Nerea Goti
Kazetaria

«Zirkomotrizitatea» lantzeko euskarazko lehen material didaktikoa sortu dute

Psikomotrizitate klasikoari zirkuak berezko dituen tresnak eman dizkio. Praktika horrek badu orain euskarazko lehen baliabide pedagogikoa. Ateneu Popular 9 Barrisek sortu du eta Euskal Zirku Elkartearen ekimenez euskaratu dute. Eraldaketa handi baten lehen urratsa izan nahi du.

Pikatza, Zirkomotrizitatearen Maleta Pedagogikoko materialarekin.
Pikatza, Zirkomotrizitatearen Maleta Pedagogikoko materialarekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Duela zazpi urte Bartzelonako Ateneu Popular 9 Barrisek, kultura kudeaketa komunitarioan aritzen den Kataluniako espazioak, Zirkomotrizitatearen lehen Maleta Pedagogikoa sortu zuen. Orain, Euskal Zirku Elkartearekin batera egindako elkarlanaren ondorioz, tresna pedagogiko hori euskaraz jarri dute eskuragarri, eskola komunitateari saioak eraldatzeko erreminta sorta berri bat eskaintzeko. Zirkuaren praktikarako euskarazko lehen baliabide pedagogiko gisa aurkeztuta, psikomotrizitatea eta zirkua ditu ardatz, iradokizun batekin: «Goazen akrobaziak, airekoak edota malabarak bezalako ariketak geletara eramatera eta praktikan jartzera».

Proiektuak sorreratik duen izaera komunitarioa mantendu du; material berri hori formatu digitalean sortu dute eta hezkuntza munduko profesionalei eskaini diete «nahi bezala jaitsi eta inprimatzeko». Material horretaz diote plazera, esperimentazioa, mugimenduen komunikazioa eta sormena nahasten dituen ekimena dela. Maleta pedagogiko horrek gelen munduan zabaltzen dituen aukerak azaldu dizkiote GAUR8ri baliabidearen euskal bultzatzaileek, eta diotenez, hasiera baino ez da hau, zirkuak askoz ibilbide luzeagoa izan baitezake geletan. Zirkuak izan ohi duen magiak erakarrita, eta maila fisikoan zein emozionalean zirkuak duen irismena kontuan hartuta, baliabide didaktiko berriak hezkuntza munduan izan dezakeen proiekzioak jakin-mina piztu digu.

Mikel Pikatza Euskal Zirku Elkarteko kidearekin egin dugu hitzordua zirku eskolan, Zirkodomoan, Barakaldon. Ondoko ikastetxeetako gazteen ahotsak itzaltzen dira kupula zuri handi horren ateak gurutzatuta. Barruan, zirkuak duen xarmarekin beste kolore bat hartzen du denak; zirkua bezalako arte eszeniko bat psikomotrizitateko eskola saioetan txertatzeak zabal ditzakeen aukera erraldoiak iradokitzen ditu espazioak. Hainbat koloretako oihal akrobatikoez inguratuta, trapezioa, koloreetako koltxoneta multzoa... eta bistan dauden maleta zahar batzuk dira, lehen begiratuan, eszenatokian dauden elementuetako batzuk.

Zirkodomoan eskainitako eskoletan erabiltzen dituzten tresnak dira, zirkuko elementu ezagunenak, baina zer da zirkomotrizitatea lantzeko maleta pedagogikoa? Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasleei zuzenduta dago, eta adin tarteari dagokionez, bereziki, 2 eta 7 urte bitarteko haurrekin lantzeko tresna dela diote adituek. Zirkua ikasle nagusiagoekin lantzeko aukera dago, noski; izan ere, adin guztietako lagunak hartzen dituzte zirku eskolek, baina lanketa eta materiala adinetara egokituta egon behar da.

Haur eta heldu zirku emanaldi batez gozatzen. Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES

«UMEAK PLAZERA BIZI BEHAR DU»

Gure hezkuntza sisteman, hasierako zikloetan presentzia handia dauka psikomotrizitatearen lanketak; «maleta pedagogiko honek proposatzen du zirkuaren zenbait praktika ariketa horietan txertatzea», laburbildu du Mikel Pikatzak. Proposamenak, gainera, landu beharreko marko teorikoa eta praktikoa jartzen ditu hezitzaileen eskuetan, «zirkua eskoletan sartzeko oso bide orri zehatza» eskainiz.

«Zirkuko prestakuntza edo ezagutza izan ala ez, maleta erreminta bat da saioetan zirkua sartzeko oso modu seguruan, lasaian... Eta psikomotrizitate klasikoari material berrien esperimentazioa eta horien bidez gorputzen eta emozioen lanketa sakonago eta dibertigarriago bat eskaintzeko, esango nuke», dio Pikatzak. Haurren garapenean eta gorputzaren bidezko komunikazioan psikomotrizitateak duen garrantzian jarri du azpimarra. Hamarkadak ditu psikomotrizitateak, eta hark eskaintzen dituen marko teoriko, akademiko eta zientifikoak. Ibilbide horren parean zirkuaren pedagogia ere nabarmen garatu da, eta eskaintzen dituen tresnak oso ondo txertatu ahal dira psikomotrizitatearen praktikan, aireko oihalekin, akrobaziekin, malabarekin... Psikomotrizitatea oinarri hartuta, eskola klasikoak koska bat aurrerago eramateko proposamena da, Euskal Zirku Elkartearen ustez. Zirkuaren elementuek eta diziplinek, jarduerak biderkatzeaz gain, arlo fisikoan, psikologian eta emozionalean duten eragina ere azpimarratu dute, baita alde sozialean ere, ikuspegi kolektibo batetik.

Psikomotrizitatearen garrantziaz galdetuta, bi urteko ume batek zer behar duen galdetuta, Pikatzaren iritziz, asmatu zuten umeen beharrak identifikatzen, zeren-eta zer behar du haur batek, bere garapenerako: errepikapenak, saio gidatu bat, orduak ematea eskolan jesarrita...? Adin horretako haur batek, gainera, ez du gorputz atalen kontzientzia, «ez du gorputza bere osotasunean ulertzen», gaineratu du. Horren ondoan, bada ahaztu ezin den beste alderdi bat: «Umeak behar du plazera bizi», eta plazer horren bitartez beste gauza asko gertatzen dira garapenean, esperimentazioa den jolas espontaneoaren bidez.

Zirkuak aukera sorta ederra zabaltzen du espazio horretan, eta ez edonola antolatuta. Pikatzak zehaztu du zirkua modu gidatuan eskaini ahal zaiela haurrei, edo espazio eta baliabide batzuk eskaini «eta ea zer gertatzen den ikusi». Maleta pedagogikoa eskuratu nahi duenak EAEko zirku eskolak koordinatzen dituen Euskal Zirku Elkartearekin jarri daiteke harremanetan, «laguntza eta argibideak» behar izatekotan.

Hezkuntza munduko profesionalez hitz egin dugu etengabe, eskola baita helburu nagusia, baina beste espazio batzuetan erabil daitekeela aipatu du Pikatzak. ‘Oztopo’ eta ‘arazo’ hitzek ez dute lekurik proiektuan; izan ere, halakorik izanez gero, haietara egokitzea da gakoa, eta horretaz luze hitz egin dezakete zirku eskolek.

Zirkodomoaren esperientzia adibide gisa hartuta, LHko eta DBHko gela egonkorrekin lan egiten duen proiektua da. «Hemen behar bereziak dituzten pertsonak sartzen dira, nerabeak, haurrak, nagusiak... eta oso gutxik nahi dute profesionalak izan, baina guztientzako lekua dago», aipatu du Barakaldoko zirku irakasleak.

Keko Salvador Txitatoki zirku eskolan aritzen da eta formatzaileen prestakuntzaren koordinazio pedagogikoa gidatzen du FEECSE erakundean (Zirku Sozio-hezitzaileko Eskolen Espainiako Federazioa). «Nik formakuntza egin nuenean, psikomotrizitatea ematen ziguten atal batean, eta zer zen azaldu ziguten egunean, zuzenean pentsatu nuen: ‘Zirkua hau da’», kontatu dio GAUR8ri. Ideia horretan sakonduz, gaineratu du zirkuak gaitasun kognitiboak, fisikoak eta mentalak lantzen dituela, eta harago doa, «are zailagora» baitoa. «Esan genezake pertsona maila berrietara eramaten duen erreminta bat dela», gaineratu du Salvadorrek. Hezitzaileen ikuspuntutik materialak planteatzen dituen proposamenak eta jarraibideak eta ezartzen dituen helburuak aipatu ditu adituak. «Irakasle askok galdetzen dizute: ’nola jartzen dut trapezioa?’, ‘zer egin dezaket trapezio batekin?’. Bada, ez duzu arrisku-salto bikoitza bat egingo, baina beste gauza asko lan daitezke ikasleen gaitasunen barruan», adierazi du Salvadorrek.

OSO ATZEAN, POLITIKA PUBLIKOETAN

Zirkua aspalditik da goi mailako arte irakaskuntzen parte. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian ez du izan inguruko beste lurralde batzuetan adinako garapena. «Adibidez, Kataluniako erakundeek zirkua txertatzeko politika publiko zehatz batzuk diseinatuta eta garatuta dituzte, pakete batzuk; gu, hemen, aldiz, lehenengo urratsak egiten ari gara oraindik». Dena dela, zirku eskolak lehenengo urrats horietatik kanpo ikusten dituzte.

Zirkuak EAEko erakundeen aldetik duen trataeran sakonduz, Lakuako Kultura Sailak urrats ausartak egin ditu, elkartearen iritziz, arte eszenikoari estatusa aitortzeko, baina gauzak ez dira horrenbeste aurreratu Hezkuntza Sailari dagokionez, eta zirkua oraindik hain akademizista den arloan espazio eraldatzaile asko sortzera deituta dago.

«Zirkua onartuta dago hezkuntza ofizialean. Hezkuntza Ministerioa mugitu egin da; orain Hezkuntza Sailak egin beharko ditu mugimenduak datozen urteetan», adierazi du Pikatzak. Eta azpimarratu du zirkua geletara eramatea «eraldaketa sakon bat ekarriko duen aldaketa txiki bat» izango dela. Bide horretan oinarriak jartzera gonbidatu du Begoña Pedrosak gidatzen duen saila, eta prozesu horren zati bat jada egina dagoela berretsi du. Zehaztu du, gainera, ez direla berriak Euskal Zirku Elkartearen eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailaren arteko harremanak.

Zirkua gure hezkuntza sistemaren parte gisa ikusten duten galdetuta, zehaztu du hori legean idatzita dagoela: «Eraldaketa ekarriko duen txertatze horretan, legeak teilatua artikulatu du, goi mailako ikasketak, baina agian hamar urte pasatu dira. Beraz, zirku elkarteak honako hau dio: jar dezagun oinarria. Hezkuntza Sailak ezagutzen du materiala, ezagutzen gaitu, urtero elkartzen gara, jada badauzkate erremintak, dekretuak eta abar... Ausardia politikoa behar dute zirkua sustatzeko, politika publiko integral bat diseinatzeko, non alde batean Kultura Saila egongo den eta beste aldean,, Hezkuntza Saila».

Ez da, gainera, ezer berririk. Europan aspalditik ezagutzen dira esperientzia ezberdinak; garai berriak norabide horretan doaz eta ezin da ahaztu Euskal Herriak baduela «benetako sare soziala, hezur-haragizkoa, milaka ikasle zirkua egiten erkidegoko 15 zirku eskoletan... Goazen zirkuaren aldeko politika publiko batzuk zehaztera».

 

Esploratzeke dagoen arlo preziatua

Zirkuak duen eragin “sendatzailea” dago zirku eskoletan aritzen diren ikasle askok arte eszeniko horren hautua egiteko arrazoien artean. Jarduera artistiko guztiek dute «alde terapeutiko moduko hori», eta faktore bat izan daiteke «lehen umeek bageneukala kanalizatzeko muin asko. Gaur egun zirku eskolak bihurtu gara espazio hori eskaintzeko leku sendo bat, kalean galdu dugun hori edo etxean galdu duguna ematen duena», aipatu du Mikel Pikatzak. Bere esanetan, haurrekin eta gazteekin egiten diren jarduera batzuen krisialdiak bete ditu zirku eskolak.

Keko Salvadorren ustez, zirkuak ibilbide luze bat izango du, seguruenik, osasun fisiko eta mentalaren ikuspegitik ere, «zirkua konfiantza hartzen eta norberak bere burua gainditzen laguntzen duen ariketa bat delako, eta ikuskera hori hedatzen ari da».