
Neiker zentro teknologikoak Arronategiko Marteloskopioa jarri du martxan. Gune hori baso-gela gisa sortu da, eta kontrolatutako ingurune batean kudeaketa-egoera desberdinak simulatzeko eta horien eragina aztertzeko aukera ematen du, ingurune naturalera eraman aurretik.
Lakuako Gobernuak ohar batean nabarmendu duenez, baso kudeaketa iraunkorra «erronka etengabea da sektorearentzat, oreka ekologikoa eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzea eskatzen baitu, baliabide naturalen erabilera arduratsua arriskuan jarri gabe».
«Hala ere, ekosistemen konplexutasunak eta inplikatutako faktoreen aniztasunak zaildu egiten dute jarduera bakoitzaren ondorioak aurreikustea», adierazi du.
Espazio berria Bermeoko Udalak utzitako onura publikoko mendi batean dago. Lursail horretan, lan «oso xehea» egin da, zuhaitz bakoitza zenbakitu, geolokalizatu eta neurtu egin baita haren altuera, diametroa, hartzen dituen mikrohabitatak eta egurraren kalitatea ezagutzeko.
Simulazio-software baten bidez, erabiltzaileek hainbat erabilera-estrategiaren eragin ekologikoa eta errentagarritasun ekonomikoa ebalua dezakete, «zuzeneko esperimentazioan oinarritutako ikaskuntza praktikoa ahalbidetuz».
Ekimena «Life Urbaso proiektuaren barruan dago, naturan oinarritutako konponbideak erakusteko, giza kontsumorako uraren kantitatea eta kalitatea bermatzeko».
Ildo horretan, naturatik hurbil dauden baso-kudeaketako ereduak sustatu nahi dira, basoen eta uraren arteko elkarrekintzak optimizatzeko.
Naturatik hurbileko kudeaketa
«Life Urbaso proiektuak Silvicultura PRO Silva eskuliburua argitaratu du euskaraz, eta, gaur egun, naturatik hurbil dagoen baso-kudeaketaren eskuliburu garrantzitsuenetako bat da. Liburuak azalpenak ematen ditu urratsez urrats, Pro Silva erakundearen gomendioetan oinarritutako baso-eredu bat praktikan jartzeko. Arronategiko Marteloskopioak basozaintza mota hau kontrolatutako ingurune batean praktikatzeko aukera ematen digu», azaldu du Neikerreko ikertzaile Nahia Gartzia-Bengoetxeak.
Era berean, adierazi du baso-kudeaketari aplikatutako ikerketan aurrerapena izateaz gain, Arronategiko Marteloskopioak «garrantzi berezia» hartzen duela, Integrate+ Sarearen parte den EAEko lehen baso-eremua baita. Sare hori Europako Basogintza Institutuaren (EFI) ekimena da, eta kudeatutako basoetan zur-ekoizpenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arteko konbinazioa sustatzen du.
«Sare honetan sartzeari esker, ikasgela hau erreferentzia-puntu gisa finkatzen da ezagutzak eta metodologiak trukatzeko. Integrate+ sarbideak aukera ematen digu baso-ekosistemak kudeatzen dituztenen gaikuntza hobetzeko, eta ingurune errealean aplikatu aurretik hainbat estrategia probatu ahal izateko espazio bat ematen digu, arriskuak murriztuz eta kudeaketa informatuagoa eta iraunkorragoa erraztuz», azpimarratu du ikertzaileak.
Nabarmendu duenez, ikerketa-tresna gisa duen balioaz gain, baso-gela horrek «funtsezko eginkizuna betetzen du baso-kudeatzaileen belaunaldi berrien prestakuntzan, erabakiak hartzeko prozesua modu praktikoan esperimentatzeko espazio bat eskainiz».
Hezkuntzaren alderdi hori indartu egin da Derioko Nekazaritza Eskoletako Basoen eta Natur Ingurunearen Kudeaketako Goi Mailako ikasleekin lankidetzan arituz.