GAUR8

Gaurko egunez amaitu zen Vienako batzarra 1815ean

Duela 210 urte amaitu zen Vienako batzarra gaur bezalako egun batez. Ia urtebete iraun zuen batzarrak eta lortutako adostasun gehienek lehen mundu gerra amaitu arte iraun zuten, batez ere lurralde aldaketei eragin zien ondorioak.

Vienako batzarrean parte hartu zuen kidegoa.
Vienako batzarrean parte hartu zuen kidegoa. (Sevillako unibertsitatea- Creative commons)

Napoleon I.aren porrotaren ondoren, Europako mugak berrezartzeko eta Antzinako Erregimeneko forma eta ideologia politikoak berrantolatzeko deitua izan zen Vienako Batzarra.

1814ko urriaren 1ean abiatu zen batzarra, eta 1815eko ekainaren 9an amaitu zen, gaur bezalako egun batez. Lortutako adostasunak lehen mundu gerra amaitu arte indarrean egon ziren Erdialdeko Europan eta Ekialdekoan.

Europa Frantziako Iraultzaren (1789) aurreko egoerara itzultzea zen batzarraren asmoa, ez bakarrik ia 20 urte lehenago aldatutako muga nazionalak berrezartzeko, baita eskala handiko beste gatazka armatu batzuk saihestuko zituen botere-oreka bermatzeko ere, hala nola Frantziako aurreko gerra iraultzaileak eta Napoleonen gerrak.

Konferentziako presidentea zen Klemens von Metternich eta Luis XVIII.aren ordezkaria, Charles Maurice de Talleyrand, izan ziren batzarreko protagonista nagusiak.  Batzarrak iraun zuen denboran, parte hartzaileak Vienan jauregietan egon ziren, parkeetatik eta basoetatik ibilaldiak egiten.

Batzarrean egindako negoziaketek lurralde aldaketei eragin zioten batik bat. Horietako zenbait aldaketa dira honakoak: Frantziak, konkistatutako lurralde guztiak galdu zituen; Prusiak, Mendebaldeko Prusia, Posen, Saxonia iparraldea eta Rhin eta Westfaliako probintzien zati bat jaso zuen; Austriar Inperioak Napoleonen aurka galdu zituen lurralde gehienak berreskuratu zituen; Errusiak bere lurraldea mendebalderantz hedatu zuen.