GAUR8

Abian da Ametzagako Kontzeju Etxea eraberritzeko proiektua

Ametzagako Kontzeju Etxea eraberritzeko lanen lizitazioa egin du Asparrenako Udalak. Premia handiko esku hartzea dela azaldu dute, eraikinaren egitura kaltetu dezaketen ur filtrazioak baitaude. 

Premiazko esku hartzea jarri dute abian Ametzagan, Kontzeju Etxearen egitura babesteko.
Premiazko esku hartzea jarri dute abian Ametzagan, Kontzeju Etxearen egitura babesteko. (Arabako Foru Aldundia)

Asparrenako Administrazio Batzarrak Ametzagako Kontzeju Etxea eraberritzeko obrak egiteko kontratua lizitatu du. Eraikinaren goikaldeko inguratzailean esku hartuko dute lanek eta egun dituen ur filtrazioek eragina izan baitezakete eraikinaren «hormigoi armatuzko forjatuaren egiturazko egonkortasunean».

Kontratuaren aurrekontua (BEZa barne) 199.819,61 eurokoa da, sei hilabeteko epea du gauzatzeko, eta eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak aurkezteko azken eguna irailaren 18a da.

Administrazio Batzarrak azaldu du duela gutxi, estalkia plastikozko panelez indartu zela, ura biltzeko perimetro-kanalez osatutako sistema batekin. Hala ere, sistema hori ez da egokia izan; izan ere, gaur egun, «patologia ugari» ikusten dira forjatuaren bidez sarzten den uraren ondorioz.

Horregatik, «presaz esku hartzeko» deia egin du, aipatutako ur filtrazioek egiturazko egonkortasunari eragin ez diezaioten. Arazoaren harira, eraikinaren goiko inguratzailean esku hartzea «lehentasunezkotzat» jo du Udalak haren mantentze egokirako.

Lanen premiari buruzko txostenak dioenez, lanak egiteko 96.429,69 euroko dirulaguntza dago, Arabako Foru Aldundiaren ‘Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren’ kontura; Asparrenako Udalaren 20.000 euroko laguntza, eta erakundeak berak jarriko dituen 97.473,12 euro.