NOV. 07 2026 - 00:00h «Trumpiana Brasileira» Xabier Izaga Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea Ez dakigu estatubatuarrek Donald Trump gogoan zutela bozkatu zuten edo haren piura ahaztu nahian. Dena dela, Homer Simpsonen eskolakoa baita, «ni ez naiz izan» esan zuen emaitza jakin orduko. Asteazken goizaldean gogora etorri zitzaidan hauteskunde ekitaldi baten irudi bat. Trump jendaurrean dantzan eta haren ondoan, (negarra eragiteko moduko) eszenari begira barrez, J. D. Vance presidenteordea bere emazte zoko-betegarriarekin. Lerro hauek idazterakoan, presidenteordeak Irango gerrari egotzi dio porrota. Egingo nuke honezkero pentsatzen ari dela nola aldendu Trumpengandik neurri batean, nola itxurak egin, alegia. Edonola ere, badirudi Vanceren, Marco Rubioren eta enparauen etorkizun politikoa presidente horiarenarekin lotu samar dagoela. Baten batek esan zuen Luiz Inacio Lula da Silvaren ustekabeko garaipena Trumpen porrotaren aurrekari izan zitekeela. Ez dakit norainoko eragina izan zuen goiko herrialdeko hauteskundeetan, baina munduko ultraeskuinaren oldarraldiari buru egiteko erreferentzia izan liteke. Lehengo batean brasildar bat ezagutu nuen, nire lagun baten ezaguna. AEBra joateko asmoa zuela esan zuen, ez dakit zenbat estatutan zehar bira itzela egitera. Amorratuta ageri zen Trump haserre zegoelako… Lularen erruz. Gainera, gaur arteko eta gaurgeroko presidente brasildarra kartzelara zigortutako gaizkilea dela esan zuen. Nik argitu nuen zigorra bertan behera utzi ziola Auzitegi Federal Gorenak. Bazekiela, baina ez dagoela frogatuta ez dela lapurra. Egia… ezta lapurra dela ere, nik. Langileen Alderdiko liderra errudun jo zuen Sergio Moro epaileak ustelkeria pasiboa eta dirua garbitzea leporatuta, baina 2021ean Auzitegi Federal Gorenak baliogabetu egin zituen ezarritako zigorrak, Lularen aurkako prozesuan Morok (ostean Jair Bolsonaroren Gobernuko ministro izango zenak) ez zituelako haren eskubideak errespetatu. Nire ezagun berriak, baina, haren errugabetasuna ez dutela frogatu, jarraitu zuen teman. «Zurea ere ez», esan nion. Eta berak, mindua, bere errugabetasuna ez dagoela zertan frogaturik. Ez horixe; bada, egoera judizial berean dago Lula. Bolsonaro -aita-, berriz, 27 urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzen ari dela gogorarazi nion bide batez. Berak, ezetz, etxean dagoela. Baietz, nik, etxean dagoela bere gaixotasunen bat dela-eta, baina zigortuta, estatu kolpea ematen saiatzeagatik, besteak beste. Ea Brasilen izan naizen galdetu zidan, ez oso adiskidetsu. Brasilen sekula izan ez denak ezin du Brasilez hitz egin, nonbait. Antzeko zerbait entzunda nago azken hamarraldietan; hala ere, onartu beharra daukat brasildar hori (ez dakit nola izena duen) ez dela hemengo betiko batzuk bezain exijentea, bere herrialdeaz hitz egiteko ez baitzidan eskatu hangoa izaterik. Egia sinple eta nabarmen bat egia izatekotan, ez da beharrezkoa ez ni, ez beste inor Brasilera joatea, nik uste. Hara agertuko banintz ere, ez litzateke ezer asko aldatuko ez Lularentzat, ez Bolsonarorentzat. Solasaldia ez luzatzearren, ez nion Trumpen curriculum deliktiboaren berri eman. Ezta Bolsonaro -semea- justiziari ihes eginda dagoela esan ere, Brasilgo presidentetzarako hauteskundeak baino lehen gertatu baitzen gure enkontrua, Bolsonarok -semeak- bere burua erbesteko presidente eta gero oposizioaren erbesteko lider izendatu baino lehen, hain zuzen. Atsegin handiz entzun izan ditut nire solaskidearen herrikide Heitor Villa-Lobos musikagilearen “Bachianas Brasileiras” izeneko konposizioak, baina Trumpiana Brasileira hark ez zidan batere onik egin. •