Ipar Euskal Herritik Euskal Herriari begiratzeko leiho bat pantaila forman
Euskara lehen aldiz telebista bidez Maite Barnetcheren (Bidarrai, 1941- Biarritz, 1986) irudiarekin batera zabaldu zen, «Euskal Herria orai eta gero» emankizunaren bidez, 1971n France 3 katean. Aurrez, bidarraitarra irratian ere aritua zen, eta euskal kulturaren familia albuma osatu zuen bere emankizunen bidez.

Bidegilea izan zen Maite Barnetche, gure herrian bidea ireki eta egin dutenetako bat. Leiho ere izan zen aldi berean, Euskal Herrira eta Euskal Herrian leiho bat zabaldu baitzuen. Euskara lehen aldiz telebistan bere bidez entzun zen, France 3 katean egiten zuen “Euskal Herria orai eta gero” emankizunaren bidez. Euskarazko telebista 1971n abiatu zen beraz Maite Barnetcheren eskutik, oraindik EITB sortu gabe zegoela. Eta aurrez, irrati bidez ere zabaldu zituen gure herriaren mintzoak.
«Bidarraitarra zen eta herri ttipi horretatik aterata, ofizioari esker bere herria, Euskal Herria, ezagutu du. Ofizioak lagundu dio Euskal Herria ezagutzen, bere herri propioa: arrantzaleen mundua, laborariak, kultura… Ohartu zen bere lanari esker berak euskaldunei euren kultura ekartzen ziela, eta partekatze eder bat zela. Garai hartan ez zen orain bezala ‘klik’ eta ukan; pantaila izan zen leiho bat zabaldu zuena», kontatzen du bere alaba Xantalek.
Bide propioa egiteko izandako nortasuna eta indarra goraipatzen ditu Xantalek amarengatik galdetuta: «Orain emazte gisa ikusten dudalarik, emazte gisa duen azkartasuna ikusten dut. 70eko hamarkadan, normalean, emazteek senarra segitzen zuten, baina ez zuen hori nahi nire amak, fermuki nortasuna bazuen eta nahi zuen bere bidea egin, ez senarrarena segitu. Hortik abiatu da bere hautua; hautu bat izan da, eta hortik batuz bidea segitu du».
Jo dezagun baina erroetara. Bidarraiko eskolan ikasi zuen; egunero eskolara oinez joaten zen, bi kilometro eta erdi egiten zituen egunero joateko, eta beste horrenbeste etxeratzeko. Ikastea gustatzen zitzaion, kolegiora joan nahi zuen berak, irakasleek ere ikasketetan ona zela esaten zioten, baina etxean ez zen dirurik horretarako. Uztaritzeko seroretara joateko aukera suertatu zitzaion, eta ikasten jarraitzea xede, ez zuen zalantzarik egin, horrela eskuratu zuen idazkaritza lanerako diploma.
Biarritzen egin zuen hurrengo geldialdia, Yves Bruno hegazkin berrien entseguak egiten zituen pilotuaren idazkari izan zen. Bruno hil ostean, pilotu berriarekin ez zebilen hain gustura, eta beste uhin batzuetara egin zuen jauzi: irratira.
IRRATIKO UHINAK
Iparraldeko biztanleentzat ez zen irratirik urte osoan. Aldiz, oporretara zetozen paristarrentzat eguneko emisioa bermatzeko, Radio Cote Basque Parisko irrati ofizialaren adarra udan hilabete eta erdiz emititzen hasi zen Biarritzeko kasinotik, lehen aldiz 1961ean.
Ez zuten euskaldunik bazenik gogoan hartu irratia sortzerakoan, baina emisioan bi hutsune zeuden, eta Pantxo Etxezaharreta Donibaneko irrati saltzaileak hutsune horiek euskaraz betetzeko proposamena egin zuen; Paristik onartu egin zuten, kosturik izango ez zuela adostuta. Kontatzen da arrakasta handia izan zutela programa horiek, eta Piarrez Larzabal, Telesforo Monzon, Roger Idiart edota Marie Jeanne Minaberriren laguntza izan zutela. Udatiarrak joaterakoan, ordea, euskarazko irratia ere joan egin zen.

Idazkari lanposturako deialdia egin zuten, Maitek izena eman eta berehala baiezkoa erantzun zioten, eta, idazteko makinaren ondoan mikrofonoa zuela probestuz, irratian ere hitz egiten hasi zen 1963an. Ordu laurdeneko saioa zuten euskaraz aritzeko, eta Maite, albistegietatik urrun, magazin bat egiten hasi zen asteartetan, gazteei zuzenduta.
Udako programazioaz gain, egunero bost minutuz euskarari leku egitea erdietsi zuten 1966an, eta ordu erdi batez igandeetan. Lan horretan ezagutu zuen Maitek Euskal Herria, baita euskal herritarrak ere. Astean zehar egun bakoitzak bere mintzalaria zuen, eta Maite ibili zen denen arduradun. Agindu argi bat zuten: euskarazko emankizunetan ezin zen aktualitatea landu, «mintza laborantzaz, mintza pilotaz , mintza kulturaz nahi zuten bezainbat, baina ez hunki aktualitatea». Burgoseko prozesuaren garaian, denak horretaz ari ziren hizketan. Maitek Baigurako nagusiari eta hemengoari galdetu zien ea hitz egin zezaketen horren inguruan, eta ezezko borobila jaso zuen, berri bera «frantsesez eta euskaraz emanda ez da gauza bera» argudiatuz; horretan ados zen Maite. Erabaki zuen hitzik ez erratea eta Xabier Leteren “Eta poeta, eta poeta” kantua jartzea.
TELEBISTARA JAUZIA
«Irratia eta telebista lotu ditu, ez zuen irratia utzi telebistako emankizunak hasi zituelarik», kontatu du Xantalek. Izan ere, 1971n abiatu zen euskarazko telebista, urriaren 4an France 3 katean, inoiz aditu gabeko hizkuntza bat entzun zen telebistan, Maite Barnetcheren “Euskal Herria orai eta gero” emankizunarekin. Mattin bertsolaria izan zen lehen gonbidatua. Kamerari begira kantatu zuen: «Telebistan ere hasi zaizkigu/ eskuaraz emankizunak/ lan hortarako etorri zaizkit/ gizon batzu jakintsunak/ izate hortaz poztu zaitezte/ adiskide ta lagunak/ bihotz erditik agurtzen ditut/ begira dauden euskaldunak!».
1970eko aurretxosten batean, euskarazko emankizunak kirolaz, euskal pilotaz eta euskal antzerkigintzaz ariko zirela iragarria zen, eta euskarazko emankizunak onartuak zirela, baina, «euskal gaiak», gutxiago. Muntaketa egitera ere Bordeleko estaziora joan behar izan zuen beti; bidean denbora asko galtzen bazuten ere, inoiz ez zuen lortu Maitek talde osoa Euskal Herrian izatea.
Hilabeteko lehen eta hirugarren larunbatetan ematen zen Maiteren programa, ordu laurdenez. Eta 80ko hamarkadan bigarren aldiz emititzea erabaki zuten, hilabeteko bigarren eta laugarren asteetako larunbatetan, kasu honetan azpitituluak frantsesez idatzirik.
Gai ezberdinak jorratu zituen. Hasiera batean ezagutzen zituen gaietatik hasi zen: Bidarraiko eliza erromanikoa, Izurako historia, kantari batzuk eta bertsolariak. Orotara 312 saio plazaratu ziren; 80 bat ordu daude grabazioetan; identifikatutako 350 elkarrizketatu -gehiago daude identifikatzeke- eta gutxienez 73 herri agertzen dira.

Material asko pilatzen zuen, eta lanak izaten zituen 15 minutuko emankizunetan sartzeko. Korsikarrak eta bretoiak ere, euskaldunak bezala, beren emankizun propioak egiten hasi ziren, eta beraiek sei edo zazpi kide izatera eta hilabetean ordu eta erdiko emankizuna izatera heldu ziren; ez zen, ordea, gauza bera gertatu euskaldunekin.
Euskal Herriaren garapenaren lekuko ere izan zen Barnetcheren emankizuna. Esaterako, 1983an Hazparneko zapata lantegien krisiaz egin zuen magazina, eta bertan ikusten da Hazparneren industrializazioa, nola sartu zen lana, baina, era berean, nola sartu ziren ondoren krisian. Ikastolak ere presente zeuden Maiteren emankizunetan, haien sorrerari buruzko saioa, edota irakasleen eta gurasoen baldintzak eta ametsak jasotzen zituztenak ere osatu zituen, baita haurren egunerokoa biltzen zuen erreportajeren bat ere.
Hamabost urtez izandako pastoral gehienak grabatu zituen, laburpenak ziren, baina Maiteren grabazioek erakusten dute nolakoak izan diren garai ezberdinetako pastoralak. Hor ere utzi du bere aztarna; euskal kulturaren familia album paregabea osatu zuen.
Kultur munduari asko erreparatu zion Maitek, bertsolarietan Mattin, Xalbador, Xanpun edota Etxahun Iruri elkarrizketatu zituen. Kultur munduko Imanol Larzabal, Txomin Heguy, Maite Idirin, Erramun Martikorena, Estitxu edo Piarres Larzabal ere bai.
Eta Txillardegi, Telesforo Monzon, Haritschelhar, Jean-Louis Davant eta Jojo Bordagarai pentsalariek ere erantzun zituzten Maiteren galderak. Baita kirol munduko Peio Dospital eta Panpi Ladutxek ere. Garaian euskal abertzaletasunaren aldarrien bozeramaile izan zen Daniel Landarterekin gai politikoen inguruan mintzatzeko aukera ere izan zuen. «Garai horretan ez ziren sekula entzuten komunikabideetan horrelako gauzak, baina Maitek lortzen zuen hori pasaraztea, bere talentua hori zen», kontatu du Kattalin Totorikak, emankizunen katalogazio lana egin duen kideak.
Elkarrizketetan oinarritzen zen sarritan bere emankizuna, eta horretarako «atzeko» lan asko egin behar izaten zuen. Xantal alabak gogoan du: «Harremanak hartzeko ez zen orain bezala, batzuetan ez zuen telefonorik eta etxez etxe joaten zen, etxalde batzuk mendian zeuden… Baina joan beharra zuen aurkezpenak egiteko, harremanetan sartzeko. Erraten da bazuela goxotasun bat, eta psikologoa zela pixka bat, jendearengana hurbiltzeko eta bihotza irekitzeko gaitasuna zuela». Ez zen lan xamurra, izan ere, bost pertsonako taldeak jo behar izaten baitzuen elkarrizketara, filmatzailea, soinu egilea, argiztapena… Hala ere, alabari kontatzen zion etxe bakoitzean elkarrizketatua eroso sentituko zen lekua bilatzen zuela, «zure lekuan jar zaitez» esaten omen zion parean zuenari, hala bilatzen zuen «bihotza irekitzeko lekua».
ARGIA IKUSI EZ ZUTENAK
«Zinez trabak izan dira, eta borrokatu da. Trabak izan dira lanari lotuta, politika mailan zentsura. Bordelen nehork ez zuen ulertzen euskara eta orduan bazen norbait itzulpenak egiten, zinez segur izateko gauzak ‘garbiak’ zirela», adierazi du Xantalek. Eta hala da, izan ere grabaketak Ipar Euskal Herrian egiten bazituzten ere, Bordelek ematen zuen azken hitza.
Inoiz emititu ez zen emankizun bat aintzira artifizial baten ingurukoa izan zen. Denak mintzarazi zituen Maitek: auzapezaren axuanta, eiherazaina, herritarrak... Ikuspegi guztiak bildu zituen, baina Bordelen ez zuten gustuko izan eta ez zuten emankizunaren muntaketa egin. Gainera, Maite zentsuragatik kexu agertu zenean, irmo erantzun zioten: «Ez zara zentsuratua! Ez duzu oraindik muntaketa egina!».

Ortziken kantaldiarekin ere izan zen gorabeherarik. Izugarrizko arrakasta izan zuen kantaldiak, bertan izan ziren Manex Pagola zein Pantxoa eta Peio. Bi emanaldi egin zituen Maitek, kantuak pasatuz lehena eta kantu egileak mintzaraziz bigarrena. Bordelen norbaitek kantuen itzulpena egiteko eskatu zuen, “Parisen eta Madrilen” zen kantuetako bat, eta Maite kanporatzekotan egon ziren. Gainera, bigarren emanaldian Roger Idiart eta Telesforo Monzon agertzen ziren, eta agindu zuzena iritsi zitzaien: «Horrelako gizonek ez dute deus egitekorik gure etxean».
Ez zen kantaldi gorabeheratsu bakarra izan, Errobi taldea izan zen bigarren protagonista. Dei bat jaso zuen Maitek: «Zer duzu emanaldi hori, Maite? Kantu bat ba omen duzu amaren armak hartu behar direla dioena. Kontuz Maite!». Orduan, Maitek bere hitzekin estali zuen kantuaren zati hori eta esaldi hori ez zen entzun; inor ez zen deusetaz ohartu, ezta abeslariak beraiek ere, antza.
Bestelako arrazoiengatik ere geratu zen emankizun polit bat argitaratu gabe, Mattin bertsolariarena. Mattin hil baino hamabost egun lehenago emanaldi bat grabatu zuen Maitek Arbonan bertsolariekin; Xanpun, Ezponda, Mixel Xalbador eta beste batzuk bildu ziren Mixel Itzainarekin, afaldu, eta ondoren, elkarrekin bertsotan egiteko. Mattin dialisiarekin eta gaizki zebilela bazekien Maitek, eta deitu egin zion ea pasatuko zen galdetuz, baietz erantzun zion. Orduan Mixel Itzainak argi esan zion Maiteri: «Behar duzu filmatu. Mintzarazi behar duzu, bere bizia kontarazi eta grabatu». Egoera horretan Maitek ez zion galderarik egin nahi, eta beraz, Itzainak egin zizkion galderak eta Maitek filmatu. Emanaldi hori ez zen sekula zabaldu, izan ere, agorrila zen, uda, eta sasoi horretan emanaldirik ez zenez, une egoki baterako gordetzea erabaki zuen. Egun egoki bati begira zegoela, bai Maite ere zendu egin zen.
Hasieran, euskarazko emankizunak politikarekin lotzen bazituzten ere, Maitek lortu zuen ikuspegi hori aldatu eta euskaraz ez zekitenek ere emankizun horiek ikustea. Bere azken emankizuna barkoxtarrek egin zuten pastoralaren ingurukoa izan zen, eta erietxeko gelatik kudeatu zuen.
ETXEAN AZTARNA
«Indarra bazuen zinez, nahiz eta goxoa izan, beti irriño bat ezpainetan, nortasun biziki azkarra zuen», gogoratzen du Xantalek. Eta une gorabeheratsuak egoteaz gain, une goxoak ere iltzatuta ditu: «Entzun dut ama erraten, ‘joan naiz herri hartara, familia horrengana filmatzera eta telebista erosi dute preseski nire emankizuna ikusi nahi zutelako. Ene emankizuna begiratzeko erosi dute telebista!’. Biziki hunkituta zen horrekin».
Beraien etxean ere bazen telebista, eta ama pantailaren bestaldean ikusten zuen astero Xantalek. Behin baino gehiagotan ere ikusten zituzten emanaldiak, izan ere, alabak gogoan du grabagailuak sortu zirelarik, «salgai izan ziren lehendabizikoetako bat» erosi zuela amak, «bere emankizun propioak grabatu eta etxean ere aztarna bat ukaiteko», zehaztu du.
Atzera begiratuta, Xantalek argi du berarentzat pertsonalki eta euskal jendartearentzat oro har bide bat ireki zuela amak: «Bidegile bat emazteentzat, niretzat emazte gisa eredu handia izan da, alaba naizelako ere bai, baina erakutsi dizkidan gauza asko ene bizian baliatu ditut eta oraindik laguntzen nau».

Maite Barnetcheren ustez euskarak ez zuen etorkizun oparorik izango irratirik eta telebistarik gabe, eta horregatik egin zituen eginahalak irratian zein telebistan euskaraz aritzeko. Telebistari dagokionez, euskal telebistaren adar bat Euskal Herrian bertan irekitzea garrantzitsua iruditzen zitzaion, baina, era berean, Frantziako irrati telebista publikoek ere zerbait egin behar zutela uste zuen. Ikasketek ere garrantzia zuten Barnetcherentzat, ikus-entzunezko ikasketak Euskal Herrian egitea eta euskaldunek hori ikastea zen bere nahietako bat. Bere ustez formakuntza beharrezkoa zen kazetari euskaldunak sortzeko: «Bestenaz beste nonbaitetik etorriko dira hemengo lana egitera eta hobe da gure berriak guhaurek ematea».
Eztabaida batek zeharkatu zuen Maite Barnetcheren ibilbide guztia: ea euskarak denari buruz mintzatzeko balio ote zuen. 1982an sortu zen Euskal Telebista, eta Martin Ibarbiak 300 saioetatik 160 erosi eta emititu zituen, “Iparraldetik” izenburupean. Barnetchek berak kolaborazio ugari egin zituen ETBrekin, nolabait Iparraldeko korrespontsala bihurtuz. 1992ko azaroan hasi zen “Iparraldearen orena”, Iparraldean finkatutako talde batek Iparraldearentzat egina, Barnetcheren ametsa zen hori.
EZ DAITEZEN GAL
2018az geroztik “Euskal Herri orai eta gero” emankizunak Euskal Kultur Erakundeak Uztaritzen duen egoitzan ikus daitezke, baita INA Frantziako Ikus-entzunezko Institutu Nazionalaren egoitzetan ere, Parisen, Okzitaniako Tolosan edota Bordelen, esaterako.
«Kasik hamar urteko borroka izan da hori», argitu du Xantalek: «INAren propietateak dira, eta Okzitaniako Tolosan zeuden, nik ez nuen begi onez ikusten Euskal Herrian ez egotea». Eta orduan, EKErekin batera urteetan zehar lan egin dute Euskal Herrian ere ikusgai egoteko. «INAren zuzendaritzan aldaketa bat egon zen, eta zuzendari berriaren ustez emankizun horiek altxor bat dira, esaten du ene amak etnologo lana egin zuela, eta egia da».
EKErekin hitzarmen bat sinatu zuten Uztaritzera ekartzeko film horiek, funts publikoek eskura jarri aitzin, katalogatze lan handia egin zen. Kattalin Tortorika eta Maider Bedaxagar aritu ziren programen fitxak sortzen, saio bakoitza testuinguru historiko eta etnologikoan kokatzeko. Uztaritzera joaten den orok, elkarrizketatu berriren bat identifikatzen badu, fitxa horietan jasotzen dute. Aipaturiko hitzarmena, ordea, hamar urterako izan zen izenpetua, eta Xantal bereziki kezkatzen du 2028an zer gertatuko den, hitzarmena eraberritzeko aukerarik izango ote duten.
Bidarraiko herriak ekitaldi bat antolatu du irailerako, eta Xantal alabak amaren haurtzaroko lagunak, garaiko euskal kultur munduko erreferenteak eta herritarrak elkartu nahi ditu ama gogoratu eta egindako bidea aitortzeko, «jende horiek guziak bildu nahi nituzke momentua orain delako». Maitek zabalduriko leihoak ere irekita jarraitzen du, Euskal Herria orain eta gero.


