
1970ean Donostian auto istripu baten ondotik guardia zibil batek hiru tiro egin zizkion eta bertan zendu zen Manuel Andueza beratarra, gaur bezalako egun batez. Inork ez zuen heriotzaren ardura hartu eta ikerketarik ere ez zen ireki.
Euskal Memoriaren dokumentazioaren arabera, Andueza 1970eko uztailaren 17an hil zuen Guardia Zibilak, 39 urte zituela. Beratarra eta beste auto bateko gidaria zena auto istripu bat argitzen ari ziren, Guardia Zibila agertu eta eztabaida betean, agenteetako batek hiru tiro egin eta bertan hil zen.
Bertsio ofizialaren arabera, Anduezak laban batekin mehatxatu zuen guardia zibila, eta agenteak bere buruaren defentsan jardun zuen. Era berean, biktimaren heriotzaren aktan, bala zauri guztiak isilean gorde zituzten, eta barne odoljario bat baino ez zuten aipatu heriotzaren jatorri gisa. Bestelako bertsiorik aipatu ez zedin, halaber, VI. Eskualde Militarreko komandanteak eta agente biktimarioaren kidego militarreko funtzionario batek egin zituen epaile instruktore eta lekuko lanak.
Duela lau urte Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuak Andueza beratarra poliziaren indarkeriaren biktima dela gogoratu zuen Donostian. Jose Antonio Rodriguez sailburuordeak ekitaldi haretan gogoratu zuen «giro politikoaren aitzakiek ez dute balio», eta Andueza «diktadura frankistaren indarren kide baten tiroek» hil zutela eta «Estatu errepresibo» baten biktima izan zela.