«Esperientziak esaten dit finala duela 25 urte baino leku bizigarriagoa eta gozoagoa dela»
Muxika, 1979. Finaleko zaharrena eta beteranoena, ez alferrik hamargarrenez jokatuko du Bizkaiko finala. 2018an txapela jantzi zuen. Talaia horretatik, txapelketa azalberritzen ikusi duenaren pozetik, txapeletik harago luzatzen du begirada muxikarrak.

Finalista hamargarrenez. Finala bazen helburua, ezta?
Txapelketa hau gogo aldetik beste batzuetan baino lasaiago hasi nuen. Ikusten nuen bizitzak ematen zidan denbora neukala, ez neukala nahi beste denbora txapelketari eskaintzeko. Ahal nuena egingo nuela eta gozatu egingo nuela erabaki nuen. Egia da lehen finalaurrekoa iritsi zenean, planetak ez zirela oso nire alde alineatu eta sufritu egin nuela.
Hortik aparte, finalerako gogoz nago. Finaleko zaharrena naiz eta esperientziak esaten dit finala duela 25 urte baino leku bizigarriagoa, gozoagoa eta dibertigarriagoa dela. Horren kontziente izanda, talaia horretatik kantatzea gustatuko litzaidake. Horrelako kantukide gazteak eta askotarikoak izatea duela urte bi opari bat izan zen eta nahiko nuke aurten ere opari hori sentitzea.
Pentsa, zu Mañukortarekin aritua zara txapelketan. Argazkia asko aldatu da.
Beste garai batzuk ziren, txapelketan beste jende batek parte hartzen zuen, baina, batez ere, beste gaitegi bat eta beste egiteko modu bat zeuden. Txapelketa habitatzeko modua aldatu egin da eta niretzat aldaketa hori ederra da. Orain taldean bizi dugu gehiago, denok irabazi nahi dugu, baina beste gauza batzuk ere ikusten dizkiogu txapelketari.
Zaharrena eta beteranoena, biak izango zara finalean.
Bai, hamargarren finala izango da niretzat. Euskaraz esaten da hamar asko dela eta hamaika eskandalua. Beste erabaki batzuk hartzen hasi beharko dut beharbada, baina momentuz hor nago eta disfrutatu egin nahiko nuke.
Txapel bat ere badaukazu. Zortzikotea eusteko ardura izango duzu agian.
Zaharrena, beteranoena eta txapela batekin. Horrek talaia bat ematen dit. Batzuetan nire burua lehiatik kanpo bezala ikusten dut, baina ez da egia, ni ere irabaztera noa. Baina egia da beste leku batetik abesten diodala txapelketari, lehiari bezainbeste garrantzia ematen diodalako egin dugun ibilbideari eta txapelketak izan dituen aldaketei.
Orain ama zara. Bizitzak ere jartzen du txapelketa bere tokian, ezta?
Bai, azkenean nik urte batzuk badaramatzat esaten txapelketa erlatibizatu egin behar dugula. Aurreko finaletan, ondoren Bilbon parrandara atera izan gara finalistak, eta, taberna askotan, gure ondoan egon den jende askok ez du jakin nondik gatozen. Gure mundu txikiaren dimentsioa erlatibizatu egin behar da.
Ni orain ama izan naiz. Beste batzuek gurasoen zaintza izango dute agian. Bizitzak erdigunean jartzen dizkizunean gauza potoloak, denbora asko hartzen dutenak eta garrantzitsuak direnak, konturatzen zara azkenean txapelketak benetan zein leku daukan zure bizitzan. Era berean, txapelketa da bertsolaritza izan behar den horretatik guztitik zati txiki bat. Zati hori garrantzitsua da, baina zati bat bakarrik da.
Bertsolaritza den osotasun horrek, zein pisu dauka zuretzat?
Bertsolaritza nire bizitzaren zentroetako bat da. Gauza asko egin ditut bizitzan, baina bertsolari beti izan naiz eta horrek asko definitzen nau eta asko eraiki nau pertsona bezala. Ez da bizitzan zentroan daukadan gauza bakarra, baina bertsolaritza nahiko zentroan daukat.
Gainera, txapelketa leku biziagarriagoa iruditzen zaidan moduan, bertso plaza nik bizi izan dudan unerik interesgarrienean dagoela uste dut eta ez dut hori galdu nahi.
Zergatik da interesgarria?
Gu bertsotan hasi ginenean belaunaldi aldaketa bat gertatu zen eta emakume batzuk sartu ginen. Aparte, bertsotan beste modu batera egiten zuten gizon gazteak ere sartu ziren. Bertsoa diskurtsoz kaletartu egin zen, gaitegia aldatu egin zen, eta, emakumeak, eskaintzen zitzaigun toki horretara moldatzetik, gure diskurtsoak eraikitzera pasatu gara. Hor egon ginen emakume talde batek bertsolaritza dagoen tokira ekarri genuen eta orain uste dut beste batzuk ari direla transfeminismotik beste toki batzuetara eramaten. Disidentzia dago, diskurtso oso anitzak, txapelketarik gabe bertsolaritza konplexu gabe bizitzeko moduak daude... Hori dena oso interesgarria dela iruditzen zait eta hori bizi nahi dut.

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

Gatza duen mendia

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

