldintzatu egiten dute nork duen salatzeko aukera edo nork jasotzen duen sinesgarritasuna. Zer uste duzue gertatzen dela langile migratu batek haren nagusia salatzen duenean? Feminismoak ez du sistema paralelo perfekturik asmatu. Baina feministak ez gara inozoak, badakigu gaur dugun sistema ofizialak ez duela inolako babesik eskaintzen eta antolakuntza propioa beharrezkoa dela. Badakigu bide ez-instituzionaletatik eraso matxistak lantzea oso zaila dela, akatsak egiten direla, kontraesanak daudela eta askotan ez dugula lortzen gauzak aldatzeko beharrezkoa den boterea eta autoritatea. Baina ezin dena egin da mugimendu feminista deslegitimatu eta Pradalesek defendatzen duen punitibismo patriarkalaren edo antipunitibista akritikoek eskatzen duten inpunitatearen artean aukeratzera mugatzea. Mugimendu feministatik asmatu behar dugu nola erantzun sexu-indarkeriei, zigorraren logika itsuan erori gabe, baina erasotzaileen erantzukizuna salatuz. Nola eraiki prozesuak erasoak jasan dituztenak babesteko, erasotzaileei ardura eskatzeko eta komunitatearen inplikazioa bermatzeko sistema penalaren fantasia salbatzailean erori gabe. Pradales jauna, indarkeria patriarkal estrukturalari zigor indibidualak soilik aplikatu nahi izatea eskuak garbitzeko modu bat da, benetako arazoari ez heltzeko estrategia, aldaketa sozial sakonak gaizkile indibidualen bidez ordezkatzeko saiakera, eta feministok ez gara zure tranpa patriarkalean eroriko. Egin zure lana, bermatu baliabide publikoak eta utzi mugimendu feminista bakean. •