Xabier Mikel ERREKONDO

#Bajadikako27ak

Lizarrako Udaletxean UPNk gobernatzen du itxikeria eta nagusikeria ikur hartuta, alderdiaren ohiko markak. Istorioa pasa den udan lehertu zen, herriko jai nagusietan 28 urtez txosna gunea izan zena udal gobernuak debekatu eta ibai ondora apartatu zuenean. Suziria lehertua zuen.

Berehala eman ziren protesta ekintzak eta abuztuko jaien atarian giroa gori-gori zegoela kaleratu zuen Raimundo el Canastero bertako musika taldeak Marta Ruiz de Alda UPNko alkateari zuzendutako Beef D’Alda abesti satiriko eta polemikoa.

“Behia“, beraz “lodikote”, deitzen zaiola iritzita, Alda andereak bost taldekide salatu zituen, eta baita hilabeteetara salaketa gorroto delitura igotzeko saiakera egin ere, baina martxoan Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzera bota dio eta, beraz, boskoteak Lizarran izango duen epaiketan soilik delitu arina egotziko zaie.

Beste kapitulua jaietako lehen egunean eman zen, abuztuaren 2an: erabakiaren kontra manifestazio erraldoia burutu ondoren urteroko Bajadica del Puy ospatzen ari zirenean, musikarien eta dantzarien atzetik zihoazen udal ordezkariak protestan hartu zituztenean herritarrek. Udalak ekitaldia bertan behera utzi zuen eta alkate eta zinegotziak foruzainen furgonetetan atera zituzten.

Gorroto-eldarnioak jota bizi den Alda andereak, udaltzainen eskutik, desordena publikoaz akusatzen ditu 27 gazte, eta maiatzaren 22an deklaratuko dute epailearen aurrean. UPN, PSN, polizia indarrak eta “Diario de Navarra” kriminalizazio kanpainaren erantzule jotzen dituzte gazteek, eta protesta eskubidea aldarrikatzeko datorren larunbatean elkarretaratzera deitu dute. Historian zenbait gauza ez dira aldatzen, aldatuko ez den bezala Alda anderearen gorroto-eldarnio asegaitza, epai biak krudelenak izanik ere.

Istorio honek emango ditu ziur asko kapitulu gehiago… ezer onik ez Lizarra aldean. •