NOV. 14 2026 - 00:00h Toki bat munduan Koldo Sagasti Giza eskubideen aldeko ekintzailea Datozen orduotan Euskal Selekzioak lagunarteko partida jokatuko du San Mamesen Venezuelakoarekin. Norgehiagokak ageriko helburu bikoitza du; kirol arlokoa, batetik; eta Euskal Herriko taldearen ofizialtasuna aldarrikatzea, bereziki. Antolatzaileek azaltzen dutenez, kirol diziplina guztietako talde nazionalek nazioarteko topaketetan modu ofizialean lehiatu ahal izateak ikusgarritasuna emango lioke gure herri txikiari, munduan merezi duen tokia. Urteroko selekzioaren partidek bilatzen duten helburu horrek ezer gutxi dauka kiroletik, eta asko politikatik, eta hala ere, guztiz zilegi da, historian zehar zilegi izan den bezala kirol ikuskizunetako agertokia baliatzea nazioarteko arretaren fokua bidezko aldarrikapenen gainean jartzeko. Hortxe dugu, besteak beste, Tommie Smithek eta John Carlosek 1968ko Joko Olinpikoetako podiumean ukabila altxatu zuteneko erretratu historikoa, edo 1976an Iribarrek eta Kortabarriak Atotxako berdegunera ikurrina atera zutenekoa. Baina kirol ikuskizunak aho biko ezpata dira, eta herriak aldarri zilegien bozgorailu moduan erabili dituen era berean, botereak ere sarri erabili ditu jokabide ankerrenak zuritzeko. Gogora ditzagun, bestela, 1936an nazien erregimenak Berlinen antolatutako Olinpiadak, edo 1978ko Videla diktadore argentinarraren Munduko Futbol Txapelketa, bakar batzuk aipatzearren. Kirol ekitaldi masiboak propaganda agertoki ezin hobea direla ondotxo dakite Israelgo erregimen kolonialeko estrategek ere, eta horrexegatik, hain zuzen, daramatzate urteak nazioarteko lehiaketetan euren kirol enbaxadoreen parte hartzea sustatzen, besteak beste, Euroligan. Datorren asteartean, hilak 17, Gasteizen izango dira, berriro, Baskoniarekin norgehiagokan, baita abenduaren 4an ere. Baliteke, berriz ere, partida Israelgo erregimen genozidaren gorazarrerako ekitaldia izatea. Edo akaso buelta eman diezaiokegu tortillari, eta elkartasun erakusleiho bihurtu; Palestinarekin eta beste hainbat herri zanpaturekin batera munduan bere tokia nahi duen herri baten erakusleiho. •