Arrastoa utzi

Abuztuak badaki suzkoa izaten. Sutsua izaten ere bai, beharbada. Su artifizialak zeruan eta artifizialak ez direnak Zarrakaztelun. Sua termometroetan. Eta ilunabarrean, lotsati, miniaturazko kriseiluak zelaietan, ipurtargiak elkarri deika, elkar limurtu nahian. Elkarren konpainiaren bila hasi eta auto azpian bukatzen dute batzuek, farolaren batek liluratuta ere bai bakarren batek. Abuztuak bai baitaki sutsua izaten. Eta suzko gauek plastikozko goizak izaten dituzte ordain; edalontzi, botila, txupito baso, katxi eta abarrak hiriguneetako espaloietan barreiatuta, lohi, alkohol eta txirbilezko ore batek bildutako gauak oinpean, estolda-zuloek irensteko ere trinkoegi, solidoegi bilakatutako ur zikinak. Eta kale-garbitzaileak ipurtargi-kolorez, erratzak hartu eta eragin eta eragin, sudur-zuloak jai-oste mikatzen kiratsera ohitu ezinda, eman eta eman, bezperako arrastoak biharamunak ez baititu berez irensten.
Zaborra poltsetara, poltsak kamioietara eta kamioiak zabortegi, errauskailu edo dena delakoetara. Zaborrak desagertu egiten dira festazaleen ajeak iratzarri aurretik. Bizimodu modernoaren gauzak; zaborrak ikusezina izan behar du zabor izango bada.
Gure amonak kontatua da, gerraostean nola ibiltzen ziren zabor artean aztarka, jaki edo altzari bila. Etxeko soberakinek gizentzen zituzten zerriak, eta ume koskortuek saretutako arropek janzten zituzten gazteenak. Ekonomia zirkularra deitzen diogu orain.
Baina zaborrak, batzuetan, hitz ederrei gain hartu eta okupatu behar ez dituen bazterrak okupatzen dizkigu. Eskolan esan ziguten bazela ozono geruza deitutako zerbait, kutsadurak jana. Eta begira eta begira hasi arren, guk zeruari zulorik ikusten ez. Tarteka lainoak ez direnak azaltzen zaizkigu zeruertzean ordea.
Plastikozko uharteak omen dabiltza ozeanoetan galduta. Ekaitz-osteetan itsasertzean pilatzen dira ibaiek irentsitako soberakinak, udako area finaren gainean, lekuz kanpo beti zaborrak. Hustu orduko betetzen zaizkigu zabor poltsak etxeetan eta galdezka aritzen gara, ea noiz ekarri ote genituen hainbeste hondakin gurera. Eta kalkulatzeari ekingo diogu, zenbat kilo astean, zenbat hilabetean, urtean zenbat. Zenbateko karbono, plastiko eta hondakin aztarna uzten ote duen gutako bakoitzak. Zenbat bizitza behar ote diren gutako bakoitzarenari eusteko. Eta eragiketek eragiterako beste norabait egiten digu ihes gure garun asaldatuak. Sutsuak baitira abuztuak ere.
Gauden lekuan arrastoa utzi. Horretantxe ikasi genuen. Karbono arrastoa, arrasto fisikoa, arrasto emozionala. Arrastoa inguruan eta arrastoa ingurukoengan. Eta ipurtargi bat ikusi dut pareko zelaian, belar artean, bere argi prekarioarekin abuztuko ilunabar sutua noiz itzaliko zain. •