Mundu kolore bakarraren aurrean, ortzadarra!
Ohitu egin gara azken urteotan “makro” formatuan antolatzen diren kontzertu eta ekitaldien berri izatera eta horiek kontsumitzera. Gainera, urtebeteko eta kasu batzuetan bi urteko aurrerapenarekin! Hau da, gaur erosi behar dut (bestela agortuko direlako sarrerak, nahiz eta bigarren kontzertu bat iragarri lehenengo honetakoak saldu eta segundotara) datorren urteko kontzertu baterako sarrera! Milaka pertsonako aforoa duten espazioetan show-ak dira orain antolatzen direnak, beste formatuen kalterako. Ez, ez dut meloi hori gaur irekiko, nahiz eta puf! hausnartzeko asko dugun!!
Gaur, maiatzaren 3a, horrelako beste show bat dugu horrelako espazio erraldoi batean, eta bai, aspaldi iragarritakoa. Baina gaurkoak bai merezi duela horrelako zerbait, herri omenaldi hau inork merezi badu haiek direlako.
Urtetan plaza txikietan esan diegu maite ditugula eta batez ere haiek esan digute guri maite gaituztela, onenetan eta txarrenetan beti egin dute aurrera beraiek bakarrik dakiten moduan; elkartasunarekin, konpromisoarekin, umorearekin, enpatiarekin, gertutasunarekin, aldarrikapenekin… hau guztia eta gehiago batzen duen hitz bakarrarekin: maitasunarekin.
Hori izan da pailazo hauen motorra. Ehunka abestiren bidez ehunka mundu erakutsi dizkigute. Hamaika gai (asko haurrekin hitz egiteko zailak direnak) tratatu dituzte sentsibilitate ikaragarriarekin. Haurtzaro eta ez hain haurtzaro eder bat eskaini digute. Ez, ez dira pailazo soil batzuk, bizitza ikusteko eta bizitzeko tresnak eman dizkiguten pertsonak dira, ongi pasarazteaz gain irakaspen itzelak eman dizkigutenak. Pentsatu, sentitu eta ekin ez baita haurtzaroan soilik egin behar.
Aiora, Joxe Mari eta Mertxe, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, eskerrik asko eta maite zaituztegu! •