GAUR8

Durangaldeko Ezpatadantzari Egunak Mallabira eramango du eskualdeko taldeen erakustaldia

Durangaldean erro sakonak dituen ezpata-dantzak sei herritako zortzi taldetako dantzariak eramango ditu maiatzaren 31n Mallabira, «herriaren ondare» diren dantzak «azaleratu eta aldarrikatzeko» helburuarekin jaio zen hitzordura. Kalejira batekin hasiko da erakustaldia arratsaldean.

Mallabiko ezpata-dantzari taldea, irudian.
Mallabiko ezpata-dantzari taldea, irudian. (GEREDIAGA ELKARTEA)

Sei herritako zortzi dantza talde eta txistulariak batuko dira maiatzaren 31n Mallabian, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, Abadiño eta Zaldibarretik igaro da ospakizuna. Aurten Mallabira joango da erakustaldia, «herriaren ondare» diren dantzen garrantzia «azaleratu eta aldarrikatzeko».

Gerediaga Elkarteak azaldu du zeregin horretan taldeei laguntza eskaini diela beste behin, eta Mallabiko Udalaren laguntza ekonomikoa jaso duela ekimenak.

Ospakizunak arratsaldean izango dira. Parkea plazan izango da dantza erakustaldia, 18.00etan, baina ordu erdi lehenago kalejira egingo dute dantzariek herriko pilotaleku aurretik hasita eta herrigunean zeharkatuz.

Saioa 20.00ak aldera amaituko da eta triki-poteoa izango da ondoren herriko tabernetatik.

1934ko argazkia

Hilaren 31ko hitzorduaren harira, Gerediaga Elkarteak gogoratu du Mallabiko ezpata-dantzari taldea agertzen den aurkitutako lehen argazkia 1934. urtekoa da. «Mallabiko bandera eta guzti zortzi lagunez osatutako taldea ikuste da irudian», zehaztu dute elkartetik.

«Gaur egun, gazte-nagusien taldean 10 neska-mutilek osatzen dute Mallabiko Gazte Alai dantza taldea. Eta umeen taldea ere badago, 30-40 ume dabiltza eskualdeko dantzak ikasten» oroitu du prentsa ohar batean. Zehaztu dutenez, Mallabian, behin baino ez da egin Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna, 1982an.