Gorka Zozaia
Kimikaria

Pinotxok sudurra luze eta garuna motz

Garunari aurrezten diogun ataza oro, garunaren garapenaren kalterako da.
Garunari aurrezten diogun ataza oro, garunaren garapenaren kalterako da. (GETTY IMAGES)

Ezaguna denez, Gepetoren zurezko haurrari sudurra luzatzen zitzaion gezurra esaterakoan, eta ez da hezur-mamizko haur bihurtuko isuri etiko hori gainditu arte. Jatorrizko bertsioan, antza, urkatu egiten dute zurezko izakia, bere gaiztakeriekin gogaituta. Egun, Gepeto, Open AIren ChatGPT Hizkuntza-Eredu Handia (HEH, ingelesez Large Lenguage Model, LLM dena) dugu, eta iduri du hezur-mamizko izakiak, haur eta heldu, denak zur bihurtzeko joera duela, garuna zurrunduz eta idortuz. Intuizioa ez dabil oker garunari aurrezten diogun ataza oro garunaren garapenaren kalterako dela iradokitzen digunean. Are, lerrootatik maiz ohartarazi dudanez, ahozko tradiziotik idatzizkora egin zeneko urratsaren pare jotzen dute askok teknologia berriekin dugun harremanaren jitoa. Intuiziotik frogetara, baina, bada tarte bat, eta poliki-poliki zientzia intuizioa berresten ari zaigu esparru honetan.

Duela hamar urte, doi-doi, irakurketa sakonerako gaitasuna murrizten ari zitzaigula neurtu zen, berarekin pentsamendu abstraktuaren galera korrelazionatzen zelarik. Hamar urte beranduago, garunari lana aurrezteko gailuak ikaragarri garatu eta zabaldu dira, eta gaur da eguna ez dakiguna “Maps”-a erabili gabe munduan zehar ibiltzen. Azken boladan, aipatu HEHak dira esparru anitzetan paradigma aldaketa bultzatzen ari direnak, besteak beste, hezkuntzan, idazlanak egiteko gaitasunarekin lotuta batik bat. Bada, kezka horren atzetik, AEBetako MITeko ikerlariek atariko ikerketa bat egin dute Gepetoren erabileraren ondorio kognitiboak neurtu eta aurrera begirako ikerketa lerroak proposatzeko. Behatu dutenez, ChatGPTren erabilerak narriadura kognitiboa eragin dezake, baita ikasteko gaitasunaren murrizte bat ere, erabiltzaileei isuridun azaleko perspektibak barneraraziz.

Ikerketan, parte-hartzaileak hiru taldetan banatu zituzten, eta idazlan bat egiteko eskatu; ChatGPT erabiliz, bilaketa motorrak erabiliz eta erremintarik gabe. Alde batetik, garuneko aktibitatea aztertuz, Gepetoren erabiltzaileek aktibazio neuronal baxuenak erakutsi zituzten, logikoa dirudienez, eta zailtasunak zituzten idatzi zutena gogoratu edo errekonozitzeko. Bestetik, hiru idazlan egin ostean, paperak aldatu eta laugarren idazlan bat eginarazi zieten, Gepeto erabiltzaileek, erremintarik gabe, besteek baino emaitza okerragoak lortu zituztelarik, azaleko idazkera sesgatu bat erakutsiz. Ikerketaren arabera, ChatGPTren erabilpen errepikatuak “zor kognitibo” bat eragiten du, luzera ikasketa errendimendua eta pentsamendu independentea kaltetzen dituena. Alegia, Gepetoren erabiltzaileek gaitasun kritikoa eta sormena galtzeko joera dutela, manipulaziorako zaurgarritasuna handituz. Alta, erremintarik gabe ibili zirenek, konektibitate neuronal handiagoa erakusteaz gain, satisfazio indize handiagoak erakutsi zituzten ataza egitean. Pinotxo, beraz, triste dabil, eta garuna moztu ahala, sudurra luzatzen ari zaio... Apika, Gepetorengandik askatu eta zuretik hezurmamitzerako bidea egiteko gai izango da! •