«Smurfit Westrock transnazionalari eskatzen zaiona ez da kendutako lurra itzultzea bakarrik»
Cauca eskualdean ematen ari den lurraren gatazka eta Smurfit Westrock multinazionalaren esku hartzea aztertu ditu GAUR8k Kolonbiako Nekazaritza Koordinakundearekin.

Smurfit Westrock multinazionalak Kolonbiako Cauca eskualdean eskuratu dituen lurretan egiten duen ustiaketak eta bizi-urraketek mehatxatuta dituzte bertako komunitateak. Cajibioko Bizitzaren Aldeko Lurralde Interetniko eta Interkulturalak (TEVIIC) lurra berreskuratzeko borrokan izandako bilakaera aztertu dugu Kolonbiako Nekazaritza Koordinakundea (CNA) komunikazio taldeko kide batekin.
Zer-nolako berezitasunak ditu lurraren gatazkak Caucan?
Caucan lurrak eragindako gatazka ez da Kolonbia osoan dugunarekiko desberdina, eta zerikusia du lurraren jabetza desorekatuarekin eta erabilera monopolikoarekin. Funtsean, tradizioz nekazaria izan den Kolonbia bezalako herrialde batean, klase menderatzaileak hainbat mekanismo garatu ditu lurra pilatzeko eta, horrekin batera, aberastasuna eta boterea. Gaur egun, Kolonbian, lurraren jabetzaren desoreka handia da eta hori erraz azaltzen da kontuan hartuta herrialdearen historia kolonizazioak zeharkatzen duela, bai eta, 1980 eta 2000 artean merkatua ireki zenean, multinazionalak hasi zirela historikoki lur jabeenak izandako ondasunak eskuratzen, hala nola Smurfit Westrock (lehen Smurfit Kappa).
Kolonbian lurrak eragindako gatazkaz hitz egiteak ñabardura asko ditu, baina, elkarrizketa honen ondorioetarako, elementu batzuei buruz hitz egitera mugatuko gara, bereziki Cajibio udalerria aintzat hartuta. Zalantzarik gabe, bertako gatazkan argi eta garbi ikusten da klaseen arteko borroka; izan ere, gaur egun, Smurfit Westrock multinazionalak hiru modutan biltzen du lurra: 2.900 hektareako jabetza tituluekin; lursailak 30 urteraino alokatzeko kontratuekin; eta pinu eta eukalipto helduen landaketak erostearekin. Lurrak bereganatzeko modu horiek multinazionalak lurraldean ezarri duen nekazaritza eta basogintza ereduari zor zaizkio eta sail erraldoiak ereiten ditu, ondoren papera eta kartoia ekoizteko.
Bien bitartean, testuinguru horretan, Cajibion bizi diren nekazarien eta indigenen komunitateek egoera larrian jarraitzen dute, eta, gainera, gatazka armatuaren dinamikei aurre egin behar diete. Dinamika horietan, konfrontazioen erdian geratzen dira; legezko eta legez kanpoko eragile armatuek jazarri eta mehatxatzen dituzte. Beraz, lurraren inguruko gatazka, uneotan, lurrik gabeko nekazarien eta indigenen komunitateek lurra ustiatzen duen multinazional baten aurka duten borrokan gorpuzten da.
Gatazkaren oinarrian lurralde proiektuen arteko erabateko aldea dago. Batetik, komunitateen proiektua: elikadura subiranotasunarena, agroekologiarena, familia eta komunitate ekonomiarena, uraren eta ingurumenaren zaintzarena. Bestetik, Smurfit Westrock multinazionalak bultzatutako ustiapen proiektua: ura, basoak eta populazioen nortasuna agortzen dituena eta hori gauzatzeko talde armatuekin elkartzen dena.
Zergatik eta nola lortzen du Smurfit Westrockek Cajibioko lurretan ezartzea?
Enpresak hainbat estrategia erabili ditu lurraldean ezartzeko: lurra erosi eta komunitateetan mendekotasun ekonomikoa sortzen du, udalerrian enplegu formalerako aukera bakarra baita, nahiz eta lan eskubideen alorrean oso zalantzagarriak diren kontratazio moduak erabiltzen dituen.
Beste estrategia bat: Kolonbiako Estatua ordezten du, bideak, azpiegitura komunitarioak, hezkuntza formaleko zerbitzuak edo ekoizpen proiektuak finantzatuz.
Era berean, kanpaina politikoak finantzatzen ditu, eta harreman oso estua du alkatetzarekin eta departamentuko gobernazioarekin. Estatuak ahaztuta duen departamentuan, enpresaren interesen mesedetan limurtzen ditu eragileak ogi apurrak eskainiz.
Zer ondorio ditu lurraldeko ingurumenean eta gizartean?
Enpresak berrogei urte baino gehiago daramatza lurraldean, ehunka baso natibo hektarea moztu ditu, eta, ondoren, pinuak eta eukaliptoak landatu ditu. Horrek, funtsean, jatorrizko fauna eta flora lekualdatzea eta azaleko eta lurpeko urak sakontzea ekarri du. Gainera, ekoizpen prozesuan glifosatoa eta beste kimiko batzuk erabili ditu, lurzorua, ura eta airea kutsatuz. Oro har, desoreka ekosistemikoa sortu du, zuhaitz ez-natibo espezie bat monolaborantzan sartu delako. Gizarte mailan, horrek eraldaketa negatiboa eragin du biztanleriaren kulturan, nekazariak proletarizatu direlako eta biztanleriaren bizi maila jaitsi delako; izan ere, lan merkatuan sartzean, jatekoaren produkzioan denbora gutxiago inbertitzen denez, elikagaien prezioa igo egiten da. Talde armatuekiko aliantzekin eta pinu eta eukalipto monolaborantzen presioarekin, indarkeria areagotu egin da gatazka armatuaren testuinguruan.
Noiz hasi zen lurra berreskuratzeko borroka?
Lurraren aldeko borroka enpresak lehen lursaila erosi eta gutxira hasi zen, komunitateak bertako basoaren soiltzea nabaritu zuenean. Are, 1980ko eta 1990eko hamarkaden artean, komunitateek egindako landaketek sabotajeak jasan zituzten. Gainera, gatazka armatua areagotu egin zen, eta paramilitarren Calima blokea udalerrira sartu zen garai hartan; mugimendu soziala eta herrikoia isilarazia izan zen.
Lurraren berreskurapena 2021eko uztailaren 21ean hasi zen berriro, “lanuzte nazionala” edo “eztanda soziala” deituriko altxamenduan inspiratuta. Hiru komunitate barnebildu zituen lurren berreskuratze ariketa horrek: CNAko nekazariak eta misak eta nasa herri indigenak. Defentsari ekiteko arrazoi nagusiak izan ziren bizitza aurrera ateratzeko lur falta eta enpresak lurraldean sortutako ingurumen inpaktuak; adibidez, azaleko eta lurpeko urak kutsatzea eta lurren lehortzea.

Zergatik erabakitzen da lurra ekintza zuzenaren bidez berreskuratzea?
Berreskurapena ekintza zuzenaren bidez egitea komunitateen gogaitze kolektiboaren ondorioa da; multinazionalari eta Estatuari egindako elkarrizketa eskariek gutxiespena besterik ez dute jaso. Erabaki hori ulertzeko, borrokaren hiru fase identifika daitezke. Lehenengo fasea (1985-1990): 1984an iritsi eta lursail bat erosi eta gero, bertako jatorrizko baso guztia soildu zuen enpresak. Soiltzeak, kutsatzeek eta sartutako espezieen nolakotasunak, ingurumenaren gaineko eraginen gaineko kezka piztu zuten. Hala, mugimendu sozialak erreketen bidez eta lurraren jabetzaren eztabaidan sakonduz erantzun zuen, mahai gainean jarriz ez dela soilik noren izenean dagoen lurra, baizik eta lurrari zer erabilera ematen zaion eta nola eragiten duen horrek lurraldean eta identitatean.
Enpresaren erantzuna izan zen herritarren onarpena bilatzea eskulan ez kualifikatu gisa kontratatuz. Ildo beretik, komunitateen beharrei modu azalekoan erantzuten zieten ekimenen bat edo beste ere martxan jarri zuen.
Bigarren fasea (1990-1995): Martxak eta foroak antolatu ziren uraren, bizitzaren defentsaren eta lurrerako sarbidearen alde. Eztabaida publikoak eta kontseilu bilkurak egin ziren, batez ere, lurraren jabetzari, erabilerari eta bokazioari buruzkoak. Errepresioa gogortu egin zen eta heriotza mehatxuak, desplazamenduak, etxeen zelatzea, jazarpenak, seinalamenduak eta estigmatizazioa hasi ziren. Komunitateek, oihartzuna lortzeko asmoz, Brasilgo eta Irlandako enbaxadetara jo zuten, eta Errepublikako senatariekin ere bildu ziren. Caucako Bizitzaren eta Giza Eskubideen Aldeko Sareak deitutako salaketa ekitaldi publiko bat ere egin zen. Ekitaldi horretan, komunitateek, enbaxadoreek, senatariek eta enpresaren ordezkariek parte hartu zuten, eta helburua izan zen enpresa zuzenean komunitateen atzetik zebilela frogatzea.
Hirugarren fasea (2010-2015): Duela hamabi urte, indigenen, afro-kolonbiarren eta nekazarien komunitateak lurraren okupazio bateratua bultzatzeko beharraz hitz egiten hasi ziren. Banaketa hiru komunitateen artean parekoa izatea bilatzen zen, baina eztabaida horrek prozesua lehertu eta geldiarazi zuen. Gero, gizartearen eztandarekin batera, etapa berriari buruzko akordioak lortu ziren.
Zer da TEVIIC?
TEVIIC Cajibio udalerriko hiru komunitate elkartzeko prozesuaren emaitza da: CNAren inguruan antolatutako nekazari herria, misak herri indigena eta nasa herri indigena. Gaur egun lurraldean Smurfit Westrock multinazionalaren esku dagoen lurra berreskuratzeko beharrari erantzuten dio.
Lehenik eta behin, komunitateen batasuna lortzeko ahalegina da, klase ikuspegi batetik. Bertan bildutakoek argi dute Smurfit Westrock multinazionalak bidegabe bereganatu dituela lurraldeko lurrak, ura eta bizibideak. Ondorioz, herrien eskubideak berreskuratu eta lehengoratzeko modu bakarra ikusten dute: enpresak lurraldea uztea eta egun legez kanpo okupatzen dituen lurrak elikagaiak ereiteko, natura zaintzeko eta etxebizitza duinak eraikitzeko erabiltzea.
Komunitateek ekintza sinbolikoak egiten dituzte landaketen barruan, esaterako, zuhaitzak sabotatzen dituzte protesta gisa eta artoa, babarruna, kanabera eta beste erein. Horrez gain, egurrezko etxeak egiten dituzte, nahiz eta bortxaz etxegabetzeko eta kolpatuak izateko arriskuaren jakitun izan. Bozeramailetza politiko bat ere badute komunitateek, eta bertako kideek ez dute zuzenean ekintzetan parte hartzen, enpresarekin, Estatuarekin eta bestelako eragileekin harremanetan egotearen ardura dutelako.

Zein izan da Estatuaren eta enpresaren erantzuna azken urteotan?
Erantzuna bortitza izan da, ez bakarrik enpresak legezko eta legez kanpoko eragile armatuak erabili dituelako bere ustiapen proiektuaren aurka dauden komunitateak jazartzeko, mehatxatzeko, erailtzeko eta seinalatzeko, baizik eta Kolonbiako legedia bere alde manipulatu duelako, kalte ekologiko erraldoiak eragitea lortu duelako inolako autoritateren aurrean erantzun gabe. Hori lurraldeko ondasun naturalen mende dauden komunitateen aurkako indarkeriazko jardueratzat jotzen dugu, horiek baitira, azkenean, ura kutsatzearen ondorioz gaixotzen direnak edo elikadura arazoak dituztenak, janari nahikoa eta kalitatezkoa sortzeko ezintasunagatik.
Enpresak komunitateak manipulatzeko bilatu dituen moduek ere xantaia dute oinarri: proiektuak finantzatzea, intsumoak, materialak eta zerbitzuak ematea edo azpiegiturak mantentzea enpresaren nahiak betetzearen menpe dago. Bi arrazoirengatik da hori hertsatzailea: lehenik eta behin, biztanleen zati baten jarrera kritikoa mugatzen duen mendekotasun-egoera faltsua sortzen du, eta, bigarrenik, enpresak Kolonbiako Estatua bidegabeki ordezten du biztanleei eskubide sozialak babesteko eta bermatzeko betebeharrean.
Zein da lurra berreskuratzeko helburua?
Lurra berreskuratzeak bi helburu nagusi ditu, lehena praktikoa eta aldarrikatzailea da: komunitateen biziraupenerako lurra lortzea. Hori, enpresak dituen ia 3.000 hektareak gaur egun lurrik ez duten edo bizitzeko lur nahikorik ez duten familien artean birbanatzea besterik ez da. Bigarrena, sinbolikoagoa eta politikoagoa da: etnien eta kulturen arteko lurraldetasuna eraikitzea oinarri harturik autonomia, autodeterminazioa, herri boterea, agroekologia eta justizia soziala oinarri duen bakea.
Hala eta guztiz ere, enpresari eskatzen zaiona ez da kendutako lurra itzultzea bakarrik, baizik eta komunitateen erreparazioan aktiboki jardutea lurraldean eragindako kalte ugariak publikoki aitortuz, eta naturaren ustiapenetik lortu dituzten aktiboen bidez ordain dezala etnien eta kulturen arteko lurraldetasunaren biziberritzea.
Nola kokatzen duzue zuen borroka Kolonbiako egungo testuinguru politiko eta sozialean?
Gaur egun, Kolonbiak aurrerakoi izenda genezakeen korronte politikoa du presidentetzan. Hori dela eta, lehen egunetik, landa komunitateok esperantza handia izan dugu nekazaritza erreformari heltzeko. Gure ustez lurraren kontzentrazioa egiturazko arazoa da, baita herrialdeko desberdinkerien eragile funtsezkoa ere. Baina gauzak nola diren: hitzeman bai baina egiten ez duen gobernu baten aurrean gaude, eta hartutako neurriak ez dira bereziki gure aldekoak izan.
Gure borroka landa komunitateek eskubideak erreklamatzeko izan dituzten modu historikoei eustea besterik ez da, horiekin emaitza errealak lortu baitira. Hala ere, gizarte mugimendua hozten ari den une batean gaude: Estatuaren errepresio-aparatua hain suntsitzailea izan da, non itxaropena zapuztea ere lortu duten. Gainera, progresismoak komunitateetan ideia legalistak modu arrakastatsuan txertatu ditu. Horregatik, gure borroka enpresa munstro baten aurkakoa da, baina baita ekintza zuzena inspiratzeko modua ere, gero eta pertsona gehiago konbentzitzeko beren eskubideak eta askatasunak kendu dizkietenen aurka antolatu eta borroka egin behar duela.

Kolonbia eta Euskal Herria, txanpon beraren bi aurpegi
Kolonbian ez ezik, Euskal Herrian ere presentzia handia du Smurfit Westrock transnazionalak. Iurretan, Cordovillan, Zangozan eta Agoitzen lantegi bana ditu eta 800 langile inguru guztira. Hala eman digute jakitera Komite Internazionalistak taldeko kideek. Gure ingurura begiratu baino ez dugu egin behar ohartzeko gure baso asko eukalipto eta pinu sailek osatzen dutela. Bizkaiko eta Gipuzkoako basoen %80 inguru ez dira jatorrizko basoak. Askok, halaber, lur sailen kudeaketa foru aldundien esku uzten dute, lur sail ugari monolaborantzaren eta egur industriaren lobbyen atzaparretan utziz. Sarri aipatu dugu monolaborantzak dituen ondorioak. Horri gehitu behar zaio Smurfit Westrock bezalako transnazionalek «greewashing» estrategiak erabiltzen dituztela ingurumenarekiko erantzukizunari buruzko irudi ona emateko, benetan ekologikoki jasangarriak ez diren jarduerak egiten dituzten bitartean.
Internazionalista gisa, Euskal Herrian Kolonbiako Smurfit Westrock transnazionalaren ingurumen eta gizarte ondorioak ezagutarazi nahian ari dira Komite Internazionalistak taldeko kideak, Euskal Herriko natur eragileekin artikulatzeaz batera. Salatzen dute multinazionala baliabide naturalak ustiatu eta komunitateak desegiten dituen eredu estraktibista batean oinarritzen dela, bai eta Kolonbian pinu eta eukalipto sailekin ekosistemak degradatzen, baliabide hidrikoak agortzen eta lan eskubideak urratzen ari dela. Are, lurrak metatzen eta komunitateak bortxaz lekualdatzera bultzatzen ari da. Euskal Herrian, berriz, multinazionalak bioaniztasunari eta lurraldearen subiranotasunari eragiten dieten monolaborantzak bultzatzen ditu, Kolonbiakoaren antzeko praktikekin, lurren pribatizazioa eta basoen ustiapen intentsiboa bultzatuz.
Bide orri garbirik ez baina asmo jakina dute internazionalistek: kontzientziazioa bultzatzea Cajibioko egoera ikusaraziz; transnazionalen jarduera suntsitzailea salatzea, kapitalaren metaketa bizitzaren gainetik jartzen baitute; Euskal Herriko mugimendu antikapitalistekin antolatzea, esperientziak partekatzea eta Smurfit Westrocki aurre egiteko indarrak elkartzea, Aliantza internazionalistan parte hartuz elkarrekin artikulatu eta koordinatzeko; eta, jakina, lurralde subiranotasunean oinarritutako basogintza eredu baten alde borrokatzea. Ikus daitekeenez, Cajibioko lurraren inguruko gatazka ez da ingurumeneko edo tokiko arazo isolatua, kapitalaren eta bizitzaren arteko egiturazko gatazka islatzen duen beste adibide bat baizik.

Israelek Somalilandia burujabe eta independentea aitortu du

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan

«Azalak isiltzen duguna oihukatzen du, gure emozioen ahotsa da»
