GAUR8

Bidaia zoragarri bat

Getxoko kontzertu pedagogikoa. (UTZITAKOA)

Mikel eta Peio amaren eskutik doaz. Kaletik saltoka doa Peio, lurreko baldosa gorriak zapaldu gabe. Mikel, ordea, gertatuko denari buruzko galderak, zalantzak, ametsak partekatzen ari da amarekin. Kontzertu bat ikustera doaz, herriko bandaren urteroko kontzertu pedagogikoa. «Zergatik da pedagogikoa?», galdetu du Mikelek, eta Peio txikiak erantzun dio: «Pedagogiko, magiko!». Umeei zuzendutako kontzertua baino gehiago ere badela azaldu dio amak, instrumentuak ezagutu, abestu eta dantza egin, eta aktiboki parte hartuz ikasi eta gozatzeko aukera ematen duelako da pedagogikoa. Aretoko kontzertuak ez dira txosnetakoak bezalakoak, argitu du Mikelek. Txosnetan helduak oihuka eta dantzan egoten direla, askotan musikariak jotzen ari direnean ere hitz egiten eta zalapartaka. Aretoetan jendeak isiltasuna eskatzen du, eta haserretu egiten dira edozein soinu txikirekin ere. Helduek arauak edonola moldatzen dituzte.

ISTORIO BATEAN MURGILDUTA

Santa Zezilia dela eta, urtero antolatzen du Getxoko Musikalia elkarteak kontzertu pedagogikoa, eta ordubetez, hainbat abestiren bidez istorio bat kontatzen dute. 0 eta 100 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak izan ohi dira, jolastiak eta hezigarriak. Aurtengoan, Amelia Earhart-en gidaritzapean, munduari bira emango diote unibertsoko garraiobiderik unibertsalena lagun: musika. Kontinente bakoitzetik, herrialde batzuk eta bertako bitxikeriaren bat ezagutu eta abestien bidez haraino bidaiatuko dute bertaratzen direnek. Horrez gain, sarreran bidaiari txartel bat jasoko dute, eta ezagutu ahala herrialdeetako irudiak margotu beharko dituzte. Hortaz, entzun, ulertu eta ekin. Horrela ikasten da, eta horrela gerturatzen dira umeak musikara, jolasaren oharkabe magikoan, non hemen hasi eta ez dakizun noraino helduko zaren. Horrela bihurtuko dira datorren azaroaren 21ean entzule doazen haurrak, 20 urte barru, bandako kide. Noizbait, norbaitek kontzertu berezi bat prestatu zuelako bere lanorduez kanpo, bere aisialdian jardun zuelako astean behin entseatzen, buruari eragin ziolako ideia berri eta dibertigarriak ekartzeko kontzertu pedagogikora. Magia dirudi, umeak parte hartzen eta adi-adi entzuten egotea arau zigortzailerik gabe. Hortxe dago koska, ez da umeentzako kontzertu bat, umeekin egiten den kontzertu bat baizik. Askok infantilizazioa dela-eta ahoa beteko dute, haurrek “egoten ikasi” behar dutela eta abar; oso diskurtso zaharra da hori. Ikusi besterik ez dago opera eta musika klasikoa ematen denean besaulkiak hutsik nola geratzen diren. Helduentzat ez baita erakargarria estilo horretako musika, alde batetik, ez dagoelako modan eta ez dagoelako makrokontzerturik, ezta 15 minutuan amaituko den sarrerarik ere. Eta, bestalde, musika mota horren aspergarritasunean hezi gintuztelako, gordetzen dituen sekretu guztiak jakin gabe.

PROBATU AHAL DUT?

Peio, Mikel eta ama, amatxo ikustera joan ziren iaz ere kontzertu pedagogikora. Eskolako lagunekin eta haien gurasoekin joan ziren, bazkaria, kontzertua eta goxoki plana, borobila. Kontzertua amaitutakoan, umeetako bat Peioren amatxorengana hurbildu eta zera galdetu zion: «Probatu ahal dut?». Emakumeak barre egin eta tronpetaren muturra zapi batekin garbitu zuen, ondoren, umeari aho puzker bat egiteko eskatu zion. Lehenik, airean, eta, gero, tronpetaren muturrean indar handiz. Tronpetak soinua egitea lortu zuen, eta begiak zabal-zabal ireki zitzaizkion, barre urduri batekin lagunduta bostekoa eman zion emakumeari. Gaztetxo bat klarinetea jotzen zutenengana hurbildu zen eta musika eskolan klarinetea ikasten ari zela esan zien. Oraindik “klarinete beltza” (hastapenetakoa) jotzen zuela, baina hurrengo ikasturtean handien klarinetea joko zuela eta bandan jotzea gustatuko litzaiokeela. Musikariek zoriondu eta jotzen jarraitzera animatu dute, Banda Txikirekin jotzen dutenean elkarren ondoan jarriko direla esanez. Irribarre zabal-zabalarekin jarraitu du bere bidea. Haizezko eta perkusiozko instrumentuak jotzen dituzte Musikalia Elkartean, klarinetea, tronpeta, zeharkako flauta, oboea, tuba, bonbardinoa, saxofoia eta marinba, bateria, gonga, dunbala, txindatak, klabeak, lira… zenbat izen eta zenbat aukera, infinitu! Munduan zehar, denboran zehar, emozioetan zehar eta norbere barrenera ere bidaiatzeko tresna da musika. Pedagogikotik magikora egiten du salto aretoko musikak bi osagai hauekin: umeen ilusioa eta heldu baten gogoa. •