GAUR8

Artzain eta baserritar emakumeak omenduko dituzte Goizuetan ekainaren 1ean

Goizuetako emakume artzain eta baserritarrak omenduko dituzte ekainaren 1ean. Talo Eguna eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria hartuko ditu egun horretan egingo den azokak, eta 13.00etan izango da une «hunkigarriena» emakumeen lana aitortzeko ekitaldian.

Emakume baserritarrei omenaldia Leitzan.
Emakume baserritarrei omenaldia Leitzan. (Plazaola)

Emakume Artzainen Egunaren IV. edizioa ospatuko dute ekainaren 1ean Goizuetan. Lehen sektoreari eskainitako azokak Talo Egunarekin bat egingo du eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria hartuko du. Programazioaren barruan, gainera, omenaldia egingo diete herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan aritutako emakumeei.

Egitaraua 11.00etan abiatuko da, eta azokaren irekiarekin batera taloa egiteko tailerra izango da. «Goizean zehar, taloari buruzko tresna, argazki eta dokumentuen erakusketa izango da, herriko talogileen postua, burruntzian dastatzea, arkume errea eta gaztanbera elaborazio eta erakustaldia barne», zehaztu dute antolakuntzatik. Plazaola Turismo Partzuergoak sustatzen du hitzordua.

Aurreratu dutenez, 13.00etan izango da «ekitaldirik hunkigarriena», Goizuetako emakume baserritarrei omenaldia egingo baitiete ordu horretan. Aurreko edizioetan omenduak izan ziren emakumeek emango diete lekukoa, ekitaldia Larraunen, Lekunberrin Araitz-Betelun eta Leitzan egin baita bere lehen hiru edizioetan.

«Ekitaldi honek artzain eta gaztagile emakumeen lana aitortu eta balioan jartzen du, betiere genero ikuspegitik euren zeregina ekonomiaren, paisaiaren eta Plazaola-Mendialdeko kulturaren funtsezko parte dela azpimarratuz», adierazi dute.

Taloa izango da goizeko protagonista nagusietako bat. Umeentzako tailerrez gain, dastatzeko aukera izango du publiko orokorrak; gaztanbera prestatzeko erakustaldia egongo da eta burruntzian erretako antxume pintxoak zerbitzatuko dituzte 11.30etik aurrera.