Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Nathalie Stutzmann orkestra zuzendari apartak 60 urte bete ditu gaur

Nathalie Stutzmann frantsesa (Suresnes, 1965eko maiatzaren 6a) aparteko musikaria dela esan daiteke. Gaur 60 urte bete dituen opera kantari aparta, orkestra zuzendaria da eta pianoa eta fagota jotzen ditu. Are gehiago, batzuetan zuzendu eta abestu egin du emanaldi berean.

Nathalie Stutzmann, lanean.
Nathalie Stutzmann, lanean. (Chris Lee | Nathalie Stutzmann)

Suresnesen jaio zen gaur 60 urte Nathalie Stutzmann. Lehen musika ikasketak amarekin, Christiane Stutzmann sopranoarekin, egin zituen eta, ondoren,  Kontserbatorioan eta geroago Pariseko Operako École d'Art Lyrique-n. Lieder-ak interpretatzen nabarmendu zen abeslari bezala.

Stutzmannek pianoa eta fagota ere jotzen ditu eta, abeslaria izateaz gain, ganbera musikaria ere bada. Ganbera taldeak eta orkestrak zuzendu izan ditu eta batzuetan zuzendu eta abestu egin du emanaldi berean.

2013an Kursaalen eman zuen kontzertuan ikusleria txunditu zuen. Abestu eta orkestra zuzendu zuen, dena batera. Mikel Chamizok idatzi zuen kritikan, hau irakurri zitekeen: «Abeslari baten ‘dibismo’ maila bere takoien luzeraren arabera neurtu ahal izango balitz, Nathalie Stutzmannena ez litzateke existituko. Praka grisez eta kasaka beltzez jantzita, Kursaalera hurbildu ziren guztiak harrituta utzi zituen bere irudi xumeak (...). Stutzmann arduratuago dago jorratzen dituen partiturekin, bere burua zuritzearekin baino. Stutzmann bera denez bere orkestraren zuzendaria –lan miresgarria aldi berean kantatzea eta zuzentzea, batez ere naturaltasun osoz egiten baitu–, instrumentisten lana zehatz presta daiteke, beren kantatzeko moduaren indarguneetara eta ahulguneetara egokitu daitezen».

Egun Nathalie Stutzmann Atlantako Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria da, eta, hau aipagarria da, Estatu Batuetako orkestra garrantzitsu bat zuzentzen duen historiako bigarren emakumea baita. Filadelfiako Orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia izan zen 2021 eta 2024 artean.

Iaz ‘urteko zuzendari onenaren’ Oper sari garrantzitsua irabazi zuen, Richard Wagnerren ‘Tannhäuser’ lanarekin Bayreuth jaialdian egin zuen debutagatik. Epaimahaiak aipatutakoaren arabera: «Opera kantarien alaba bezala hazi, pianoa, biolontxeloa eta fagota jotzen dituen eta ahotsean instrumentu aparta duen edonork, jada Jainkoaren dohain ugari izan dituela pentsa daiteke. Baina bere barnean hainbeste ahots entzuten duenez, eta musika bere egitura guztietan maite duenez, zuzendari lanetan aritzean behar zuen helburu emakume honek». 

Bere web orrialdean islatu duen bezala, datorren denboraldian Bavariako Estatu Operako zuzendari bezala egingo du debuta. ‘Fausto’ estreinatuko dute 2026ko otsailaren 8an, aktore zerrenda bikainarekin; Jonathan Tetelman paper nagusian, Kyle Ketelsen, Olga Kulchynska eta Florian Sempay zuzenduko ditu, besteak beste.