
Begoña Errazti Esnal Barakaldon jaio zen 1957ko abuztuaren 22an, baina Iruñean bizi izan da gaztetatik. Geografia eta historian lizentziaduna, horrez gainera, enpresa kudeaketan master bat egina du eta historia eta euskarako irakaskuntzan aritu da.
Arga-Ibaia eskola tailerreko zuzendari izan zen, ibaien tratamenduan gazteak trebatzeko Europar Batasuneko proiektua. Deustuko Unibertsitatean ere euskara irakasle izan zen, baita Nafarroako ikastolen elkarteko kudeatzailea ere.
1995-1999 eta 1999-2003 legealdietan Eusko Alkartasunaren talde parlamentarioaren bozeramailea izan zen Nafarroako Parlamentuan. 1999ko abenduan, Carlos Garaikotxearen ordezko izendatu zuten Eusko Alkartasunaren lehendakari legez.
Hurrengo zortzi urteetan, politika egiten, bere estilo propioa erakutsi zuen. «Eusko Alkartasuna oso alderdi presidentzialista da, eta Begoña Errazti oso presidente izan zen Exekutiba Nazionaleko buru izan den zortzi urteetan. 1999ko azaroaren 21ean, Begoña Erraztik oso enpresa zaila hartu zuen bere gain, Carlos Garaikoetxea ordezkatu zuen. Horrek erakusten du bere izaera indartsua», idatzi zuen Iñaki Iriondok GARAn.
Unai Ziarretak hartu zuen Erraztiren lekukoa. Erraztik politika utzi zuen, baina azken urteetan EAJ alderdiaren ekitaldi batzuetan ikusi ahal izan dugu.