GAUR8

Bi milioi dolarreko diru-laguntza duen beka lortu du Noemi Jimenez ikertzaileak

Bi milioi dolarreko diru-laguntza ematen duen ‘Research Grant-Early Career’ beka ospetsua lortu du Noemi Jimenez Rojo EHUko Ikerbasque ikertzaileak, hainbat gaixotasunetan terapiak garatzeko bideak zabal ditzakeen azterlana egiteko.

Noemi Jimenez Rojo EHUko Ikerbasque ikertzailea da.
Noemi Jimenez Rojo EHUko Ikerbasque ikertzailea da. (UPV/EHU)

‘Research Grant-Early Career’ beka lortu du Noemi Jimenez Rojo EHUko Ikerbasque ikertzaileak, 1,2 milioi dolarreko zuzkidura duena. ‘MetaCrystal: Metabolic principles of intracellular crystallization’ izeneko proiektuagatik jaso du beka Jimenezek, zebra-arrainak bere pigmentazioan giltzarri diren kristalen funtzionamendua aztertzeko.

Tamaina, forma eta mihiztadura bezalako elementuak kontuan hartuz, horrelako egiturak sortzeko pertsonek duten gaitasuna nabarmen gainditzen du espezie horrek. Ikerketa horren emaitzak erabilgarriak izan daitezke, EHUk azaldu duenez, «kristalizazio anomaloa gertatzen den gaixotasunak tratatzeko terapiak» garatzeko, «hala nola giltzurrunetako kalkuluak eta hezueria, bai eta optikarako eta materialen zientziarako kristal organikok sintetizatzeko ere»

1989an, Estrasburgon sortutako International Human Frontier Science Program Organization erakundeak ematen ditu ‘HFSP Research Grant’ bekak. Proiektu berritzaileak dituzte jomugan, nazioarteko lankidetza eta bizitzaren zientzietako ezagutzen mugen aurrerapena sustatzera bideratuta.

EHUk nabarmendu du mundu mailako ikerketa zientifikoko beka ospetsuenetako bat dela, eta «lehia handia» izaten dela.

«Oso gutxik lortzen dute helburua; izan ere, proiekturik originalenek eta anbiziorik handienekoek bakarrik jasotzen dute finantzaketa», adierazi dute. Jimenezen proiektua, «ikertzaile gazteak» modalitateko 111 hautagairen artean (780 guztira), hautatu dute, eta «ongien baloratutako bosten artean dago».

Ikerketaren inguruan zehaztu dute organismo bizidun askok dutela kristal organikoak sortzeko gaitasuna. Krustazeo batzuen begiek, adibidez, kristalak erabiltzen dituzte argitasun eskaseko habitatetan argiarekiko duten sentsibilitatea handitzeko».

Proiektu honen ereduzko organismoa den zebra-arrainaren kasuan, «pigmentazioan funtsezko papera betetzen duten kristalak sortzen ditu».

Orain arte aztertu ez den egitura

«Ikerketa honen bidez, prozesu hori nola gertatzen den jakitea da gure asmoa, orain arte aztertu ez den funtsezko egitura bati erreparatuta: zelulen barruan kristal bakoitza inguratzen duen mintz lipidikoa. Iridosomaren mintza zer molekulak osatzen duten ulertu nahi dugu, eta zer neurritan lagundu dezaketen kristalak hain zehaztasun bikainarekin eratzen», azaldu du Jimenezek.

Gaineratu duenez, «lortutako datuek lagunduko digute modu sintetikoan berreraikitzen sistema biomimetiko bat, gai dena zebra-arrainak baldintza fisiologikoetan sortzen dituen kristalekin aldera daitezkeen eskala eta morfologia duten kristalak sortzeko».

Oso diziplinartekoa den ikuspegi bat aplikatuko dutela aipatu dute. Noemi Jimenez Rojo (Leioa, 1986) Biomedikuntzan eta Biologia Molekularrean doktoretza lortu zuen EHUn, eta mintzen biofisikaren arloan aritu zen.

Ondoren, lipidomikako, zelulen biologiako eta kimika biologikoko tekniketan espezializatu zen Genevako Unibertsitatean.

Jimenezen ikerketa lanak nabarmen lagundu du, EHUren arabera, lipidoen biologiaren arloan, eta zelula-prozesuetan lipidoen osaerak duen garrantzia erakutsi du. Azken hau ez da Jimenezen lortu duen beka bakarra, beste hainbat lortu baitu nazioarte mailan eta Euskal Herrian.