Anetoko gurutzea
Sarean atzera eta aurrera begira nabilela ikusi dut albistea: Anetoko gurutze famatua desagertu da. Desagertu diot, lerro hauek idazterakoan inork ez dakielako non dagoen. Apirilaren 8an tontorrera heldu ziren mendizaleek diote egun hartan gurutzea bertan zegoela; 15ean igo zirenak jabetu ziren jada ezetz. Informazio horien arabera, gurutzearen oinarria zerra erradial bat edo antzeko erremintaren bat erabilita moztu dutela antzematen da, haizeak edo bestelako fenomeno naturalen batek hautsi izana baztertuz. Gainera, litekeena da gurutzea Coronas aldeko maldetan behera bota izana, eta horrek ikurra aurkitu eta berreskuratzea nabarmen zailduko omen luke.
Gertaerak berriz ere mendian ikur erlijiosoak ezartzearen eztabaida ireki du. Eta fokua apur bat gehiago zabalduz, baita bestelako giza elementuen kokapena ere. Debatea ez da berria. Euskal Herrira etorrita, azken ekintzetako bat 2024ko urrian izan zen, Udalatxeko gurutzea moztu zutenean.
Iritzi desberdinak egongo dira, baina atentzioa eman dit “Desnivel” bezalako komunikabide batean albisteari eman dioten kutsu dramatikoak, gertaerak Benasque inguruan sortu duen «sumindura» azpimarratuz. Egoera kaskarrean zegoen gurutzea zaharberritzen bi urte eman berri zituzten eta aurreko udan jarri zuten berriz, sekulako baliabide sorta erabiliz, «helikoptero eta guzti». Aldiz, orain, Guardia Zibilak ikerketa ireki du 3.400 metrotik gora zailtasun handiko ekintza nork egin duen jakin nahian.
Imajina dezaket 1951n gurutzea jarri zenean zein izango zen giroa Aragoi aldean, eta kontra zeudenek beren iritzia emateko zer aukera izango zuten. Era berean, kosta egiten zait sinestea gaur egun mendizale komunitatea halako ikurren alde dagoenik. Argi dudana da komunitate erronkazalea dela, eta gurutze hori aurkitzea horren zaila bada, dagoeneko espedizioren bat martxan izango dela. •


