
Duela 118 urte, 1907ko ekainaren 21ean, jaio zen Realeko aurrelari izandako Luis Iruretagoiena Aiestaran, Kiriki bezala ezaguna izan zen jokalaria. 1925etik 1933ra arte jokatu zuen talde horretan eta egiten zituen pasea eta erdiraketagatik bereizten zen.
Bere debuta Joko Olinpikoetan egin zuen, 1928koetan, Amsterdamen, futbol selekzio espainolarekin. Hala ere, Italiaren aurka jokatzen lesionatu zenez, bi partida baino ez zituen jokatu txapelketa horretan. Italiarekin berdinketa hausteko partiduan, Kirikik jokatu ezin izan zuen horretan, Espainiak 7-1 galdu zuen.
Urte horretan bertan sartu zen Reala Futbol Liga espainolean eta Kirikik 31 partida jokatu zituen erretiratu baino lehen, hauetan 18 gol sartu zituelarik. 1928an ere, Espainiako Koparen finalean jokatu zuen Realarekin, baina Futbol Club Barcelonaren aurka galdu zuten gipuzkoarrek. Hala ere, txapelduna aukeratzeko hiru partida jokatu behar izan zituzten. Bigarrenean, Santanderren, Kirikirena izan zen Realaren gola.
1928-29 eta 1929-30 denboraldietan maiz jokatu zuen Luis Iruretagoienak, baina hurrengo bi denboraldietan entrenatzaileak ez zuen erabili eta partida gutxi batzuk baino ez zituen jokatu erretiroa hartu zuen denboraldian, 1932 eta 1933 bitartekoan. Gaur egun Zarautzen bere izena daraman kale bat dago.