GAUR8

Duela 50 urte hil zen Gabriel Aresti, euskal literaturaren berritzaileetako bat

Gaur dela 50 urte, 1975eko ekainaren 5ean, Gabriel Aresti Segurola euskal idazlea eta poeta hil zen 41 urte zituela, gibeleko eritasunak jota. Joan den mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat izan zen.

Gabriel Aresti.
Gabriel Aresti. (GABRIEL ARESTIREN FAMILIAREN ARTXIBOA)

1933an Bilbon jaioa, Arestik euskal literatur moldeak hautsi zituen frankismo garaian, tradizioa eta begirada kritiko eta soziala lotzen zituen euskarazko obra batekin. Hil zenetik 50 urte igaro diren honetan, euskal literaturaren ahots sendo eta berezienetako bat izaten jarraitzen du.

Franco eta militarren estatu kolpearen urteetan egin zituen jaio ondoko lehen urteak Bilbon. Bizkaiko hiriburuak ezein hirik ez bezala irudikatzen zuen Euskal Herriak diktadura frankistaren ondorioz jasan zuen nortasun krisia, eta Aresti txikitatik jabetu zen horretaz. Era berean, industria-goraldian zegoen Bilbo batean hazi zen, non kapitalista frankistek nahi bezala jarduten zuten. Langile eta migratzaileen egoeraren lekuko izan zen, eta horrek markatu zuen bere sentsibilitate soziala.

Giro erdaldun batean hazi eta hezi zen, baina 12 urterekin, inguruko atezain batek euskaraz hitz egiten zuela ohartu zen, eta horrek hizkuntzaren egoeraz kontzientzia hartzera eraman zuen. Orduan hasi zen bere kabuz euskara ikasten, baliabide urriekin eta autodidakta moduan. Baina buru-belarri aritu zen horretan, eta 1957an Euskaltzaindiako langile izendatu zuten.

Arestik euskara batuaren aldeko jarrera sendoa izan zuen. ‘Maldan Behera’ (1960) poema-liburuan, euskara batuaren antzeko molde batean idatzi zuen, Euskaltzaindiak ofizialki euskara batua onartu baino ia hamar urte lehenago. Xabier Kintanarekin ‘Euskara Batuaren Kutxa’ lana idatzi zuen 1970an.

Gabriel Arestiren ibilbide literarioan bi aro nagusietan bereizi izan dira gaur arte: aro sinbolista (1954–1961) eta aro soziala (1964–1975). Lehen aroan, sinbolismoaren eraginpean, poesia zeharkako adierazpide bihurtzen da, heriotzaren presentziaz eta giro ilunez betea, metafora eta musikaltasuna baliatuz. ‘Bizkaitarra’ eta ‘Maldan behera’ lanetan nabari da joera hau, azken hau izanik aro honetako gailurra.

Bigarren aroan, poesia tresna sozial bilakatzen da: argiak iluntasuna ordezkatzen du, eta hizkera sinbolikoa baztertu, herrikoia eta ulerterraza lehenetsiz. Arestik injustiziaren aurkako salaketa argiak egin zituen, langile klasearen egoera eta euskara defendatuz. ‘Harri eta Herri’ (1964), ‘Euskal Harria’ (1967) eta ‘Harrizko Herri Hau’ (1970) dira aro honen obra nagusiak.