«Ez dugu gure parte hartzea mugimendu feministan apaingarri soila izaterik nahi»
Feminista afrikarra eta ekintzailea da Lidia Kinson Bueto, horrela definitzen du bere burua. Euskal herritarra ere bada, eta horrek ematen dion ikuspuntutik aritu da feminismoak Afrikan dituen erronkez.

Lidia Kinsonek feminista afrikar gisa definitzen du bere burua, agente sozial gisa dihardu eta Mulisol elkarteko idazkaria da. GAUR8rekin aritu da Afrikako feminismoak kontinentean eta hemen, Euskal Herrian, dituen erronkak azaltzeko.
Diasporatik, nola laguntzen duzue Afrikako emakumeek kontinentearen garapenean?
Afrikako emakumeok, diasporan bagaude ere, ez ditugu gure jatorriak ahazten. Orduan, behin hemen zaudela, diasporan, lan-sektorearen arabera, gu, aktibismoan gaudenak eta horrelakoak, jatorrian dauden organismoekin konektatzen saiatzen gara.
Lankidetzan aritzen diren erakunde batzuk ere badaude, haiekin hitz egiten saiatzen gara, haiekin konektatzeko saiakera egiten dugu, proiektuak proposatzen ditugu... gauza horiek. Familiei eta gure herriei laguntzeko ia hilero bidaltzen dugun diruaz gain, noski.
Nola dago artikulatuta mugimendu feminista Afrikan?
Orain neska gazteak oso aktiboak dira sareetan, eta sareen bidez mugimendu feministan eta berdintasunaren aldeko borrokan parte hartzen dute. Gu ere saiatzen gara jatorriko feministekin konektatuta egoten, haiekin lan egiten, lantzen diren feminismo motak ikusten. Mugimendu asko dago, agian ez Europan bezainbeste, baina aktibismo eta borroka asko dago.
Zein espaziotan eragiten dute mugimendu horiek?
Gobernuak legeak egin ditzake, baina Afrikan kultura da nagusi. Orduan, feministek hurbilketa hori lantzen dute eta konbentzitzen saiatzen dira, legeak egon badaudelako, baina gehien eragiten duena kultura da.
Herrixka batean bizi den pertsona bati ez zaio iristen administrazioak eta erakundeek hiri handietan egiten dutena. Orduan, herrietara joan behar da emakumeekin hitz egitera, haien beharrak ikustera, babesa ematera eta gauza horiek guztiak egitera.
Kultura aldakorra da, ez da estatikoa, baina ohitura kultural batzuk aldatzea oso zaila da. Mutilazio genitalari dagokionez, denbora asko daramagu borroka horrekin. Talka kultural hori egin beharrean, konbentzitzera joaten saiatzen gara.
Aldaketa bat egitea zerbaitengatik beste zerbait ematea da. Espazio askotan jorratu duten gaia da, neskari festa normala egin dakiokeela, baina mozketa egin beharrik gabe. Zeremonia da jendeak benetan gustuko duena, eta espazio hori kentzen saiatzen bazara, ez dituzu konbentzitzen. Aitzitik, praktika horren alde txarra ulertaraziz gero eta neskari kalterik egin gabe zeremonia nola egin daitekeen azaltzen badiezu, nolabaiteko onarpena egon daiteke. Konbikzioak eta hurbiltasunak gehiago funtzionatzen dute legea inposatzeak baino, arauak hainbat herritara heldu ere ez baitira egiten.
Euskal Herriak ongi hartzen al ditu Afrikako migratzaileak?
Administrazioari dagokionez, orain arte migrazioaren gaia ez da Eusko Jaurlaritzaren eskumena izan. Orduan, ahal izan duten moduan hartu dute migrazioa.
Gizarteari dagokionez, egoeraren eta pertsonaren araberakoa da. Ez dugu agresibitate handirik nabaritzen, eta ez afrikarrek bakarrik, migratutako jendeak, oro har. Egia da koloreak arreta ematen duela eta jende askori atzeraka ematen diola, ez da gauza bera ni emakume beltza naizela ikustea edo emakume hegoamerikar bat ikustea.
Egia da jendeak ezagutzen zaituenean konfiantza hartzen duela eta jada ez dizutela kolorea ikusten, baina, jakina, arrazakeriak jarraitzen du, ezezaguna dugun horri diogun beldurrak jarraitzen du eta hau hemen Euskal Herrian eta beste edonon gertatzen da.
Asko kostatzen da murrua haustea; izan ere, saiatzen bazara ere, askotan irteerako laukira bultzatzen zaituzte. Nahiz eta 40 urte daramatzazun hemen, nongoa zaren galdetzen jarraitzen dute.
Galdetzen didatenean, nik Bilbokoa naizela esaten diet, baina tematu egiten dira. Jakin nahi badute non jaio naizen eta hori, esan dezaket, baina nik aukeratuko dut nori bai eta nori ez. Eskubide eta eginbehar osoko herritarra izaten saiatu arren, gizartea oraindik ez dago ohituta euskal herritar beltzetara.
Afrikako emakumeak ordezkatuta sentitzen zarete Euskal Herriko mugimendu feministan?
Hemen, Euskal Herrian, mugimendu feminista indartsua da, baina oraindik feminista beltzei bertako feministekin esertzea eta oreka bat aurkitzea falta zaigu. Izan ere, Ez dugu gure parte hartzea mugimendu feministan apaingarri soila izaterik nahi.
Ez digu balio beltz bat egoteak, ez bada aintzat hartuko, ez dugu hori izan nahi. Besteak bezain parte izan nahi dugu, erabakiak besteekin hartu nahi ditugu, parte hartu nahi dugu, akordioak lortu nahi ditugu.
Zein baldintza bete behar dira hori gertatzeko?
Hurbildu izan garenean ez gara eroso sentitu, beraz, ez gara nahiko genukeen bezain aktiboak izaten ari mugimendu feministaren barnean. Horregatik hitz egin dut lehen feminista beltzak hemengo mugimendu feministarekin batera eseri beharraz.
Horrela, elkarrekin lan egin dezakegu, eta horrela bakarrik izan gaitezke indartsuagoak feminista gisa. Baina, hori gabe, manifestazioetara joaten jarraituko dugu matxismoak eragiten digulako, baina aktiboak izan gabe.
Nola sortu zen Afrika Eguna ekimena?
Ni partaide naizen elkartearen barruko ideia gisa sortu zen, afrikarren eta arbaso afrikarrak dituztenen elkarteak batzeko beharretik sortu zen, Afrikar Kontinentearen Nazioarteko Eguna gure komunitatea ikusarazteko baliatzeko.
Afrikak ekarpen handia egiten dio munduari, eta ez da horretaz ia hitzik egiten. Orduan, proiektu hori helburu horrekin sortu zen, batez ere, baita afrikarrak Euskal Herrian ikusarazteko xedearekin ere.
Zortzi edizio daramatzagu dagoeneko, eta askoz gehiago egotea espero dugu. Izan ere, afrikar gazte, afrikar ondorengo eta afrikar kontinentea maite duen edozein euskal herritar ongi etorria da. Proiektu komunitarioa da eta, beraz, gogoa duen edonor izan daiteke partaide eta aberastu dezake ekimena.
Gaur egun, maiatzaren 25aren inguruan ospatzen den jaialdia da, Afrikako kontinentearen nazioarteko eguna baita egun horretan. Bilboko Itsas Museoko zelaiguneetan modu jarraituagoan geratzea espero dugu, aurten bertan ospatu baitugu, eta toki paregabea iruditu zaigu.